Practicum honetan zehar buelta asko eman dizkiot haurren jokabidearen gaiari eta irakasle bezala izan nahi nukeen heziketa-estiloari.
Lehenengo asteetan, gelako haurrek kasurik egiten ez zidatela eta kezkatuta nenbilen, batez ere nire burua haiek mehatxatzen eta zigortzen (zigor txikiak, baina zigorrak, azken batean) ikusi nuenean. Oso gogorra da norberaren ahotik esan nahi ez dituen gauzak ateratzen direla entzutea, egiteko beste modu batzuk burura etorri ez zaizkizulako.
Kezka horiekin joan nintzen graduko lehen mailan Hezkuntzaren Psikologiako gure irakaslea izan zenarengana, eta harekin izan nintzen solasean ordu pare batez. Berak emandako aholkuak aplikatu ditut, eta eskolan ere jaso ditut hainbat irizpide eta informazio-iturri. Orain, guztiak hemen laburbiltzen saiatuko naiz.
Ezer baino lehen, oso argi eduki behar da zein den norberaren helburua; zer lortu nahi dut? Horrekin batera, argi eduki norberaren gelan zer toleratuko den, eta zer ez; hau da, zeintzuk diren norberaren arauak.
Hasteko, oso garrantzitsua da behaketa sistematikoa eta zehatza egitea: zenbat eta nortzuk dira jokabide egokia duten haurrak? nortzuk dira jokabide desegokia dutenak? zergatik dute portaera desegokia?
Bestetik, oso garrantzitsua da autokontrola, norberaren emozio eta pentsamenduen kontzientzia eta kudeaketa. Horretan lagungarri izan daiteke semaforoaren estrategia: denbora tarte bat hartu egoera aztertu eta erabakitzeko egoera aurrera egiteko modukoa den (semaforo berdea), pentsatzeko denbora hartu behar den (semaforo horia), edo geratzeko beharra dagoen (semaforo gorria).
Halaber, norberaren buruari helburu zehatz eta neurrikoak jarri behar zaizkio epe motzera: zein da nire helburua gaurko? Batzuetan, talde osoarentzat helburu bat finkatu beharrean, haur zehatz batekiko edo gutxi batzuentzat plantea daiteke. Helburua erabaki ondoren, jarraituko den estrategia erabaki behar da, eta horri eutsi, amore eman gabe.
Asko laguntzen du helburuak eta arauak esplizitatzeak, berbalizatzeak. Maiz arauak ezaguntzat jotzen ditugu, baina haurrek ez dute araua zehazki betetzen, eta ez da posible ulertu ez dena betetzea. Arauak argi azaldu behar dira, eta haurren laguntza eskatu behar da horiek betetzeko. Helburuak haurrekin partekatzea ere oso lagungarria da, eta partekatu ondoren konfiantza eman behar zaio haurrari, helburua lor dezakeela badakigula esanez. Eta, berriz ere, helburu argiak.
Arauak eta helburuak positiboan proposatu behar dira ("isilik egon" esan beharrean, "adi egon" edo "entzun"; "korrikarik ez" esan beharrean "oinez poliki"). Hau da, haurrari zer egin behar duen azaldu behar zaio, eta ez zer ez duen egin behar.
Portaera egokiak saritu behar dira, horiei eman behar zaie arreta, eta maiz kontrakoa egiten dugu. Portaera desegokiei, aldiz, atentziorik ez diegu eskaini behar (arriskutsuak ez badira, behintzat). Horrela, talde osoari portaera egokien eredua eskainiko diogu, eta portaera desegokiak ez ditugu errefortzatuko.
Koherentzia eta konstantzia oso garrantzitsuak dira, eta horregatik da hain garrantzitsua helburuak argi edukitzea. Eta, azkenik, portaerako gaiak lantzeari lehentasuna ematen bazaio, horrekin koherentea izan behar da ere. Hau da, ez du balio portaera lantzeko helburuak norberaren buruari jarri eta ordutegiaren arabera arduradunak bere lanak bukatuta eduki beharko zituen garaia iritsi dela ikusita, portaeraren gaiak alde batera utzi eta "turboa" sartuta, nola edo hala lanak bukatzea. Erabaki beharra dago zeri emango zaion lehentasuna, eta portaerako gaiei ematen bazaie, edukiak bigarren mailan utzi beharko dira, eta hori ez da erraza suertatzen.
Haurren jokabidea aldatzeko edo kudeatzeko informazio-iturriei dagokienean, practicumean zehar eskolan tutoreek izan dituzten bileretan Berritzegunean gomendatuko liburu bat aztertu zen, Stephen Garber, Marianne Garber eta Robyn Spizmanen "Portarse bien. Soluciones prácticas para los problemas comunes de la infancia". Liburutegitik hartu dut, baina oraindik ez dut aukerarik izan irakurtzeko. Bestetik, aholkulariak prestatutako bilduma bat fotokopiatu dut, bost urteko bi geletako tutoreei eman ziena, portaera arazoak dituzten haurrak daudelako bi geletan. Bilduma horretako material asko Jesús Jarque García izeneko pedagogo eta psikologoak duen blogetik aterata daude. Egia esan, oso interesgarriak iruditu zaizkit, zehatzak eta praktikoak direlako. Iruditzen zait aipatutako liburuak eta Jesús Jarqueren materialak nahiko antzekoak direla; portaera zehatz batzuen aurrean zehazki zer egin argi azaltzen dutela, alegia. Azken asteetan aurkitu dudan beste informazio iturri interesgarri bat "Buenos tratos" deritzon bloga da; berez atxikimenduko arazoak dituzten haurren ingurukoa dena, bereziki adoptatutako haurrei buruzkoa, baina bertan bildutako gai asko eta asko edozein haurri aplikatzeko modukoak iruditzen zaizkit. Kasu honetan ere, modu ulerterrazean azaltzen dira kontzeptuak, baina oinarri tekniko sendo batetik abiatuta. Adibidez, oso zentzuzkoa iruditu zait zigorraren inguruan proposatzen duena.
Practicumean zehar estrategia batzuekin probak egin ditut, eta iruditu zait emaitza onak eman ditzaketela. Bestetik, egia da gelako haurrak kasu gehiago egiten joan direla asteak pasa ahala; hortaz, eboluzioa positiboa izan da. Bereziki interesgarria iruditu zait haur zehatz bati goiz horretarako helburu zehatz bat jartzea eta berari "jarraipen berezia" egingo diodala esatea; haurrek oso ondo erantzun dute horrelako proposamena egindakoan, eta beste haur batzuk ere nahi zuten nirekin "sekretutxoa" izan. Konplizitatea lantzeko aukera eman dit ere, eta aurrerantzean erabiltzeko modukoa iruditu zait.
Bost urteko haurrak direnez, batzuetan arauen zergatia azaldu diet ere, eta iruditu zait horrek lagundu duela nirekiko errespetu giroa sortzen edo. Hau da, nire sentsazioa da haurrek uste dutela "zentzuduna" naizela, eta maiz iruditu zait arau baten zergatia azaldu ondoren hura betetzeko joera areagotu dela haiengan. Badakit Haur Hezkuntzako etapako haurrekin ekintza askoz ere gomendagarriagoa dela azalpena baino, baina iruditu zait bost urterekin gai direla hainbat arauren inguruan azalpenak ulertzeko, eta horien inguruan eztabaidatzeko ere, batez ere araua ez betetzeak ekar ditzakeen ondorio negatiboen inguruan (adibidez, pasabideak korrika joatearen ondorioz irrist egin eta min hartzea, eta horrelakoak).
Badakit aurrerantzean gehiago sakondu nahiko dudala gaiaren inguruan, baina behintzat pozik geratu naiz barruan kezka sortu eta hura arintzeko ahaleginak egin ditudalako, eta gustukoa ez nuen bide batean nire burua ikustean beste zerbait egiten saiatu naizelako. Gai hauei buruz gogoeta egiteak nire buruari buruz ikasteko beta eman dit ere, eta adibidez konturatu naiz ez naizela batere pertsona aproposa zigorra erabiltzeko, zeren eta erabili dudan batzuetan aplikatzea ahaztu zait. Adibidez, egun batean haur bat biribilean geundenean "gaizki portatu" zenez txokoetara joan aurretik minutu batzuez bertan eserita egon behar zuela esan nion, eta eskerrak bera gogoratu zen, zeren eta nik txokoetara joaterako ahaztuta nuen! Suposatzen dut ahazte horren atzean arrazoiren bat izango dela; agian benetan ez zitzaidan iruditu zigortzeko moduko zerbait, edo zigor hori ez zitzaidan batere eraginkorra iruditu, edo zigorrak ez ditut gustuko, edo guztia batera ... Baina gauza da oso inportantea dela irakasle bezala nola jardungo zaren aldez aurretik ondo pentsatzea, horretan inprobisatzeak normalean emaitza nahiko kaskarrak eman ohi dituelako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina