2014/04/06

Liburuaren astea, estutasunak eta datorren asteko planak

Pasa den aste honetan liburuaren astea ospatu dugu eskolan. Egunero tutoreak gelaz aldatu dira ipuin bat kontatzeko, egunaren hasieran. Horrez gain, ipuin kontalari bat etorri da goiz batean (tamalez, ni eskolara joan ez naizen egunean), eta eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasle batzuk etorri dira hainbat jarduera burutzera: gelaz-gela bikoteka ipuinak kontatu, Andersenen printzesa eta ilarraren ipuina kamishibai teknikaren bitartez kontatu eta "Nola dastatu ilargia?" ipuina txotxongiloen bidez antzeztu. Gurasoak ere gonbidatzen dira gelara ipuin bat kontatzera etortzeko, baina gurera ez da inor animatu.

Atentzioa eman dit irakasleek orokorrean ez dutela oso gustuko gurasoak eskolara sartzea. Horren bi adibide ikusi ditut aste honetan. Alde batetik, astelehenean bost urteko beste gelako haur baten urtebetetzea zen, eta bere amak argazki bat atera nahi izan zion gelan lagunekin (hori iruditu zitzaidan ulertu nuela, ni gure gelaren barruan bainengoen); tutorea gero etorri zitzaigun kontatzera, arratsaldean kanpoan atera zezala erantzun ziola kontatzera, "guraso hauek, zer pentsatzen dute?" tonuarekin (niri behintzat hori iruditu zitzaidan). Beste adibidea hiru urteko gelako irakasle batek ekarri zuen, liburuaren astean ipuina irakurtzera gurasorik etorriko ez zela espero zuela komentatu zigunean; antzaz, aurreko urtean bat etorri zitzaion adin horretako haurrentzat batere aproposa ez zen ipuin batekin, orduan beste irakasle batek esan zion agian berak lagundu beharko ziela gurasoei ipuinak ondo aukeratzen, eta lehenengoak erantzun zuen horretarako nahiago zuela ez etortzea, lan gutxiago emango ziotelako. Ez ote zion kezkarik eragin bere haurrarentzat ipuin aproposak aukeratzeko gaitasunik gabeko gurasoa ikustea? Erraza da, bada, gurasoei aholkua ematea gai horretan; Bularretik Mintzora egitasmoaren webgunea edo materialak, nahiz egitasmoaren atzean dagoen Galtzagorri Elkartearenak haien eskura jartzea besterik ez da behar eta. Ez dut ulertzen irakasleek gurasoekiko duten ezinikusia; agian oraindik irakasle ez naizelako da. Gurasoen inplikazio faltaz kexu dira, baina ez diete parte hartzen uzten; ez behintzat nola parte hartu aukeratzen uzten, aste jakin batean ipuin bat kontatzera etortzeko ateak irekitzea nire ustez ez baita parte-hartzeko jarduera bat. Baina, tira, parte-hartzeari dagokionean ni nahiko zorrotza naiz; aurretik ere hemen argi utzi dut.

Orokorrean, nire tutoreak liburuaren astearen inguruan duen iritzia ez da oso baikorra. Jarduera asko denbora motzegian egiten direla iruditzen zaio, eta haurrak pixka bat saturatuta bukatzen dutela horrenbeste ipuinekin. Niri ez zait horrelakorik iruditu, eskolara joan naizen egunetan behintzat; haurrek pozik entzun dituzte ipuinak eta oso gustukoak izan dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek prestatutako jarduerak. Egunero ipuin bat kontatzearen aldeko naiz eta, hortaz, ipuinaren astea ikasturte osora zabalduko nuke nik, dudarik gabe.

Hori guztiaz gain, astean zehar hasi gara estutasuna nabaritzen, datorren astea oporren aurretik azkena delako. Haurren karpetak etxera eraman behar dituzte hiruhilekoko lan guztiekin, eta hortxe gabiltza, gauzak prestatzen. Ondorioz, ez da aste ona izan nik jarduerak proposatzeko, eta datorren astea ere ez dut uste horretarako aproposa izango denik. Plastikako jarduera bat dut, materiala duela hilabete edo prestatuta, eta ez dut momentu egokirik ikusi hura gelara eramateko oraindik. Egia da nik practicuma lanaldi erdian egiten dudalako oraindik denbora geratzen zaidala, baina konturatu naiz unibertsitatetik jarri diguten lana, unitate didaktiko bat burutzea, alegia, ez dela errealista.

Aste honetan musikako jardueretako bat martxan jarri ahal izan dut, eta hemendik aurrera landu nahi nahi ditudan besteak martxan jartzen saiatuko naiz. Horixe, bada, asterako nire helburua. Hori, eta ia eguneroko ipuinari berriro heltzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina