2014/04/06

Musika: erritmoa lantzeko jarduerak

Joan den aste bukaeran musikaren inguruan gelan proposatu nahi ditudan jarduerak prestatzen ibili nintzen. Astean zehar eskolako tutorearekin aztertu ditut, eta hari ondo iruditu zaizkionez, bat martxan jarri dugu jada. Orain unibertsitateko musikako irakaslearekin, practicumeko nire tutorea dena, komentatuko ditut, eta ea practicumaren azken txanpan nola ateratzen diren.

Jardueren proposamena gelako denboraren antolaketari egokituta pentsatu dut, ohiko martxan aldaketa nabarmenik eragin gabe burutzeko modukoak izan daitezen. Lau jarduera dira, eta bati lotutako bi ariketa txiki, denak musikako ikasgaiaren materialetik ateratakoak; batzuk unibertsitatean landu ditugu zuzenean, eta beste batzuk ez. Guztien helburu orokorra erritmoa lantzea da, bereziki soinua eta mugimenduaren arteko koordinazioaren bitartez, hau da, musikaren erritmoa gorputzaren mugimenduen bitartez bizitzea. Horrekin batera, ahotsa hezteko, entzumena zorrozteko, gorputz adierazpena lantzeko, gorputzarekin soinua egiteko, taldeko proiektu batean aritzeko eta euskal folklorearen ezagutza zabaltzeko aukera eskainiko dute. Gainera, jardueretako batek motrizitate fina lantzeko helburua izango du ere, eta beste bi jarduera oso aproposak izango dira musika-esaldiak identifikatzeko, esaldiekin batera gorputz-mugimenduak aldatuko direlako. Azken batean, jarduerek haurrek musika alaitasunez bizi dezatela bilatuko dute.

Metodologiari dagokionez, jarduera guztiek abesti bat izango dute ardatz. Abestia eta mugimenduak ikasteko oihartzunean landuko ditugu. Mugimenduek zailtasun apur bat duten kasuetan, lehendabizi musikarik gabe landuko dira, oihartzunean, haurrek barneratu ahal izan ditzaten; eta ondoren abestiarekin batera, oihartzunean berriro ere. Mugimenduek zailtasunik ez duten kasuetan abestia oihartzunean ikasten den bitartean egingo dira.

Eskolan musikako eta dantzako espezialistak daudenez, eta gelako haur gehienek eskolaz kanpo eguerdian eskaintzen diren musikako jarduerak burutzen dituztenez, haurrak oso ohituak daude oihartzunean lan egiten. Hala ere, practicumean zehar oihartzunean lan egiteko aukera eman duten ariketa motzak burutu ditugu, bai eskolako tutoreak lantzen ari diren proiektuari (espazioa eta planetak) lotutako olerki eta errima motzak landuz, baita nik eramandako "Axa mixa zilarra" liburutik ateratako hitz-jokoak erabilita. Ariketa horiek haurrak talde handian zeudela burutu dira, beti eskema bera aplikatuta: oihartzunean haur bakoitzak olerkiaren lehen bertso-lerroa errepikatu du, gero bigarrena, hirugarrena, laugarrena... Bertso-lerro bakoitza banaka landu ondoren, ahapaldia errepikatu du haur bakoitzak oihartzunean, hau da, bertso-lerro batzuk, eta gero beste ahapaldi bat. Azkenik, olerki osoa oihartzunean errepikatu dute haurrek, normalean talde osoak batera. Landu nahi den olerkiaren luzeraren arabera moldatu behar da oihartzunean nola landuko den, astunegia suerta ez dadin. Azaldu dena prozedura egokia da lau bertso-lerro dituen olerkitxo baterako, baina luzeagoa bada, ezingo da bertso-lerro bakoitza banaka errepikatu haur bakoitzarekin, eta orduan aproposa izan daiteke taldearen erdiak ahapaldi bat errepikatzea, eta besteak beste bat, edo antzeko banaketaren bat egitea. Olerkiaren hiztegiaren zailtasunaren arabera ere beharrezkoa izango da oihartzunean egindako lana arinagoa edo zehatzagoa egitea.

1. "Kanika txiki bat dabil" abestiari lotutako jarduera
Abestia oihartzunean landuko da, ahotsa soilik erabilita. Abestia kantatzen den bitartean haurrak biribilean jarriko dira, eta bat erdian geratuko da kanika bat eskuetan duela. Abestiarekin batera eskuz esku joango da, kanika lagunen eskuen artean sartzeko plantak egiten. Horietako baten eskuetan utziko du disimuluz, besteak kontura ez daitezen. Abestia bukatzen denean parean duenari galdetuko dio ea kanika nork duen. Asmatzen badu, berak hartuko du kanika eta jolasa berriro hasiko da, eta asmatzen ez badu asmatu arte jarraituko du besteei galdetzen.

Gorputz mugimenduaren aldetik zailtasunik ez duen jarduera denez, abestia ikasten den bitartean egin daitezke mugimenduak. Abestia oihartzunean lantzeko, lehendabizi kanikarik gabe egingo da behin, irakasleak eskuen mugimendua azentuarekin batera eginez. Hortik aurrera, abestia mugimenduarekin batera landuko da.

Jolas aproposa da minutu gutxi batzuk soberan daudenerako, edo taldea biribilean eserita lagunen baten zain dagoenerako.

Jarduera honen barruan beste bi ariketa burutuko dira, motrizitate fina lantzeko helburuarekin, kanika eskutik eskura disimuluz eraman eta batean uzteak honelako trebetasuna eskatzen baitu:

a) Orria zimurtzea
Biribilean eserita, haur bakoitzak parean orri bat jarriko du lurrean (orri arrunta izan daiteke, edo zetazko paperezkoa), eta musika entzuten duen bitartean esku bakarrarekin ertz batetik hasita osorik zimurtu beharko du eskuan pilota bat eginda hartu arte. Ondoren, papera leundu eta berdina egingo dute beste eskuarekin.

b) Argizariak eskutan
Biribilean eserita, haur bakoitzari kolore bateko argizarizko margo zatiak emango dizkiogu (kolore desberdinetako bestelako objektu txikiak izan daitezke, gelan eskura daudenak). Hiru objektuak esku bakarrean hartzeko modukoak izan behar dira; hortaz, ezin dira margo handiak izan, zati txikiak baizik. Lehendabizi, hiru objektuak esku bakarrarekin hartuko dituzte eta lurrera erortzen utzi, ondoren berriro ere esku berarekin hartuz. Gero, banaka bota ditzatela eskatuko diegu: "orain, bota margo horia, baina horia bakarrik!", "ea, bada, orain bota urdina", eta horrela hirurak bota arte. Gero ariketa bera beste eskuarekin errepikatuko dugu.

Azken bi ariketa hauek ere aproposak dira denbora tarte txikia dagoenerako, eta nahi adina aldiz errepika daitezke.

2. "Nire lagunaren txakurra" abestiaren inguruko jarduera
Biribilean eserita, hankak gurutzatuta albokoaren belaunak ukitzen ditugula, abestiaren erritmoa jarraituta ezkerreko lagunaren iztarrean eta norberaren ezkerreko iztarrean joko da esku banarekin, ondoren norberaren bi izterretan, eta ondoren eskuinetara dagoen lagunaren iztarrean eta norberaren eskuineko izterrean. Horrela egingo da abestiak "nire lagunaren txakurrak" errepikatzen duen hiru aldietan. "Gitarra jotzen du" esatean, aldiz, besoekin gitarra jotzen ariko bagina bezala egingo dugu, eta "fli fla fli flaio" hiru aldiz errepikatzen den bitartean, biolina joko balitz bezala jarriko dira besoak. Erritmoa batzuetan moteldu egingo da, eta beste batzuetan arindu, eta gorputzaren mugimenduen abiadura horri egokitu beharko zaio.

Gitarra jo eta biolina jotzearen mugimenduak sartzea zailegi izango dela uste bada, izterretako gorputz-perkusioa soilik manten daiteke abesti osoan zehar. Gure kasuan, haurrak musika eta gorputz-adierazpena lantzera ohituak daudenez, iruditzen zait "Haur Jolas Abestiak III" bilduman proposatutako moduan burutu ahal izango dugula.

Lehenik gorputz-mugimendua landuko da oihartzunean, eta mugimenduak barneratuta daudela ikustean, musikarekin batera egingo dira. Kasu honetan, cda erabiliko da. Letra ikasteko erraza denez, ez da beharrezkoa ikusten entzun aurretik oihartzunean lantzea, haurrek segituan ikasiko dute eta.

3. "Itsumandoka" abestiaren inguruko jarduera
Jarduera hau plastikarako proposatuko den jarduera baten aurkezpen gisa erabiliko da, biak erlazionatuta baitaude. Haurrak biribilean eseriko dira, eta bat erdian geratuko da. Zapi batekin begiak estaliko zaizkio eta abestia kantatzen hasten garen bitartean beste haurrak tokiz aldatuko dira. "Bat, bi eta hiru" esatean guztiak geldi eta isilik geratuko dira, eta zapia begietan duen haurrari lagun batengana iristen lagunduko diogu, estropuz egin ez dezan. Ukimenaren bidez nor den asmatu beharko du, eta horrela egindakoan besteak jarriko du zapia begietan. Errazegi asmatzen badute, eserita dauden haurrei eskatuko diegu buelta emateko, burua hanken artean ezkutatzeko edo aurpegia eskuekin estaltzeko, asmatu behar duen lagunaren lana zailtzeko.

Aisia.net webgunean jasotako moduan abestuko da abestia. Abestia oihartzunean landuko da, ahotsa soilik erabilita.

4. "Txirukaka" abestiaren inguruko jarduera
Beste jarduerak gela arruntean lantzeko modukoak dira, baina honetarako espazio zabalagoa beharko da. Gure kasuan, eskolako sotoan dagoen gela handi batean burutuko dugu. Sotora jaitsi aurretik abestia gelan landuko da, oihartzunean. Aho-korapilo bat denez, lehendabizi musikarik gabe landuko dira hitzak, oihartzunean, olerki bat balitz bezala. Gero cda jarrita landuko da musikarekin, abestiaren letra osoa lehen aldiz kantatzen den bitartean soilik entzunez, eta hortik aurrera kantatuz.

Sotora jaitsi ondoren, haurrak trena egiten jarriko dira, biribilean, sorbaldatik helduta. Abestiak "txirukaka..." dioen bitartean haurrek aurreraka urratsak emango dituzte, erritmoa jarraituta. "Ñogi, ñogi, ñogi..." esatean, atzeraka emango dituzte urratsak. "Ei!" esaten den bakoitzean, aldiz, besoak gora altxatuko dira. Lehendabizi entsegu bat egingo da, abestia behin ahoz kantatuta, esaldi bakoitzari lotutako mugimendua barneratzeko, eta gero cda jarriko da, zuzenean dantzan hasteko. Erritmoa batzuetan moteldu egingo da, eta beste batzuetan arindu, eta gorputzaren mugimenduen abiadura horri egokitu beharko zaio.

Jarduerak gelan landu ahala emaitzen inguruko oharrak jasoko ditut hemen, proposamena osatzeko asmoz.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina