2014/04/06

Taldekatzea gelan

Practicumaren hasieran tutoreak esan zidan hiruhileko honetan egin behar zuen gauza garrantzitsuenetako bat hurrengo hiruhilekorako gelako 18 haurren taldekatzea berritzea izango zela. Haurrak hiru taldetan banatzen dira txokoetako lanak egiteko, eta tutoreak hiruhilekoan behin edo aldatu ohi ditu talde horiek, haurrek lagun berriak egiteko aukera izan dezaten, eta ikaskuntzarako giro egokia sortzeko. Haurrak kolektiban lurrean biribil erdia osatzen direneko ordena ere hiruhilekoan behin edo aldatzen du, eta azken hori duela aste pare bat egin du.

Txokoetarako talde berriak sortzeak garrantzi gehiago du azken hiruhileko honetan, datorren urtean Lehen Hezkuntzan sortuko diren taldeei lotua dagoelako. Practicuma egiten ari naizen ikastetxeak Haur Hezkuntzako etapa bi egoitzetan banatuta dauka, bakoitza bi lerrorekin. Lehen Hezkuntza hirugarren egoitza batean burutzen da. Hortaz, Haur Hezkuntzako bi egoitzetako haurrak Lehen Hezkuntzako eraikinera joaten dira bosgarren urteko gelan azken ikasturtea igaro ondoren. Haur Hezkuntzako bost urteko lau geletako haurren kopurua dela eta, datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen mailan hiru talde egongo dira. Hortaz, bi egoitza desberdinetatik datozen haurrak hiru geletan banatuko dira. Guztia prestatzeko, bilera bat izan zuten lau tutoreek, eskolako ikasketa buruak eta zuzendariak duela hilabete edo, eta bertan egoteko aukera izan nuen. Haurrak taldekatzeko irizpideak finkatu zituzten eta adostu zuten datorren ostegunean lau gelek batera ikusiko duten antzerkiaren ondoren hamaiketakoa batera egingo zutela, eta haurrek batera jolasteko materiala eramango zutela, elkar ezagutzeko aukera bat emateko.

Haurren taldekatzea egiteko ondoko irizpideak aplikatuko dituzte: haurren arteko harremanak (haur bakoitza bere lagunetako batzuekin behintzat taldekatzea), sexua (neska eta mutilen kopuruan oreka egotea, neska gutxiago dagoela ikusita), euskara (euskararen erabileraren aldetik heterogeneoak izango diren taldeak eratzea) eta zailtasunak (zailtasunak dituzten haurrak talde guztien artean banatzea). Ez zitzaidan erabat argi geratu nola egingo duten taldekatzea; nire tutoreari ulertu nion gela bakoitzaren barruan hiru talde osatuko direla, eta talde horietako bakoitza beste hiru geletako talde banarekin batuko dela Lehen Hezkuntzako gela osatzeko, baina iruditu zitzaidan bileran beste tutore batzuk buruan zutena ez zela hori, eta ez zen erabat argitu bileraren bukaerarako. Agian ikasturtearen bukaeran argituko dute.

Nire tutorea azken asteetan haurrei haien preferentzien inguruan galdezka ibili da. Haur bakoitza banaka hartu du, eta esan dio oporrak eta gerorako txokoetako talde berriak osatzen hasia dela, eta eskatu dio esateko txokoetan aritzeko bere gustukoak diren bi neska eta bi mutil. Haur guztien iritziak jaso ondoren, aste honetan hartuko du erabakia taldekatzearen inguruan, haurren preferentziak kontuan hartuta, baita beste irizpideak ere, noski.

Egia esan, ez da edonolako erabakia hartu behar duena, haurren bizitzetan sekulako eragina izango baitu. Uste dut garai batean ez zitzaiola horrenbesteko garrantzirik ematen taldekatzeari, eta haurren interesak ez zirela ia kontuan hartzen, eta asko pozten nau egun behar bezalako arreta ematen zaiola ikusteak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina