2014/06/25

Nora zoaz, euskara?

Aurki sei urte beteko dituen ilobarekin igaro nuen arratsaldea atzo eta herenegun, biok eskola bukatu dugula aprobetxatuz. Ikasturte honetan, Haur Hezkuntzako etapako azkena beretzat, ia beti gaztelaniaz hitz egin dit, nik euskaraz egin diodan arren. D ereduan eskolatuta dago, aita elebiduna eta ama elebakarra ditu, eta eskolaz kanpo aitaren aldeko familiarekin duen harremana salbu, gaztelaniaz bizi den haurra dela esango nuke. Gaztelaniaz beti moldatu izan da hobeto, baina joan den udatik hona areagotu egin da bi hizkuntzen arteko tartea, eta orain oso nabarmena da hiztegia, gramatika eta jarioa bera dezente hobea duela gaztelaniaz. Practicum I eta IIa bere eskolan egin dudanez, beste lerroko gelan, ikusi ahal izan dut lau eta bost urteko geletan haurrek izan duten eboluzioa euskararen erabilerari dagokionean, eta benetan kezkagarria iruditu zait. Bost urteko gelan izan diren ikasturtean zehar haien arteko harremanak asko aberastu dira; alderdi sozialean garapen handia izan dute. Eta, aldi berean, gaztelania gailendu da erabat haien arteko komunikazioan. Etxean euskaraz hitz egiten duten haurrek ere euskararen erabileran atzerapauso nabarmena eman dute, hiztegia ahaztu dute, eta euskaraz aritzeko erraztasuna eta joera galdu dute. Salbatu diren bakarrak lagunak egiteko zailtasunak dituztenak izan dira; horiek euskarari eutsi diote.

Atzo honelako zerbait esan zidan ilobak: "zuk badakizu erdaraz, ezta? orduan, zergatik hitz egiten didazu euskaraz niri?". Ustekabean harrapatu ninduen galderak, egia esan, eta hainbat topikorekin erantzun nion: gustuko dudalako; euskara oso jende gutxik hitz egiten duelako, eta inork hitz egiten ez badu hilko delako; garai batean debekatuta zegoelako, eta orain horretarako libre garelako... Nire erantzunek ez zioten lagundu. Are gehiago, hotzikarak eman zizkidaten gauzak esateko bide eman zioten: aiton-amonak txikiak zirenean derrigorrez gaztelaniaz eskolatu behar zirela kontatu nionean, "zeinen zorte ona! niri, aldiz, euskarazko eskola batean tokatu zait" esan zuen.

Gauean buruari eragiten egon nintzen, eta nire buruari behintzat argitu ahal izan nion zergatik ez dudan amorerik ematen: niri ere bera bezain txikia nintzela euskara eman zidatelako, harri bitxiz egindako altxorra balitz bezala, eta nik ere egin nahi dudalako berdin, berari orain ikatza iruditzen bazaio ere; ez dudalako nahi gure belaunaldikoak familiako azken mohikanoak izatea; ez dudalako nire herrian arrotz sentitu nahi; ez dudalako umezurtz geratu nahi. Ez dakit hori guztia nola adieraziko diodan (orain, berari, baina inoiz irakasle banaiz, beste haur batzuei ere), baina saiatu beharko naiz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina