2014/03/16

Arduradunaren goizeko errutina

Goizetan, eskolak 9.00etan hasten dira, teorian behintzat, baina haur batzuk berandu iristen direnez, 9.10 arte itxoiten dugu arduradunaren lanak hasteko. Arduraduna 9.10etan etorri ez bada, tutoreak ordezko bat izendatzen du hura etorri arte, eta eguneroko errutina hasten dugu.

Haurrak borobilean eserita egoten dira, U bat eginez, eta arduraduna irakaslearen ondoan esertzen da (kasu honetan, ni), taldeari begira. Isiltasuna eskatu ondoren (beti da beharrezkoa, eta sekulako denbora piloa eramaten du isiltasuna lortzeak), lagunak prest daudenean bere lanak egiten hasten da, tutoreak euskarri afektiboa eta laguntza emanda. Lehendabizi zerrenda pasatzen du:
Horretarako, zerrendaren ezkerreko zenbakiak kontatzen ditu, eta ondoren borobilean eserita gauden guztion buruak kontatzen ditu. Zerrendan daudenak gelan daudenekin konparatuta, zenbat falta diren kalkulatzen du, eta falta direnen izenen txartelak gelako beste toki batean dagoen etxera eramaten ditu, falta direnen kopuruaren zenbakiarekin batera. Gero egutegian aurreko eguna ixa batekin markatu eta egun horren zenbakia borobil batean sartzen du.


Ondoren, hilabete horretako leloa irakurtzen du ozen. Gero, arbelean idazten du egunaren zenbakia eta bere izena hizki xehez.
Gero asteko egunaren "bagoian" goizeko leihoa irekitzen du, zer egingo dugun azalduko duen irudia duena (guztiek dakite buruz leiho bakoitzean zer dagoen). Horrez gain, tutoreak egunen izenak nahastu ote dituen begiratzen du.
Ondoren, egun horretan dagoen eguraldia leihotik begiratu, eta taula batean jartzen du dagokion txartela (txartel guztiak plastifikatuta daude eta velcroz itsasten dira).
Gero, astelehena bada, asteko egunak dituen taula horren gainean dagoen beste taula batera doa, aurreko astean eguraldi mota bakoitza zenbat aldiz eman den jasotzeko. Niri iruditzen zait azken taula hau ulertzeko zaila egiten zaiela, lehenengoan asteak abzisetan dauden artean (lerroetan), goiko taulan ordenatuetan daudelako (zutabeetan).
Azkenik, egun horretako menua eskuan hartuta, hiru plateretatik bat aukeratzen du berak idazteko (tutoreak irakurtzen dizkio platerak normalean, haurretako batzuk hizki xeheak irakurtzeko gai diren arren). Tutoreak lagundu egiten dio hitz bakoitzaren "txaloak" (silabak) banatuta esanda, garbi ahoskatuta. Errutinaren edozein momentutan, haurrak gelakideei laguntza eska diezaieke, baina ordura arte besteek ez diote ezer esan behar, oso zaila egiten zaien arren.
Bakoitzak bere trebetasunaren neurriko aukera egiten du, eta batzuk plater motza aukeratzen duten bitartean, beste batzuk izen luzeena aukeratzen dute (legatz xerra, kiribilak tomatearekin eta horrelakoak).

Lan hauek guztiak osatzea 30 eta 50 minutu artean eramaten digu, haurraren arabera, eta egunaren hasierako elkarrizketa eta berrien arabera (batzuetan haurren batek erakutsi nahi duen zerbait ekartzen du etxetik eta horren inguruko elkarrizketa sortzen da). Haurrei luze samar egiten zaie errutina, eta asko kostatzen zaie arreta mantentzea. Bestetik, arduradun lanak egiten dituenak esfortzu kognitiboa egin behar duen artean, besteek ez dute gauza handirik egiten, nire ustez (isilik egoten saiatu, gutxik lortzen duena). Tutoreak aldian behin errutinaren urratsen bat aldatzen du, haurrek jada maila hori gainditua dutela ikusi ondoren.

Hamaiketakorako izugarri ona iruditzen zaidan sistema dute. Egunero arduradunak ekartzen du talde guztiarentzat hamaiketakoa, eta gelan batera jaten dute. Ikasturtearen hasierako bileran, tutoreak gurasoei eskatzen die fruta eta galleta arruntak ekartzeko (txokolaterik gabekoak), eta bizkotxoak eta horrelakoak egun berezietarako uzteko (urtebetetzeak eta abar). Norbaiten urtebetetzea denean, hamaiketakoa urteak betetzen dituenak ekartzen du. Arduradunak arbelean egiten du ekarritako fruten batuketa (bost mandarina gehi sei udare), abakoarekin eta tutoreak lagunduta. Zatikiak ere lantzen dira, haurrek fruta osoa, erdia edo laurdena eska baitezakete. Tutoreak azala kendu (nahi dutenei) eta arduradunak banatzen ditu zatiak. Zerbait jan nahi ez dutenei eskatzen zaie zatitxo bat hartu eta dastatzeko behintzat. Hortaz, hamaiketako garaia hezkuntzarako denbora da, eta eduki mordoa lantzen dira, matematikatik hasita, geografiara.

Hainbat galdera datozkit burura errutinaren inguruan: eraginkorra al da? luzeegia ote da? modurik ba al legoke haur guztiek probetxua ateratzeko? zentzurik ba al du Haur Hezkuntzako haurrak haien izena hizki xehez idazten jartzeak? menua al da haurren interesetik gertuen dagoen testu-mota?






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina