2014/03/30

Ipuinen iritziarekin jarraituta

Aste honetan txokoetako beste talde batekin landu dut orain arte gelan irakurri dizkiedan ipuinei buruzko iritziaren taula. Tira, horretan saiatu naiz behintzat, jarduera erdizka baino ez baigenuen bete.

Lehenengo taldearekin egin ondoren erabaki nuen bezala, taldeko bakoitzari liburu bat eman nion, bakoitzak izenburua, egilea eta argitaratze data bila zitzan. Hainbat arazo sortu ziren jardueran:
  • Taldea zailena da, sei haurretatik hiru kudeatzen zailak direlako: batek esfortzu txikiena eskatuko dion ezeren susmoa hartu bezain pronto deskonektatu egiten du eta besteak lardaskatzen hasten da, besteak bere gustukoa den zerbait proposatzen zaionean sekulako kasketak hartzen ditu eta hirugarrenak jarrera zeharo desafiatzailea dauka, proposatzen zaion edozeri ezetz esanez.
  • Jarduera azaltzen nien bitartean liburuak banatu nizkien eta, ondorioz, azalpena entzun ordez liburuak begiratzen hasi ziren, haiekin jolasean eta abar.
  • Jarrera desafiatzailea duenak jarduera boikotatu nahi izan zuen, iritzia emateko eskurik altxa gabe, hari liburuak "zero patatero" gustatu zitzaizkiola esanez, eta berak gustuko zuen liburu bakarra jarduera hasi baino lehen esku artean zuena zela esanez (sobra ere, ez zion batere graziarik egin nik bere planak aldatzea).
Hori guztia ikusita, bizpahiru libururen iritzia eman ondoren esan nien iruditzen zitzaidala ez zeudela jarduera hura egiteko prest, liburuak bere tokian uzteko, eta beste zerbait egingo genuela. Hortaz, txoko horretan lantzen ari diren zerbaitean jarri ginen: bakoitzak pi silabarekin hasten den hitz bat pentsatu, nik horietako bakoitza arbeltxo batean idatzi, haiek haien orrian kopiatu eta, azkenik, haiek pi silaba koloredun arkatzarekin borobildu.

Jarduerak talde txikian proposatzeak duen abantailetako bat akatsak zuzentzen joateko aukera da. Sortu zitzaizkidan arazoak kontuan izanda, hirugarren taldeari begira bakoitzari liburu bana emango diet, eta egingo dugun jarduerari buruzko azalpenak eman ondoren joango dira banaka liburuak hartzen, bakoitzari buruzko iritzia ematen bukatu arte hurrengoa hartu gabe. Horrela espero dut lagunduko diedala haien arreta liburu bakarrean mantentzen. Falta zaidan taldean ez dut espero jarrera desafiatzailerik, baina, hala ere, egia esan, ez dakit zer demontre egin daitekeen horrelakoetan. Iruditzen zait lasaitasun osoz baina irmo erantzun behar dela, baina "hau egingo dugu, nik esan dudalako"ra jo gabe. Ez da erraza.

Jarduera bukatu gabe utzi duen bigarren talde honi jarduera bukatzeko aukera emango diot astean zehar (espero dut ni joango naizen hiru egunetan egokituko zaiela saio bat txoko horretan). Esango diet talde guztiek iritzia ematen bukatu ondoren, gela guztiaren aurrean kontatuko dudala talde bakoitzean zeintzuk izan diren asko, pixka bat eta gutxi gustatu zaizkien liburuak, eta pena litzatekeela lagunei kontatu behar izatea haien taldean ezin izan dugula jarduera bukatu. Ea horrekin "motibatzen" ditudan...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina