2014/03/07

Haurrek ni tutore bezala ikusteko bidean

Praktika aldiaren hasieran esan nuen bezala, tutoreak eta biok adostu genuen saiatuko ginela haurrek ni ere tutore bezala ikus nazaten lortzen. Horretarako, lehenengo egunetik nik tutorearen toki fisikoa hartu dut talde handian egiten ditugun jarduera guztietan (kolektiba izenez ezagutzen den horretan), taldearen parean eserita eta gidaritza eramanda. Nik eramaten dut goizaren hasierako errutina arduradunarekin, baita hamaiketakoa, edo arratsaldearen hasiera ere.

Bi aste pasa ondoren, uste dut nahiko ondo gabiltzala. Egia da haurrek lanen bat burutzen dutenean, batzuetan niri erakusten badidate ere, beti joaten direla tutorearengana, haien buruan argi dutelako "benetako" tutorea bera dela. Besterik ez zen falta, bada, hau bigarren urtea baita elkarrekin. Tutorea gelatik irteten denean ordena mantentzea zailagoa egiten zait, baina esango nuke egunek aurrera egin ahala hori hobetzen ari dela. Baten batek tutorearen izena erabilita deitu dit, eta gaur bi aipatu dute orain bi andereƱo dituztenez, agian gelako batzuk jarduera bat batekin eta beste batzuk beste zerbait bestearekin egin genezakeela.

Beraz, ondo goaz, eta horrela tutoreak aukera du ni estutasun txikiren baten aurrean jartzeko. Adibidez, gaur nire esku utzi du ingeleseko orduaren ondorengo denbora antolatzea, eta ez da samurra izan, oraindik ez baitut argi ondo egin ote dudan edo ez. Lehendabizi ipuina kontatu dugu, eta ondorengo eztabaida luzatu zaigunez, iruditu zait egokiena hamaiketakoa egitea zela. Gaurko arduradunak fruta mordoa ekarri duenez, hamaiketakoak 40 minutu eraman dizkigu. Nik ez dut jateko denborarik izan, frutak moztu eta azalak kentzen egon naizelako geratu gabe. Hamaiketakoa bukatzerako 11.30ak ziren. Ondoren, bi aukera genituen bazkalordura arte (12.30ak): jolastokira irten, edo gelan geratu txokoetan lan egiteko. Printzipioz, ni jolastokira irtetearen aldeko nintzateke, oso gogorra iruditzen zaidalako bost urterekin goiz osoz gelan egotea, bereziki aste osoan euria egin ondoren gaur eguzkia zegoela ikusita. Baina jolastokira irtenez gero, ordu osoz han egon behar genuen, zeren eta jolas-ordu motzagoa egiten bagenuen gero zertan erabiliko genituen 15 edo 20 minutu gelara bueltatuta? Bestetik, haurretako batzuk gaizki samar portatu dira, eta batek aurre egin dit, nik erabakitakoa erabakita ere, hura jolastokira irtengo zela esanez. Arduradunari galdetuta, batzuk gaizki portatu direlako jolastokira irten beharko ez genukeela erantzun du (haurrak oso zorrotzak dira arduradunaren tokian jartzen direnean). Hori guztia kontuan izanda, azkenean gelan geratu gara eta txokoetan aritu gara.

Baina erabaki zuzena izan ote da?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina