2014/03/06

Maitasunaren indar pedagogikoa

Atzo gelako haur bat goizean kontu handiz tolestutako bi orri eskuan hartuta etorri zitzaigun eskolara, eta arduradunaren goizeko errutinan jada esan zuen bazuela erakusteko zerbait. Arduradunaren lanak luzatu zitzaizkigunez, ez zuen aukerarik izan erakusteko, baina arratsaldeko saioa hasi genuenean gogorarazi zigun berak bazuela gelari erakutsi nahi zion zerbait.

Kanpotik begiratuta, batek pentsa lezake ez zela gauza handia: batuketak egiteko, paper batean marra mordoa zituen marraztuta, eta haiekin batuketak egitea oso erraza zela zioen. Haurrek egunero abakoaren laguntzarekin egiten duten ariketa bera paperean egiten zuen marratxoak zenbatuta. Egunero eskolan eginda ere, haurrak aurreko egunean ikusi zuen argia, eta batuketen filosofoen harria aurkitu zuen. Zoratzen zegoen.

Zer zen, bada, berezia haur horrek kontatu zigunean? Aitak ireki zizkiola begiak. Ziur naiz aitak ez ziola batuketak nola egin tutoreak baino hobeto azaldu, hamarkada luzez horretan aritu den norbaitek baino gehiago ezin baitzuen jakin kontzeptu matematiko hori haurrak bereganatzeko bideen inguruan. Baina hark bazuen zerbait tutoreak ez zuena: bere AITA zen.

Atzo arratsaldean, haur honek gela guztia batuketak egiten jarri nahi zuen, bere metodo iraultzailea erabilita besteek ere berak aurkitutakoa ikus zezaten. Tutoreak bere txokoko taldekideekin partekatzeko aukera eman zion, eta bakarra engainatu zuen batuketak egiten jartzeko.

Horixe izan zen nire atzoko une bitxi eta ederra.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina