Igaro da practicumeko lehen astea. Benetan erraza egin zait, toki ezagunera nindoalako. Tutoreak eta haurrek harrera oso ona egin didate, eta etxean bezala sentitu naiz. Tutorea gelan dagoen bitartean haurrak oso erraz gobernatzen ditut, baina bera atetik ateratzen denean ez da erabateko kaosa, baina jakina, katurik ez den etxean saguak dantzan...
Arduradunaren errutinak gidatzen ibili naiz aste honetan. Arazorik ez dut izan, baina nire kezka nagusia hauxe da: ni izugarri despistatua naiz, eta nire burua tutore bezala imajinatuta, uste dut gehienetan ahaztu egingo nituzkeela hainbat betebehar. Adibidez, etxera joateko ordua iristen denean sekula ez dut gogoratzen hurrengo eguneko arduradunari eskuan marka egin behar zaiola. Eskerrak haurrek ez dituzten horrelakoak ahazten! Eta etxera eraman beharreko gauzak, oharrak eta horrelakoak apustu egingo nuke behin baino gehiagotan ahaztu egingo nituela. Horrelako gauzekin akordatzeko nik zorroztasun handia behar dut, errutina neroni ezarri eta beti berdin egin, hori gabe kosta egiten baitzait gauzak gogoratzea. Orain dudan lanean sakelako telefonoa erabiltzen dut nire buruari gauzak gogorarazteko, baina eskolan mugikorra poltsan armairuaren barruan gordetzen dut, eta ezin dut erabili. Ez dakit, inoiz Haur Hezkuntzako irakasle bezala lan egiten badut, asmatu beharko dut zerbait, eta bitartean moldatuko naiz, gehienetan ez baita ezer larririk gertatzen gauzatxoren bat ahazten bada.
Astea lasai hartu dut, bigarren tutorearen tokia hartu dut gelan, "benetako" tutorearekin adostu nuen moduan, eta berak dio iruditu zaiola haurrek aurten tutore bezala ikusi nautela, lehenengo egunetik ez naizelako beraiekin eseri, baina oraindik ere proposatzen didate haiekin mahaian eseri eta eskulanak egitea, atzo arratsaldean txoko libreak izan genituenean bezala.
Aste bukaera honetan datorren asteetarako tutoreari proposatu nahi dizkiodan jarduerak pentsatzeko denbora hartu nahi dut. Alde batetik, atzo Haur Liburutegi Nagusira joan nintzen eta hamar liburu hartu nituen, gelan kontatu eta batzuen inguruan jarduerak proposatzeko. Tutoreak proposatu zidan agian ideia ona litzatekeela txoko zehatz baterako hainbat jarduera pentsatzea, eta nik horiek eramatea gelako hiru taldeak bertatik igarotzen direnean. Plastika txokorako nahiko ideia ditut, eta uste dut horiekin hasiko naizela. Tutoreak ere aprobetxatu nahi du bi heldu egonda jarduera batzuk aurrera eramateko, eta hemendik hiru astera Zientzia Museora joango garenez, aurretik planetak eta izarrei buruzko proiektua landuko dugu. Aurreko urteetatik material asko daukate sortuta, eta aste honetan tutorea Haur Liburutegi Nagusian izan zen material piloa hartzen. Beraz, horretan ere ibiliko gara eta, ondorioz, ezin dut gauza gehiegi proposatu, haurrekin egunak oso motz baitira.
Nire ustez, goizaren hasieran denbora gehitxo ematen diogu arduradunaren lanei (zerrenda pasa, etorri ez direnak etxean jarri, egutegian aurreko eguna zirrimarratu, arbelean eguna zenbakitan idatzi, zer nolako eguraldia dagoen taula batean jaso, egun horretako menuaren plater bat arbelean txarteletan idatzitako hizkiak erabilita idatzi). Horiek guztiak oso ariketa interesgarriak dira, baina arazoa da arduradunak egiten dituen bitartean beste haurrak aspertuta daudela, lardaskatzen. Ez dakit, iruditzen zait moduren bat bilatu beharko litzatekeela gauza horiek guztientzat erakargarriak eta "probetxuzkoak" izateko. Batzuk arretaz jarraitzen dute arduradunak egindakoa, eta parte hartzen dute, baina beste askorentzat deskonektatzeko aukera paregabea da.
Bukatzeko, oraingoz ez dirudi haurren "borroka biologikoak" ezertan eragin didanik. Aurreko urtean bost aste pasa nituen katarroarekin, egun batzuetan ahotsik gabe eta fisikoki porru eginda. Aurten birus bat dabil, aho, oin eta eskuen gaixotasuna izena duena eta kutsakorra dena, baina oraingoz osorik nago. Ea horrela mantentzea lortzen dudan, erdi gaixo egotea ez baita batere atsegina.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina