Joan den astea pixka bat hankaz gora bukatu zen eskolan, eta aste hau berdin hasiko dela dirudi. Bost urteko beste gelako tutoreak baja hartu behar izan du, eta pasa den ostegun eta ostiralean ez zen etorri. Ordezkorik ez da iritsi oraindik (berez, baja ostiralean hartu zuen), eta ostegunean nire tutoreak bi gelak hartu zituen kolektibarako, eta ondoren talde bakoitza bere gelan egon zen txokoetan, eta tutorea gela batetik bestera ibili zen. Gure gelan arduraduna jarri zuen arduradun, eta ondo moldatu omen ziren, ni ez bainengoen han. Ostiralean eskolak ingeleseko irakaslea bidali zuen Zientzia Museora irteera goizean egin ahal izateko, eta orientatzailea arratsaldean gelan lanean aritzeko. Beraz, tutoreak eta biok gure martxa jarraitu genuen gure gelan, eta arratsaldean eskolako liburutegira joan ginenean ni geratu nintzen haurrekin, tutorea ikasketa buruarekin hitz egitera joan ahal izateko. Dirudienez, astelehenean ere ez dugu ordezkorik izango, Eusko Jaurlaritzak egun pare bat behar izaten dituenez ordezkoa bidaltzeko. Bitartean, eskolak ahal duen hobekien moldatzen ditu giza baliabideak. Ikasketa buruaren ardura da horiek kudeatzea, eta bihar goizean jakingo dugu zer erabaki den.
Ordezkoa datorrenean, nire tutoreak berarekin egon beharko du zer lantzen ari diren azaltzeko (orain planetei buruzko proiektua lantzen ari dira bi taldeak aldi berean eta jarduera berak burutzen), baina bere arazo nagusia bi tutoreak batera egon ahal izateko denbora eskasia da. Asteazkenetan ordu t'erdiz daude biak libre, bi taldeek dantza eta musika lantzen dituzten bitartean, baina maiz bakoitzak bestelako betebeharrak ditu atzeratuta, eta zaila egiten zaie tartea aurkitzea. Bestela, 12.30-13.30ak tartea erabil dezakete, gurasoekin bilerak, eskolako bilerak edo prestakuntzako jarduerak ez dituzten egunetan. Ez da erraza beste lerroko kidearekin biltzea, nire eskolan behintzat, ez baitago irakasleen ordutegian horretarako tarterik finkatuta, beste horrenbeste lanekin gertatzen den moduan.
Ikusiko dugu asteari zer nolako antza hartzen diogun astelehen goizean, eta horren arabera erabakiko dut zer proposatu tutoreari. Printzipioz, musikako jarduerak lantzen hasteko asmoa nuen, baina horretarako denbora izan behar dut tutorearekin hitz egiteko, eta iruditzen zait aste honetan ez dela horretarako aukerarik izango, lehentasuna aste oso hau behintzat bajan emango duen beste tutorearen hutsunea ahalik eta hobekien betetzea izango delako. Aste honetan, hortaz, nire eginbeharra argia izango da: bost urteko bi taldeetako haurrak ahalik eta hobekien egon daitezen laguntzea, posible dudan neurrian.
Aukerarik ikusten badut, duela aste pare bat prestatuta dudan jarduera txiki bat lantzea proposatuko diot tutoreari. Arte Plastikoen irakasgaian bideo batean ikusitako jarduera bat da, non kartoizko kaxa handi bat barrutik bitan banatu dudan, eta zati bakoitzean objektu bat sartu dudan (20-25 cm luze den plastikozko marrazoa eta plastikozko inbutu bat). Kaxaren zati bakoitzak eskuak sartzeko bi zulo ditu, eta haurrek eskuak sartuta objektua ukitu eta ondoren ahalik eta zehaztasun handienarekin marraztu behar dute. Kaxa barruan begiratzeko tentazioa uxatzeko, zuloetan sukaldean erabiltzen diren plastikozko eskularruei behatzak kenduta eskumuturretik gora duten zatia jarri dugu. Hona hemen argazkiak (ea bihar kaxarena ateratzen dudan, aurrekoan ahaztu zitzaidan eta):
Jarduera aurkezteko jolas bat proposatzeko asmoa dut, gelan bertan burutzekoa. Haur bati zapi batekin begiak estaliko dizkiogu, eta orduan beste haurrak tokiz aldatuko dira. Orduan, begiak estalita dituen haurra lagun batengana eraman, eta ukimenaren bidez asmatu beharko du nor den. Ondoren, azalduko diet antzeko jolas bat egingo dugula, kaxaren barruan dauden bi objektuak eskuen bidez "ikusi" eta marraztuko ditugulako. Eskuan beste objektu bat eramango dut (itsas-izar bat), eta azalduko diet marrazkiek ahalik eta zehatzenak izan behar dutela, itsas-izarra adibide bezala erabilita: zenbat beso dituen kontatu eta kopuru zehatz hori marraztu behar dutela, bata bestea baino luzeagoa balitz, horrela marraztu beharko luketela, eta abar. Haurretako batzuk pixka bat "alperrak" direnez, ahalik eta hobekien egitera bultzatzeko, esango diet gelako lagun guztiek marrazkiak bukatu ondoren marrazki guztiak batera jarriko ditugula eta objektuak kaxatik atera ondoren, guztion artean eztabaidatuko dugula ea zeintzuk iruditzen zaigun gehien gerturatu direla objektuen marrazkietan.
Azken eztabaida hau seguruenik ez da aste honetan izango, talde guztiak plastika txokotik pasa arte ez baitira marrazkiak bukatuko. Aurretik egin genuen jarduera baten eztabaida egiteko daukagu oraindik, bi haurrek haien collageak bukatu gabe dituztelako. Lan horrekin ere talde osoko eztabaida egin nahi nuke, eta haurretako batzuk besteen akatsak "matxakatzeko" ohitura dutenez, kritika eraikitzailea egitera ohitu nahi nituzke. Horretarako, pentsatu dut lan guztiak kolektiba egiten dugun tokiko kortxoan jarrita, eskatzea nahi dutenek lan bati buruz duten iritzia emateko, formula zehatz bat erabilita: lehendabizi, lan horretan gustukoa duten zerbait adieraziko dute "nire ustez, lan honetan oso ondo dago ..." esanez eta, ondoren, hobetzeko zerbait dagoela iruditzen bazaie, hori gehituko dutela "nire ustez, lan honetan hobetzeko dagoena ..." esanez. Nik collagetako bat aukeratuko dut eta iritzia ematearen adibide bat egingo dut haientzat. Marrazoaren eta inbutuaren marrazkiekin ere esango diet guztion artean lan guztiak eztabaidatzeko metodo bera erabiliko dugula, ea zer gertatzen den.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina