Bada gure gelan haur bat terapian hastekoa dena, eta bi urteko gelan zegoenetik bere tutoreei kezka eragin diena harremanen arloko zailtasunak direla eta. Eskolan jarraipen berezia du aspalditik eta kanpoko laguntza jartzea lortu nahi du tutoreak, orain arte egindakoarekin haurrak behar duen laguntza eman ahal izan ez zaiola uste duelako.
Gaur partxisean jolasten egon gara talde txikian; bera eta beste lagun bat batera ari ziren fitxa urdinekin jolasean. Hasieran, pieza guztiak etxetik ateratzea lortu dute, bost mordoa atera zaizkielako, gorriekin jolasten ari zen lagunak guztiak etxean zituen bitartean. Orduan pozik zegoen haurra, noski. Baina gero besteak fitxak etxetik atera eta epe laburrean bi fitxa jan dizkie. Haur honen erantzuna frustrazio arinena sortzen dion edozeren aurrean erakusten duen ohikoa izan da: orroka eta negarrez hasi, berak urdinekin jolastu nahi ez duela esanez, berak gorriak nahi dituela, eta hogei kontatu nahi duela... Hau guztia garrasika, eta bere dadoetan tokatutakoa kontatuko ez zuela esanez.
Jolasten jarraitu nahi ez zuela ikusita, eta besteei ere jolasten uzten ez zienez, gelatik kanpo atera dut hitz egitera, eta esan dit berak ez zuela partxis horrekin jolastu nahi, bere etxekoarekin baizik, aitarekin etxean jolasten zuenean beti berak irabazten zuelako. Nik nahiko logikoa den txapa sartu diot: ezin duela beti batek irabazi, partxisa jolas luzea dela, eta nahiz eta momentu batean galtzen joan, jolasten jarraituz gero agian gero irabazi egiten dela, jolasean batzuetan irabazi eta besteetan galdu egiten dela, berak irabazteko beste batek galdu behar duela, eta guztiek dutela gustuko irabaztea eta abar luzea.
Haurrari nik esateko nuena ez zitzaion inondik interesatzen, eta ez dut konbentzitu. Egia da lortu dudala lasaitu eta negarrari uztea, eta aurpegia garbitzera joan eta gelara bueltatu dela, baina nire sentsazioa izan da ez dudala ezer aurreratzerik lortu. Bestetik, partxisarena anekdota hutsa da, egunero ematen baitira antzeko bizpahiru egoera berarekin. Zer egin behar da honelako kasuetan? Nola jokatu honelako haurrarekin?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina