Tutoreari proposatu nion praktikaldian zehar egunero ipuin bat kontatu nahi niela haurrei, eta horrela egiten dugu. Egunean zehar tartetxo bat bilatzen diogu ipuinari, eta batzuetan ipuinari lotutako jardueraren bat egingo dugu ere.
Haurrak erabat nireganatzea lortu duen ipuina Hervé Tullet-en "Ipuin bat" izan da, dudarik gabe. Uste dut horrekin lortu dudala haurrek ni ikustea haien interesekoa izango den zerbait ekarriko dien norbait bezala. Orain, mailari eutsi beharko diot, eta ez da erraza izango, ipuin askok Tulletenak baino esfortzu handiagoa eskatzen dutelako, edo apalagoak direlako haien "efektu berezietan".
Bestetik, gaur arte ez naiz konforme geratu ipuinaren inguruan sortutako eztabaidarekin. Gaur Anthony Browneren "Tunela" irakurri dugu, eta kontakizunaren aurretik eta kontatu bitartean igartze eta ondorioztatze estrategiak aplikatzeaz gain, ipuina bukatu ondoren pixka batean aritu gara argumentuaz hizketan. Hala ere, nire tutoreak ondoren adierazi didan bezala, eztabaida zalapartatsuegia suertatu da nik galderak talde osoari zuzendu dizkiodalako, eta horrek haur guztiak aldi berean hitz egitera bultzatu ditu. Galderak haur zehatzei zuzentzeko gomendatu dit, bereziki normalean talde handian gutxi parte hartzen duten haurrei, eta erabat ados nago berak esandakoarekin. Hortaz, hurrengoan horrela egiten saiatuko naiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina