Aste bukaera honetan nire tutoreari proposatu nahi dizkiodan jarduerak aukeratzen hasi naiz eta, ezinbestean, erabaki batzuk hartu behar izan ditut. Hizkuntza idatziari buruzko ikasgaiko irakasleak proposatu zigun practicumean zehar taldeko haurretako batzuei behintzat idazketari buruzko ebaluazioa egiteko, nahi bagenuen, edo egoki ikusten bagenuen.
Materiala berrirakurtzen egon naiz, eta erabaki dut ariketa ez dudala bere horretan egingo. Berez, ebaluaziorako jarduera sinplea da (haurrak banaka hartuta diktaketa bat eta hainbat testuren irakurketa egitea), baina haur bakoitzarekin 15 minutu edo igarotzea eskatzen du. Nik ez diot zentzurik ikusten bizpahiru haurrei soilik egiteari, horren emaitza ez baita tutorearentzat baliagarri izango; ez litzateke ariketa funtzionala. Bestetik, gauza da ezingo dizkiodala nire tutoreari nahi bezain beste jarduera proposatu, zeren eta berak badu bete beharreko programazioa eta burutu nahi dituen beste horrenbeste jarduera. Proposatuko diodana mugatu beharko dudanez, erabaki dut ez diodala denbora gehiegi eman nahi ebaluazioko jarduera bati.
Bestetik, ni praktiketan hasi aurretik irakasleak hiru irudiren bitartez adierazitako sekuentzia bat (izozki bat erosten duen haur bati buruzkoak) abiapuntu bezala hartuta, haurrek ipuin bana idatzi dute liburu formatuan, eta idazketa ebaluatzeko material oso egokiak dira. Hortaz, ahozko eta idatzizko hizkuntza ebaluatzeko adierazle batzuk prestatu ditut, gelako jardueretan behaketa eginda eta bakoitzak egindako liburu horiek behatuta bete ahal izango ditudanak, gelan jarduerari denborarik emateko beharrik izan gabe.
Etorkizunean kontuan izateko irizpide oso egokia iruditzen zait hori: ebaluazioa gelan horri espresuki denbora emateko beharrik gabe egiteko moduan planifikatzea. Horretarako, jardueren ekoizpenek gelako denboratik kanpo ebaluatu ahal izateko balio behar dute, edo moduren bat pentsatu behar da prozesua dokumentatzeko eta gelako denboratik kanpo hura behatuz ebaluatzeko. Haur Hezkuntzako gelan denbora baliabide urria da, haurrak "prest" jartzeak denbora asko eramaten duelako, etenaldiak asko direlako, elkarbizitzari buruzko ikasketei denbora asko eman behar zaielako eta abar, eta denbora urri hori ezin da ebaluatzeko soilik balio duten jarduerak egiteko. Hori da nire iritzia, oraingoz behintzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina