Aste honetan plastika txokoan jarduera bat antolatu eta eramaten ari naiz. Leo Lionniren ipuin asko ditudanez, horiek eskolara eraman, horietako bat kontatu eta haurrei proposatu diet Lionnik bezala collagearen teknikarekin DIN A3 formatuan lanak egitea. Nik liburuetan agertzen diren animalietako batzuen gorputzak osatu ditut, adibide bezala haiei erakusteko, eta guztion artean liburuak begiratu ondoren, bakoitzak erabaki du zer egin nahi duen.
Oraingoz, talde batek bi saio egin ditu, eta taldekide guztiek haien lanak bukatu dituzte, eta beste talde batek saio bakarra egin du (batzuk saio bakarrean bukatu dute egin nahi zutena, eta beste batzuk oraindik osatzen jarraitu nahi dute). Hirugarren taldearekin oraindik ez naiz hasi.
Arte plastikoetako portfolioan jasoko ditut prozesua eta emaitzak, eta oraingoz hemen jasoko dudan bakarra nire buruari buruzko iritzia izango da. Lehen taldearekin saioa hasi nuenean pixka bat estutu nintzen, ikusi nuelako haurretako batzuk marrazkiak kartoi-mehean nola egin nituen erakutsi ondoren collagea egin ordez zuzenean marrazten hasi zirelako (ene, zeinen gaizki azaltzen dudan nire burua!), baina gero bikoteka haiekin haitz egiten jarraitu eta lortu nuen egoera birbideratzea. Txokoetan talde txikietan aritzea abantaila da horretarako, aukera ematen duelako banaka zuzenean hitz egiteko. Bestetik, haurretako batek nik kartoi-mehean egindako ereduak erakutsi nizkienean sobra ere egitekoa zailegia zela erabaki zuen, eta jarrera itxi-itxia hartu zuen, hark egingo ez zuela esan eta mahai azpian gordeta. Hura ere nahiko ondo bideratzea lortu nuen, material gehiagoren bila biltegira nirekin eraman eta joan etorrian hitz eginda. Horren ondoren, irudi mordoa egin ditu bi saioetan eta oraindik gehiago egin nahi ditu hirugarrenean. Beraz, lehenengo taldearekin gauzak nahiko ondo joan direla esan daiteke.
Bigarren taldean beste haur bat egoskortu egin zait, taldeko besteek aurrea hartu diotela ikustean etsi eta ezer egingo ez zuela esan duelako. Honekin zailagoa izan da egoerari buelta ematea, eta bakea izatearren, taldeko beste kideak lardaska ez zitzan, azkenean bere irudia marraztu eta moztu behar izan dut. Besteak ondo aritu dira, baina batzuk erabaki dute lehen saioan lanak amaitutzat ematea, niri osatzeko aukera dutela iruditu zaidan arren.
Jarduerari buruz oraingoz egin dezakedan balorazioa ondokoa da: positiboa iruditu zait haur bakoitzak berak egin nahi duena aukeratu ahal izatea; liburuetako ereduak erabiltzea interesgarria izan daitekeela uste dut, trebetasun asko lantzea ahalbidetzen duelako eta, aldi berean, tokia uzten diolako norberaren sormenari; tutorea gelan bakarrik egonda ez dut posible ikusten jarduera nik egin dudan bezala burutzea, haurrek laguntza asko behar dutelako eta beste txokoetaz ezingo lukeelako arduratu; eta tutoreak bakarrik lantzeko bururatzen zaidan modu bakarra aurretik animalien irudi mordoa fitxetan prestatu eta haurrei horien artean gustuko dituztenak moztu eta haiekin collagea egitea da.
Nire burua nola ikusi dudan gogoeta eginda, esango nuke berde ikusi naizela; oso berde. Materialak eta prozedura nahiko ondo prestatu ditudala uste dut, baina nire arazo nagusia da txoko batean jarduera hau dinamizatzeari horrenbesteko arreta eman behar diodala, denboraren kontrola erabat ahazten dudala. Begirada periferikoa eta horiek guztiak kimera hutsa dira niretzat. Ordularia begiratzeko astirik ere ez dut. Ez dakit, inoiz tutore lanetan hasten banaiz, martxa hartu arte haurrak munduko gauza sinpleenekin aspertu beharko ditut, nire mugak pixkanaka gainditu arte. Fitxak eta fitxak!Tutoreak esan dit praktiken amaieran komeni zaidala bi egun oso nik antolatu eta eramatea, denborak kontrolatzeko eta bakarrik zer nolako jarduerak aurrera eramatea posible den ohartzeko. Ea ordurako nire jarduna hobetzen dudan. Berari dena ateratzen zaio hain erraz eta ondo!
Bestetik, asko kosta zait haurrak ekoizten hasi aurretik eta ekoizten dauden bitartean interpretaziora eta behaketara erakartzea; gehienei ez zaie interesatu pentsatzea, eta egin besterik ez zuten nahi. Taldean guztien lanak aztertu eta komentatzeko interesa pizterik ere ez dut lortu. Horregatik, haur bakoitza bere ekoizpena egiten ari zen bitartean inguruan ibili behar izan dut, zerbait itsatsi aurretik ereduan horrela jarrita ote zegoen galdetzeko (sakontasuna eta perspektiba lantzeko aukera ematen zuten ereduek). Batzuk galderari heldu diote, eta bat ondoren etorri zait erakustera nola lortu duen bere krokodiloaren lau hanketatik bi gorputzaren gainetik eta beste bi atzetik itsastea, baina beste batzuk ez. Arte plastikoetako portfoliora irudiak igotzen ditudanean askoz hobeto ulertuko da esan nahi dudana.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina