2014/03/07

Collagearekin aurrera jarraitzen

Gaur hirugarren taldea igaro da plastikako txokotik collagean oinarritutako lana egitera. Bigarren taldea ez nuen jarduera hasi aurretik aulkietan esertzera behartu eredu bezala erabiliko genituen liburuak aurkezteko, eta nik egindako animalien collageen ereduak erakusteko, eta iruditu zitzaidan hasieran galduagoak egon zirela batzuk.

Ondorioz, gaur lehenengo taldearekin egin nuenera bueltatu naiz; haurrei aulkietan tenperekin margotzeko erabiltzen dituzten astoen parean esertzeko eskatu diet, astoetan liburuetako batzuk jarri ditut (guztiak collageen bidez ilustratuak, eta denak Leo Lionnirenak), eta azaltzen joan naiz nola eginda zeuden ilustrazio horiek, eta horrelako animaliak (igelak, saguak eta abar) nola egin daitezkeen azaldu diet nik egindako adibideen bitartez. Gainera, esan diet nik egindako animalien atalak haiek kartoi-mehe bat hartu eta horren gainean "errepasatzeko" (silueta marrazteko) erabil zitzaketela.

Horrela, haurrek modu autonomoagoan lan egin ahal izan dute, eta ni ez naiz hain estututa sentitu. Tutoreari kontatu diodan bezala, txokoan izan garen tartean ordulariari behin begiratzea eta guzti lortu dut! Aurrerapauso itzela (jesus, zein gutxirekin konformatzen naizen, barregarria da).

Tutoreari kontatu diot goizean (egunero 45 minutu goizago joaten gara eskolara jarduerak prestatzeko, bestela denborarik ez baitago) aste honetan behin baino gehiagotan haurrekin amets egin dudala, eta bi egunetan lo gutxi egin dudala, nire jarduera txatxu honi bueltak ematen, haurrei nola azaldu, zer aldatu eta abar pentsatzen...

Eta bitartean, nire tutoreak jarduerak burutzen ditu magoek kapelatik untxi zuriak ateratzen dituzten naturaltasun eta ustezko erraztasun handiz. Hain urrun ikusten dut nire burua horrela aritzen! Baina badakit hura ere ez zela jakitun jaioko, eta arituz bakarrik ikasiko dudala. Beste horrenbestetan aipatu dudanari jarraituta, nire gelakide batek esan zigun bezala, Arinaiztar izatea beste erremediorik ez dago aurrera egin nahi bada.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina