2012/12/15

Practicum, egunerokoa: P.D., senideak eskolan izatearen inguruan


Nire 4 urteko iloba egonaldi osoan ondoko gelan eduki dut. Nire tutoreak lehenengo egunean esan zion nahi zuenean guregana etortzeko izeba ikustera, eta baimena jaso zuenez, egunero etorri zait bisitan, batzuetan behin edo bitan, eta beste batzuetan sarriago. Bide batez, noski, gure gelako berriak kuxkuxeatzen zituen (batzuetan hori zen guregana etortzeko arrazoi nagusia), jarraian bere tutoreari eskaerak egiteko, dudarik gabe.

Jakin-mina nuen esperientziak izango zituen emaitzen inguruan. Practicuma hasi aurretik azaldu nion eskolara joango nintzela, eta biok geunden pozik elkar ikusiko genuelako.

Lehenengo egunean pixka bat larritu nintzen, jolas orduan berak eta bere gelako beste lagun batzuk, nik aurretik ere ezagutzen nituenak, batzuetan ilobaren bila eskolara joaten naizelako, jolas tokian gora eta behera eraman ninduten, eskutik hartuta, zirkoko txinpantzea bainintzan. Egunero horrela ibili behar baziren arraro samar sentituko nintzela pentsatu nuen, baina egun pare bateko gauza izan zen, eta gero beste edonoren moduan onartu ninduten.

Gure gelan ere hautsen bat harrotu zuen ilobaren eta bion harremanak. Koipetsu samarrak gara biok, musu eta besarkadak ditugu gustuko, eta nire gelako haurrek gogoan hartu zuten segituan. Batzuk ilobak jasotzen zuen trataera bera nahi zuten, beste batzuk jeloskor jarri dira momenturen batean, eta hura agertu orduko niregana hurbiltzen ziren, ni haiena ere banintzala adieraziz. Ilobak kiroltasuna mantendu du, baina azkeneko astea pixka bat gogorra egin zaio. Bere gelako haur batek nireganako grina nabarmena garatu du egonaldian zehar, eta azken asteetan harekin batera etortzen zen gure gelara, bera ere mimoak jasotzera, edo bakarrik etortzen zitzaidan. Azken egunetan emozioak areagotu egin dira, aste honetan egonaldia bukatuko nuela esan nielako guztiei (ilobari, nire gelako haurrei, baita ilobaren gelako laguntxoari ere). Atzo, ilobaren laguna mimoen bila etorri zitzaidanetako batean, iloba haren bila etorri zen, eta azkenean kexu agertu zen, lagunak beti nahi zuelako ni "bere izeba izatea". Argitu nien biei izeba nire ilobarena nintzela bakarrik, baina laguna ere oso gustuko nuela eta asko maite nuela. Jolas orduan ilobari aparteko mimoak eman nizkion, eta horrela amaitu zen astea.

Suposatzen dut izeba ikastolan edukitzeak ilobaren estatusean eraginen bat izango zuela, baina ni haren gelan izan ez naizenez, eta bere tutorea ni ikastetxera iritsi nintzen egun berean etorri zenez (ordezkapena egitera), ezin izan dut jakin eraginik izan ote den, ezta egotekotan, zenbatekoa izan den ere.

Bestetik, ilobak eta biok ez dugu denbora asko batera egin. Jolas ordu batzuetan bi gelak batera irten gara jolas tokira, baina beste askotan ez. Normalean bera lagunekin jolasten ibili da, eta ni irakasleen lanak egiten (inork minik hartzen ez duela behatu, eta "suak" itzali, gehienbat). Hala ere, aste honetan soka-saltoan ibili naiz harekin, eta senide bat eskolan izateak dakarren beste zailtasun baten inguruan ikasi ahal izan dut. Konturatu naiz ilobarekin besteekin baino bigunagoa ez izatearren, batzuetan gogorragoa nintzela; adibidez, besteei baino aukera gutxiago emanez saltoka ibiltzeko bere txanda iristean, eta orduan egindakoaz jabetu, eta hurrengo txandan konpentsatzen saiatzen nintzen. Erabat normala iruditzen zait hori gertatzea, eta ez diot aparteko garrantziarik ematen, baina pozten nau ilobaren gelan ez izanak, nire jokaera doitzea zailxeagoa egingo zitzaidalako horrela izan bazen. Badakit batzuetan irakasleek haien seme-alabak edo ilobak gelan ikasle izan dituztela; nire aiton-amonek, biak maisu-maistrak, nire bi lehengusu izan zituzten ikasle lehen hezkuntzan, eta suposatzen dut haiei ere berdin gertatuko zitzaiela. Pena amona duela urtebete hil zela, gustura galdetuko bainion horren inguruan, baita beste horrenbeste gauzei buruz ere.

Niretzat, hain begiko dudan iloba practicumean ondoan edukitzea sekulako "bonusa" izan da. Hura gabe ere zoragarria izanen zen, baina egoerak bestelako pizgarria eman dio esperientziari. Beraz, emaitza erabat positiboa izan da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina