Practicumean zehar idatzitako sarrera batean adierazi nuen egonaldiaren emaitza neurri handi batean tutorearen eskutik zetorrela, harekiko harremanak eta adostasun mailak berealdiko pisua zutela.
Atzo bi tutoreen urtebetetzeak eta nire agurra ospatzeko egin genuen hamaiketakoan izan nuen horri buruz hausnartzeko aukera. Aurretik ere jaso dut hemen tutoreaz gain, 4 urtekoen gelek badituztela beste irakasle batzuk: dantza, musika eta ingelesekoak, eta astean behin "apoio" deritzotena ematera datorrena. Irakasle horietako bat nire tutorearekin hitz egiten izan zen atzo, gure gelan dagoen haur bati buruz, mututze selektiboa duena. Ez zuen nik jarraian adieraziko dudana hitzez hitz esan, baina aditzera eman zuen ikasturtearen hasieran irakasle berriarekin lotsatzea onargarria bada ere, gabonak iristerako "mania" edo "kapritxo" hori gainetik kendu beharko lukeela. Antzaz, jakin zuen beste irakasleei hitz egiten ziela, eta berak ez zuen gutxiago izan nahi. Pozik (edo lasaituta) zegoen, egun hartan hitz bat esan ziolako. Nire tutoreak munduko diplomazia guztiarekin erantzun zion, baita umore pixka batekin ere, eta taldeko elkarrizketak beste norabide bat hartu zuen.
Niri sentiberatasun gabezia galanta iruditzen zait beste irakasle horren jarrera, eta izugarrizko enpatia falta. Haur guztiek dute berez helduak haiengandik eskatzen duena egiteko desioa, eta eskaera horri erantzuten ez badiote, atzean beti dago pisuzko arrazoiren bat; haurrarentzat pisuzkoa den zerbait, alegia. Ez da beti erraza izaten haurrarentzat garrantzitsua den hori zer demontre ote den asmatzea, baina irakasleak horretan saiatu behar du, hori da bere lanetako bat. Nire tutoreak ostegunean egin genuen ebaluazioan esaten zidan moduan, batzuetan asmatzen da, eta beste batzuetan ez. Asmatzen ez den horietan berak pentsatzen du etorriko direla atzetik beste irakasle batzuk, eta agian haiek izango direla gai berak eman ahal izan ez dion hori emateko. Jarrera apal eta osasuntsua iruditu zitzaidan norberaren mugak onartzetik abiatzea.
Bestetik, goraipatzekoa da nire tutoreak haur horren kasuan duen jarrera. Izan ere, haurra aurrerapausoak azkarrago egiten ari da beste irakasleekin, baita nirekin ere, berarekin baino. Eta tutorea da guztien artean haur horren gaineko kezka gehien duena, eta egoera kudeatzeko lan gehien egiten ari dena. Baina haurra berarekin blokeatzen da gehien, hain zuzen ere haurrarentzat eskolako heldurik esanguratsuena tutorea delako.
Nolakoa izan ote zen nire egonaldia tutorea bestelakoa izan balitz? Hasteko, suposatzen dut ez niola blog honen berri eman ahal izango. Beste gauza batzuk ikasiko nituen, dudarik gabe, hori bai, baina sintonia eza gogorra izango zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina