2012/12/15

Practicum, egunerokoa: bukatu da


Atzo bukatu nuen egonaldia eskolan. Hurrengo astean haurrei ipuin bat kontatzera joango natzaie arratsalde batean, eta urtarrilean gure bigarren lauhilekoa hasi aurretik gelan atera ditudan grabaketekin bideo txiki bat prestatu era erakustera joan nahi dut, baina horiek alde batera utzita, bukatu zait aurtengo practicuma.

4 urteko bi tutoreen urtebetetzeak eta nire agurra ospatzeko hamaiketakoa egin genuen atzo, eta aukera izan nuen guztiei haien laguntza eskertzeko, eta aurreko egunean tutorea eta biok bildu ginen nire egonaldiaren ebaluazioa egiteko. Azken hori izugarri eskertu nion tutoreari. Berez, berak egonaldiaren ebaluazioa idatzi eta zuzenean unibertsitatera bidali behar du, baina prestatutakoa niri hitzez azaldu nahi izan zidan, niri ere egonaldia ebaluatzeko aukera eman zidan, eta horrela esperientziaren koebaluazioa egin genuen bion artean. Oso erraza gertatu zitzaigun biontzat prozesua oso atsegina izan zelako. Benetako erronka behar du izan erosoa izan ez den prozesua koebaluatzea, baina hori beste kontu bat da.

Pozik iritsi nintzen practicumera, eta pozik noa ere. Badut pena, baina badakit horrela behar duela; bukaera izan behar duela, zikloa bete dela, eta orain hurrengo lauhilabeteko irakasgai berrietan pentsatzeko garaia iritsi dela. Gogoratuko ditut nire tutorea eta haurrak, dudarik gabe beti; niretzat lehenak izan direlako eta esperientzia ezinhobea izan delako. Horrez gain, ondoko 4 urteko gelan dudan iloba egunero ikustera ohitu naiz, eta pena emango dit egunean zehar haren bisitarik ez jasotzeak, baina han izan naizen asteetan jaso ahal izan ditudalako pozten naiz. Hala ere, uste dut hau ez dela ikastetxe horretan egingo dudan azken practicuma izango; haiek bueltatzera gonbidatu naute, eta nik bueltatu nahi nuke bertara. Beraz, jarraituko dugu elkar ikusten.

Tira ba, orain Pellorentzat txostena idatzi behar dut (ondo diot, "Pellorentzat" da, niretzako txostena jada idatzia dudalako blog honetan), eta listo!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina