Gure gelako haurretako bat bere jokabide prosozialengatik eta jokabidea erregulatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da. Horrez gaiz, eskolan hainbat garapenaren alderditan aurkezten zaizkion erronkei arrakastaz aurre egiten ohitua dago. Beraz, helduen munduak eskatzen dion horretan eta bere buruari jartzen dizkion helburuetan arrakasta izatera ohitua dago.
Aste honetako egun batean, jolastokian haurretako batzuekin soka-saltoan ari nintzela (sokari eragiten ni), bere txanda iristean aurrekoari bultza egin zion, eta bestea kexatu egin zen. Beste lagunak arrazoi zuela, eta lagunei bultza egin behar ez diegula adierazi nionean, hasarretu eta jolas egiteari utzi zion. Hasieran, txoko batera joan zen, eta gero bueltatu zen, baina ez zuen jolastu nahi izan, lagunek eta nik behin baino gehiagotan proposatu genion arren. Ez zuen hitzik egin nahi.
Jolasordua bukatu eta ikastetxearen atearen parean zerrendan jarri zirenean, beregana joan nintzen, gertatzen zitzaiona jakiteko. Haserre ote zegoen galdetu nionean, ezetz esan zidan, baina hortxe jarraitzen zuen, lurrari begira eta hitzik egin nahi izan gabe. Orduan konturatu nintzen sentitzen zuena lotsa eta frustrazioaren nahasketa zela. Gainontzeko haurrek jokabide erasokorrak askoz ere maizago izaten dituzte, eta damuak edo lotsak ez die horrenbeste denboraz irauten. Batzuk, naturaltasun osoz onartzen dituzte jokabide horiek, egokiak ez direla argi duten arren. Baina haur honek ez du hain erraz onartzen bera ere noizean behin erratzen dela. Ez dakit ondo edo gaizki egin ote nuen, baina esan nion egia zela laguna bultzatu zuela, eta hori ez dela egin behar, baina denok egiten dugula gauzaren bat gaizki noizean behin, eta ez dela ezer gertatzen; eta pena zela berak hitzik egin nahi ez izatea, oso gustuko nuelako berak hitz egitea. Eta gelara sartu orduko ahaztu zitzaizkion penak.
Gelan badira eskolako eskakizunak betetzen ez jakitera ohiturik dauden haurrak, eta horrek zama handia jartzen du haien bizkarretan, dudarik gabe; betetzen ez duten eskakizun bakoitzeko harri koskor bat gehitzen diote motxilari. Baina eskakizunak ondo betetzeko ohitura duten haurrei ere zama handi samarra jartzen diegu lepoan, haiengandik espero dugunaren listoia behin eta berriz igotzen dugulako. Horrek motibatzen ditu, bai, eta askotan haiek eskatuta igotzen dugu listoia, baina helduak garen aldetik neurria hartu behar diogu ikasketa-estilo horri.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina