2012/12/01

Practicum, egunerokoa: ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ikasleen ikuspuntutik behatzen jarraitzen, eta asteko ondorioak

Pellok egonaldirako eman zizkigun jarraibideen azken urratsa bukatzea maldan gora egiten ari zait. Aste honetan eskoletara bueltatu gara unibertsitatean, eta hortxe nabil, bost laranja airean ditudala malabarismoa egin nahian, gehienetan besomotz sentitzen. Baina, egia da ere gustuko tokian aldaparik ez dela, eta nik aukeratutakoa denez, pozik nago.

Tira, negarrari utzi eta ikasleetara joko dut. Pellok galdera hau bota zigun mintegietako batean: ikasleek irakasleak irakatsi nahi diena ikasten al dute? Hasteko, esango nuke haurrak hain direla azkarrak irakasleak kontrakoa nahi izango balu ere, ikasiko luketela. Niri egokitu zaidan gelan batzuetan ikasleek irakasleak jarduera jakin bat diseinatzean buruan zuen helburua bete dute, beste batzuetan proposatzen zitzaien urratsa urrunegi geratu zaie, eta beste batzuetan irakasleak nabarmendu nahi zuena alde batera utzita (edo horrez gain), beste zerbait ikasi dute. Adibide batzuk jarriko ditut jarraian.

Irakurketaren eta matematikaren hastapenak lantzeko jardueretan geratu dira agerian haurretako batzuen oztopoak nabarmenen. Adibidez, zentrazioa dela eta, zailtasun handiak zituzten aste honetako beste sarrera batean azaldu nuen ariketa egiteko, hiru soilarutako dorrearena, haientzat hiru pieza handiak eta hiru txikiak bereizitako multzoak zirelako, eta bati begiratzen bazioten ezin zuten bestea kontuan hartu. Nolabait esatearren, ez zitzaizkien guztiak aldi berean buruan sartzen. Hitzen silabak txaloen bidez banatzeko ariketetan, adibidez, agerian geratu da batzuk erabat ulertzen dutela kontzeptua, beste batzuk norberaren izenaren kasuan bakarrik ulertzen dutela, eta beste batzuk ez dutela inolako erlaziorik ikusten txaloen kopuruaren eta hitzen fonemen artean.

Jardueretako batzuetan ikusi ahal izan dut haurrak ez direla konturatzen nork ulertu duen eta nork ez. Adibidez, kopuruak lantzeko ariketa batean, hiru uztai lurrean jarri eta irakasleak ikasle bakoitzari uztai bakoitzean sartu beharreko argizarizko margo kopurua adierazten ziena, haurrak ez ziren jabetzen batzuen ariketa askoz ere zailagoa zela besteena baino. Haur bati uztai batean margo asko eta bestean gutxi sartzeko eskatzen zion irakasleak eta hurrengoari, aldiz, uztai batean bost eta bestean sei sartzeko esaten zion. Beste ariketa batzuetan, aldiz, iruditu zait galduta sentitu diren haurrak jabetzen zirela besteek ulertzen zuten zerbait haientzat ikustezin zela.

Hiru tamaina diferentetako uztaien ariketan ikusi nuen irakaslearen helburu ez zen zerbait ikasi zutela haurrek: ertainaren kontzeptua. Ariketa egin genuen astean batzuk behin eta berriz erabili zuten hitza beste testuinguru batzuetan, ikaskuntzaren transferentzia aplikatuz. Adibidez, haien burua ertain bezala deskribatu zuten, eta nire ustez horixe izan zen kontzeptuan erakargarrien iruditu zitzaiena: badakite txikiak ez direla, haiek baino txikiagoak direnak badituztelako eta inguruan, baina handiak ez dira oraindik, eta ertainaren kontzeptua ezinhobea iruditu zitzaien. Eta hortik aurrera, toki guztietan hasi ziren gauza ertainak ikusten.

Motibazioaren inguruan, batzuena intrintsekoa eta egonkorra den bitartean, besteena kanpotik dator ia beti. Haurretako batek joan den astean esan zidan gela aspergarri hutsa zela (la clase es un rollo, hitz horiekin), eta lau urte besterik ez ditu! Haur batzuk parean erronka bat jarri eta haien hitzak "nik ez dakit", "hau oso zaila da", "ez dut nahi" dira, edo batzuetan alde egiten dute zuzenean. Haien ondoan etengabeko errefortzua emanez egonda soilik egiten dute aurrera, eta jarduera amaitzen dutenean aurpegian erakusten duten harrotasuna eta poza benetan izugarria da, baina tutorea bakarra da eta maiz ezin die banakako arreta eskaini. Haur batzuk jada ikasi dute erronken aurrean normalean gailentzen direla, eta beste batzuk normalean porrot egiten dutela. Askotan batzuen eta besteen porroten kopuruak berdintsuak dira, baina jarrera erabat diferentea dute: batzuentzat porrota ikastearen urrats bat da, eta besteentzat bidearen amaiera. Ikaste horiek oso azkar garatzen dira, eta eraldatzen oso zailak dira. Gainera, motibazioan ezezik, autokontzeptuan eta autoestimuan eragin izugarria dute. Gela aspergarria dela esan zidan haurrak bere burua ergel bezala definitu zidan egun batean, eta hori ez da kasualitatea.

Azkenik, egonaldian argi ikusi ahal izan dut haurrek Brunerren aurkikuntza bidezko ikaskuntza aplikatzen dutela, zehatzetik abstraktura doana, haien gorputzaren bidez manipulatuz hasi eta buruan irudikapena eraikiz bukatzen dena. Vygotskyren garapen eremuen teoria ere betetzen dela iruditu zait, eta tutoreak haur bakoitzaren garapenaren alderdi bakoitzean edo gaitasun bakoitzean hurbileko garapen zonaldea kokatzen jakin behar duela ikusi dut, eta zonalde hori egunetik egunera aldatzen doanez tutorearen behaketak dinamikoa izan behar duela. Eta guzti hori 19 haurrentzat egin behar dela, urteko egun gehienak betetzen dituen lanean. Buruaren entrenamendu sendoa eskatzen du irakasle lanak, dudarik gabe.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina