Gelako lagunek haien egonaldia bukatu duten arren, nik hantxe jarraitzen dut ikastetxera joaten, hilaren 14a arte. Gutxinaka bada ere, banoa nire lanetan aurrera egiten, eta oraingoan egonaldiko lehen astean egin nuen autobehaketako ariketa eguneratu eta osatu dut. Haur bakoitzari buruz idatzitakoaren jarraian daude nire azken ondorioak. Hona hemen emaitzak, lehenengo astekoak errepikatuta, eta zazpigarren astekoak gehituta:
“1” haurra
1. astea
Haur alaia iruditzen zait, oso gozoa, oso heldua, atsegina,
elkarrekintza atsegin du, hizkuntza aberatsa du, bere gauzak kontatzea gustuko
du, autonomoa da, irekia, eta sortzailea marrazkiak egiten. Lagunak erraz egin
ditu eta bere taldetxoan lidergoa du; sozializaziorako baliabide asko dituen
haurra da. Ikasturte honetan iritsi da lehen aldiz ikastetxe honetara, eta oso
ondo moldatu da. Erraz moldatzen da egoera ezberdinetara. Ez da tematia, ezta
kasketosoa ere. Ez da ez motelegia, ez urduriegia ere; justu tartekoa (beno,
aukeran mugituagoa da lasaia baino). Fisikoki ere oso atsegina da: polita da,
garbia, azal leunekoa, liraina, ahots atseginekoa; oso espresiboa da.
Psikomotrizitateko saioan ez nuen aukerarik izan bera arretaz behatzeko; jolas
sinbolikoan aritu zen asko, baina jolas motorrean trebe iruditu zitzaidan ere.
Neskekin jolasten du, bereziki bere taldetxoan.
Erabat eroso sentitzen naiz berarekin, badakidalako ez duela
inolako “arazorik” sortuko, gehien jota berari entzutea nahiko du, edo galderak
egin, baina kargantea izan gabe.
7. astea
Egonaldia bukatzen ari den unean aurretik esandakoak
mantentzen ditut. “1”ek gelako lidergoa mantendu du, baita areagotu ere. Horrez
gain, gelako mutilen erdia berarekin maiteminduta dauzka, eta guztiek nahi dute
bere ondoan eseri. Berezia da ikustea lidergoa edukitzea ez dagoela
protagonismoari lotuta, gelan behintzat "1"ek ez baitu bereziki parte hartzen.
Hala ere, badu halako karisma edo, eta haurrek nabaritzen dute. Jokabide
prosozialak baditu ere, baina agian “2”k baino gutxiago, eta horrela izanda
ere, hark baino lidergo nabarmenagoa du. Garapen kognitiboari dagokionean, oso
ondo moldatzen da zenbakiekin eta hitzekin, baina ez du trebetasun horiek
agerian jartzeko nahi berezirik erakusten. Bere marrazkiak erakustea gustukoago
du. Borobileko taldeko jardueretan erraz despistatzen da, ondoko neskaren
batekin hizketan, baina atentzioa deituz gero, arreta berreskuratzen du.
“2” haurra
1. astea
Haur argia da, guztia da oso elaboratua beregan: hizkuntza oso
aberatsa eta egokia du, marrazketan oso sortzailea da. Berrikuntza gustuko du,
alde batetik atentzioa deitzeko, baina ez horretarako soilik. Erabateko
“seƱorita” da, poxpolina, nagusien keinuekin gauza batzuetan, eta pixka bat
“askojakina”, baina ez gehiegi. Irekia da, ikastea asko interesatzen zaio
(bereziki idazketa-irakurketa), eta ez dakienaren aurrean naturaltasunez
jokatzen du, larritu gabe, lotsatu gabe, edo haserretu gabe. Guztiekin ondo
moldatzen da, baina ez du beste inoren behar berezirik, bere buruarengan
konfiantza handia du. Lasaia da gelan, baina psikomotrizitateko gelan asko
disfrutatzen du oso fisikoa den jolas motorrarekin; badirudi oso ondo
erregulatzen duela egoera bakoitzak eskatzen duen jokabidea, naturalki
ateratzen zaio, garapen orekatua du arlo guztietan. Gozoa da, baina ez gozoena.
Fisikoki oso atsegina da: polita, azal leunekoa, liraina, garbia, ahots
indartsukoa; oso espresiboa da. Neskekin jolasten du.
Berarekin ere oso eroso eta gustura sentitzen naiz. Pixka
bat askojakina izateko joerak niri ez dit negatiboki eragiten, baina iruditzen
zait beste pertsona batzuei agian momenturen batean astuna irudituko zaiela.
7. astea
Egonaldiaren hasieran lidergo gehiago zuen gelan, baina “1”k
“tokia” hartu dio pixkanaka, eta “2”ek ondo hartu du aldaketa. Bere
protagonismo nahia apaltzeko balio izan dio, borobilean ez du lehen bezain
beste parte hartzen, baina ez zaio horregatik triste ikusten. Jokabide
prosozial gehien dituen haurra da, bereziki sentikorra da harremanetarako
zailtasun gehien duten haurrekiko. “14”rekin pixka bat babesleegia da
batzuetan.
“3” haurra
1. astea
Izaera aldakorragoa du; zertxobait bihurria izan daiteke, baina
maneiagarria den tamainan. Pixka bat despistatua da, dispertsiora jotzen du.
Kolektiban toki nahiko finkoa du, leihotik gertu. Argia da, bereziki
zenbakiekin, baina ez du besteen aurrean dakiena harro erakusten. Marrazten ez
da hain trebea, baina irudimena du. Bere presentzia nahiko oharkabean igarotzen
da gelan, ez du izugarrizko zalapartarik sortzen, noizean behin pailazokeriak
egin arren. Gutxi samar behatu dudala konturatu naiz. Fisikoki gustuko dut,
sagutxo aurpegia du, sudur oso polita eta fina du, azala leuna, begi izugarri
politak. Ez da batere lausengaria nirekin; izan ere, nirekiko interes gutxi du.
Mutilekin jolasten du gehiago.
Gustura nago berarekin, bakarkako harremanean irekia da, eta
eroso sentiarazten nau.
7. astea
Psikomotrizitateko gelan ausartena da, “17”ekin batera;
ausartegia batzuetan. Jauziak eta adrenalina maite ditu, baina beste muturrean
kantatzea oso gustuko du ere. Izaera oso aldakorra du; mehatxua sumatzen badu
sutan jartzeko segundo bakarra nahikoa du, baina momentu horretan berarekin
hitz eginez bere haserrea kontrolatzea lortzen du gehienetan. Min hartutakoan
kontsolamendurik ez du erraz onartzen, laztanak ezta ere, eta guzti horri bere
ama inoiz aipatu ez izana lotuz (aita bai aipatzen du maiz), jasotzen duen
goxotasun mailaren inguruko galderak pizten ditu. Nirekiko interesa asko
areagotu zaio, nire ustez babesa eta goxotasunaren bila. Oso alaia da, eta oso
mugitua. Soka saltoan ikasi duen mutil bakarra da, azkar asko gainera.
Gaztelaniaz oso ondo hitz egiten du, baina euskaraz askoz ere erraztasun
gutxiago du. Marrazketan, atzean mamuak ezkutatzen dituzten zirriborroetara jotzen du, "17"ren moduan. Arreta denbora luzez mantentzea eskatzen duten eskulanetan erraz galtzen du motibazioa, eta kanpoko errefortzua behar du bukatzeko. Alderdi fisikoan, hanka puntetan ibiltzeko ohitura du, momentuz
nabarmenegia ez dena, baina areagotuko balitz arazo bihur litekeena.
“4” haurra
1. astea
Sekulako neska puska da, fisikoki handia, ahots
indartsuarekin. Horrek, ordea, ez dio bere buruarengan konfiantzarik ematen,
eta nahiko kexatia da, bere burua ahul ikusten du eta etengabe irakaslearen
bitartekaritza bilatzen du. Justiziaren zentzu zorrotza du, eta gaizki
iruditzen zaion zerbait ikusten badu, segituan salatzen du. Hala ere, besteei
buruz hitz egitean oso zintzoa da;
adibidez, jolastokian gatazkaren batean bitartekaritza egin eta tutorearengana
joan zen “batek esan du honela eta bestela gertatu dela, baina nik ez dut
ikusi” esanez. Oso argia da, zenbakiekin eta irakurketan bereziki. Oso alaia
eta irribarretsua da. Helduengana asko jotzen duenez, haiekin harremana asko
lantzen du, gertutasun fisikoaren bidez, begiradaren bidez, eta elkarrizketaren
bidez. Oso obedientea da, segur aski helduaren onespena errazago lortzeko.
Berdinekin harremanean segurtasun eza sortzen diote bromek, eta horiekiko oso
jokabide zurruna du. Alderdi psikomotorrean garapen nabarmena izan du azken
urtean, baina hala ere ez dago trebeenak direnen artean; zuhur samarra da
psikomotrizitateko gelan, baina disfrutatzen du. Fisikoki, alde batetik oso
atsegina da, aurpegi oso polita duelako, baina bere gorputz handia eta ahots
indartsua direla eta ez da samurtasuna transmititzen duen haur horietakoa;
bestetik, oso espresiboa da. Neskekin jolasten du, baina ez du taldetxo
finkorik.
Hasieran oso atsegina eta gustukoa egin zait, baina
pentsatzen dut denborarekin bere izaera kexatiak iritzia aldatu arazi
nazakeela, astun samarra bihurtuz. Autobehaketako ariketa honi esker uste dut
hori gertatzea ekidin dezakedala.
7. astea
“2” bere txokoetako taldera ekarri izanak asko lagundu dio
harekin harremana estutzen, eta orain bere gustukoak diren nesken taldean
integratuagoa dago eta bere estatusa hobetu denaren sentsazioak bere
buruarengan konfiantza gehiago eman dio. Bere kexuak gutxiagotu dira aste
hauetan, bere harremanak zabaltzen ari dira, eta gutxiagotan jotzen du
helduarengana. Marrazketan ez da txukunenetakoa; ez du nahikoa pazientziarik
gauzak kontuz egiteko, baina ez da bereziki deigarria. “4” ez zait batere
astuna iruditzen, maitagarria baizik. Alderdi fisikoan, lasterketan eta saltoka
ez da trebeena, eta aurrerantzean horrela jarraituz gero, oin zapalen arazorik
ez duela ziurtatu beharko litzateke.
“5” haurra
1. astea
Seduktore perfektua da; bigarren goizean musuz bete ninduen
galtzerdian sartutako eskuarekin, eta hirugarren arratsaldean guapa deitu nau.
Ez da horrelakoa helduekin bakarrik; berdinekin ere oso maitekorra da, agian
gela guztiko eztitsuena. Kontaktu fisikoa oso leuna du, oso laztantsua. Oso
ameslaria da, irudimen bizia du, bereziki marrazketan. Lausengatzailea den
bezalaxe, zirikatzailea ere izan daiteke berdinekin, baina atentzioa deituz
gero jokabidea aldatzen du (momentuan); ez da batere bihurria. Oso argia da,
talde osoko ariketak batzuetan errazegi egiten zaizkio eta deskonektatzen du.
Oso gozoa da, irribarretsua eta txintxoa helduari zuzentzen zaionean (ez
horrenbeste berdinekin jolasean). Psikomotrizitatearen aldetik garapen erabat
normala du; hala ere, psikomotrizitateko gelan interes gehiago zuen jolas
sinbolikoan motorrean baino. Neskekin zein mutilekin jolasten du. Nirekiko
interesa du nobedadeagatik. Fisikoki oso atsegina da; bakea transmititzen du
bere aurpegiak, pekaz betetako azal leuna du, liraina da, eta ahots gozoa du, oso
espresiboa da.
Gustura nago berarekin , baina ez dut amore ematen bere
gertutasun eta esklusibotasunaren bilaketaren aurrean. Lehen momentuan, bere
gertutasun fisikoa pixka bat gehiegizkoa iruditu zitzaidan, aitortu beharra
daukat. Erabat eroso ez naiz sentitzen, ez dakidalako zenbateraino gerturatu
nahi duen, egia esan, eta horren aurrean nola jokatu ez dudalako landu.
Berarekiko gertuegi egon nahi ez izateagatik, azkenean urruntzea gerta dakidala
uste dut, eta hori txarra litzateke.
7. astea
Nirekiko interesa orekatu dugu, eta oso eroso nago
berarekin. Guztiekin ondo moldatzen den haurra da. Gaztelaniaz oso ondo hitz
egiten du, baina euskaraz erraztasun gutxiago du. Guztien aurrean hitz egiteak
urduri jartzen du eta orduan pixka bat hitz motela da, hitzak eztarrian
trabatzen zaizkio. Taldean ez du asko parte hartzen, eta batzuetan beste
lagunekin lardaskatzen galdu egiten du haria.
“6” haurra
1. astea
Bere ezaugarririk deigarriena hizketarako duen zailtasuna
da: erabat eztarrikoa den ahotsa, ulertzen oso zaila, hitz egitean goiko
hortzak agerian uzten dituen keinuarekin batera, burua pixka bat atzealdera
botaz egiten duena. Pixka bat hitz-motela ere bada batzuetan, edo hori iruditu
zait behintzat. Hizkuntzarekin duen arazoa erabat fisikoa dela dirudi.
Komunikazio-gaitasun urria du, baina aurpegiko espresibotasunak laguntzen dio
pixka bat hitzarekin esan ez dezakeen hori adierazten. Hala ere, ez da batere
lotsatzen, eta taldeko jardueretan parte hartzen du, oso positiboa dena. Txanda
itxoitea kosta egiten zaio, eta komunikazio-gaitasun urria duten beste haur
batzuekin haserreak eta gatazkak ditu. Argia da, baina ez du bere buruarengan
konfiantza gehiegi. Erasokortasun nabarmenena izan duen espazioa
psikomotrizitateko gela izan da, bertan nahiko ugariak diren gatazkak
konpontzeko hizkuntzaz baliatu ahal ez izateak eta frustrazioarekiko
tolerantzia urriak sortuta, esango nuke. Psikomotrizitatearen aldetik garapen
normala duela iruditu zitzaidan saioan, baina ez nuen behar bezala behatzeko
aukerarik izan, gehienbat jolas sinbolikoan murgilduta egon zelako, eta ni
jolas motorraren aldean geratu nintzen. Mutilekin jolasten du gehiago. Fisikoki
ez da bereziki atsegina, gehienbat hitz egiten duenenean, azaldutako keinu hori
dela eta; azala leuna du, gorputza liraina, begiak oso politak, baina horiek
itzalpean geratzen dira nolabait.
Gustukoa dut, eta horretan eragina du nire tutoreak
berarekin duen harreman gertuak, esan beharra daukat. Hau da, neurri batean,
bera gustuko dut nire tutoreak gustuko duelako. Berarekin eroso sentitzen naiz,
baldintzak kontuan izanda; ez dut harremana saihesten, baina ez dut aktiboki
bilatzen ere, aitortu beharra daukat. Ez dit beldurrik ematen, samurtasuna
eragiten dit, eta uste dut ez didala penarik ematen, baina ez nintzateke
ausartuko %100ean hori ziurtatzen.
7. astea
Egun gutxitan ohitu nintzen bere komunikatzeko modura, eta
segituan ikasi nuen hark esandakoak ulertzen. Ondorioz, bere oztopoak ia
oharkabean joaten zaizkit orain. Aste honetan haserreak eta gatazkak gutxitu
direla iruditu zait. Oso atsegina egiten zait “6”, gustuko dut. Pixka bat
lotsatia da, eta guztien aurrean hitz egitean harrotuz doa, kosta egiten zaio
urduritasuna kontrolatzea, “15”i edo “3”ri gertatzen zaien moduan.
Pailazokeriak egitera jotzen du, eta tutoreak geratu egiten ditu jokabide
horiek.
“7” haurra
1. astea
Lehen egunetan ziurrenik oharkabean pasako zitzaidan nire
tutoreak berari buruz hitz egin izan ez balit. Hau da, ez da asko nabarmentzen
den haurra, ez baitu asko parte hartzen, baina gutxiegi ere ez, itxuraz gauzak
egiten dabil han eta hemen, eta fisikoki ere ez da deigarria. Hala ere, arretaz
begiratuta badu zerbait arraroa. Haur gehienek samurtasuna transmititzen duten
bitartean, berak sentsazio metalikoa ematen dit, nolabaiteko hotzikara. Horri
buruz pentsatzen, iruditu zait bere aurpegiaren espresibotasun urriak eragina
dela. Beno, espresibotasun gutxi izateaz gain, batzuetan halako irribarre
horizontala du finkatuta aurpegian, hitz egitea zailtzen diona, ezpainak behar
bezala ixten uzten ez diolako. Ahotsa ere oso baxua du, eta dagokion adina
baino txikiagokoarena den tonuan hitz egiten du. Besteen aurrean hitz egiten
hasi orduko, badirudi damutzen dela eta ez duela jarraitu nahi. Nahiko estutzen
da taldearen aurrean hizketan; denbora pasa ahala bere antsietatea handituz
doa, eta burua alde batera okertzen du, ilea kiribiltzen hasten da, galtzak
igotzen... Argia da, baina bere buruarengan konfiantza handirik ez du, eta
besteek diotenaren arabera aldatzen du bere iritzia. Bakarka berarekin egotean
bestelakoa da, adore gehixeago du. Ekoizpen urria du, bai eraikuntzan, baita
marrazketan ere. Komunikazio-gaitasuna nahiko urria du, baina ez da esaldiak
eraikitzen ez dakielako, hitz egitea kosta egiten zaiolako baizik. Horrez gain,
aulki batean esertzen den orduko etengabe igurtzikatzen da horren kontra, eta
hori ez litzateke arazo izango honegatik ez balitz: eskuekin ezer egitea
eragozten dio gehiegizko mugimendua dela eta. Alderdi psikomotorrean garapen
normala du, jolas motorra eta sinbolikoarekin disfrutatuz. Berdinekin
harremanetan ez dut nahikoa behatu iritzia emateko. Neskekin gehiago jolasten
du. Fisikoki ez da desatsegina, baina duen harridura aurpegiak ez du bereziki
erakargarri egiten. Gorputza argala du oso, azal leuna, eta altua den arren
txikia izatearen sentsazioa ematen du, nolabaiteko hauskortasuna transmititzen
du.
Nahiko sentsazio neutroak sorrarazten dizkit, ez hotz eta ez
bero. Berarekin konektatzen duzunean atsegina da, baina bestela oharkabean
pasatzen da bere presentzia. Gela zalapartatsu batean erraz “ahaztu” nezake
bera hor dagoela, eta ariketa honek lagun dezake horrelakorik ez gertatzen.
7. astea
Helduarekin elkarreragin gutxi bilatzen duen haurra da
orokorrean. Jolastokian berdinekin oso gustura jolasten du, harreman erabat
normalak ditu, eta ez da batere gatazkatsua. Hala ere, bada haur horrengan
kezkagarria den zerbait, zehazki zer den asmatzerik lortu ez den arren. Aulkian
igurtzikatzearenak berdin jarraitzen du, edo areagotu dela esan liteke. Haurra
zertxobait hipertonikoa da orokorrean. Erabat maitagarria da, bere presentzia
oharkabean pasatzen bada ere.
“8” haurra
1. astea
“16”rekin batera, tamainaz txikiena, baina ez horregatik
ahula. Ez du asko parte hartzen, eta taldearen aurrean lotsatzen da,
pailazokeriak egitera joz eta harrotuz. Irakurketa-idazketan ez dago gelako
azkarrenen artean momentu honetan, eta erantzun zuzenak bermatzeko ereduetara
jotzen du edo denbora hartzen du. Ausarta da; nire izena galdetzen ausartu zen
lehen egunean, baita zertara nentorren galdetzera ere, “6” lotsatu zen arren.
Irekia da, alaia eta oso espresiboa; pixka bat bihurria ere. Berarekin hitz
egitean, gustuko du bere gauzak kontatzea. Toki nahiko finkoa du gelan,
leihoaren inguruan esertzen direnen artean. Nahikoa behatu ez dudala
konturatzen naiz. Fisikoki ez da bereziki atsegina, ezta desatsegina ere;
aurpegitxo polita du, begi bizi-biziekin.
Gustuko dut, baina ez da nire interes eta samurtasuna gehien
erakartzen duena. Erraza iruditzen zait denbora pasa ahala beraz “ahazten”
joatea, hori gerta ez dadin neurriak hartu ezean.
7. astea
Esfortzu kognitiboa eta arreta mantentzea eskatzen dioten
jarduerak saihesten saiatzen da. Ondorioz, eraiketa txokotik kanpo egiten diren
jarduera ia guztiak ez ditu gustuko. Atzeraturik geratu ohi da, helduaren
laguntzarik gabe ez baitu lortzen jardueretan aurrera egiteko motibazioari
eustea. Besteen alboan atzeraturik geratzeak eragiten dion frustrazioa ez du
ondo kontrolatzen, eta batzuetan saiatzen da jarduera hala moduz bukatzen,
emaitza kaskarrarekin bada ere. Bere erasokortasuna areagotzen joan da asteak
aurrera egin ahala, bereziki jangelan. Egonaldiaren hasieran bere izena
idazteko zailtasuna zuen, eta eredua aurrean izanda ere kosta egiten zitzaion,
baina orain azkar idazten du bere kasa. Hala ere, iruditzen zait ez duela
sentitzen nahikoa gauza “zuzen” egiten duenik, eta horrek bere autoestimuan
eragina duela, erasokortasunaren bidez kanporatzen duelarik. Anaia txikia ere
jaio zaio, eta horrek izango du eragina ere, dudarik gabe. Gaztelaniaz ondo
hitz egiten du, baina euskaraz ez dauka horrenbesteko erraztasunik.
“9” haurra
1. astea
Haur argia da, zenbakiekin eta hizkiekin trebea. Hala ere,
beregan deigarriena komunikazio-gaitasunean duen atzerapena eta kasketak dira.
Kasketa harrapatzean minutuak egin ditzake garrasika eta negarrez, bera ere
aspertuz (aho zabalka ikusi nuen behin). Hizkuntzari dagokionez, ahoskatzeko
zailtasunak izateaz gain, ez ditu esaldiak josten, hitz solteak kateatuz
azaltzen ditu bere ideiak. Aurpegiaren espresibotasunarekin osatzen du nolabait
bere komunikazioa, baina ez du lortzen erabat eraginkorra izatea. Nahiko erraz
despistatzen da gelan. Frustrazioari aurre egiteko arazoak ditu, eta etengabe
kasketak hartzen ditu, batzuetan arrazoi nahiko arbitrarioak direla eta. Ez du
asko parte hartzen taldeko jardueretan. Urduritasuna eragiten dioten egoeretan
(jolastokira atera baino lehen, etxera joateko ordua iristean,
psikomotrizitateko gelara joatean) jokabidea erregulatzeko arazoak ditu, eta
maiz gatazkak ditu berdina gertatzen zaien beste haur batzuekin (“17”, “6”).
Mimoak jasotzea gustuko du, horrek asko lasaitzen du. Psikomotrizitateko saioan
ez nuen bera arretaz behatu, baina iruditzen zait garapen normala duela.
Nirekiko esklusibotasuneko harremana bilatzen du eta lortzen ez duenean
haserretzen da. Jolastokian ez dut nahikoa behatu, baina uste dut mutilekin
ibiltzen dela, bereziki trizikloan, horrek txandak kudeatzeko arazoak sortzen
dizkiolarik. Fisikoki aurpegi berezia du; Mongoliako estepetatik datorrela
dirudi, eta hantxe imajinatzen dut nik, zaldi baten gainean haizea aurpegian
sentituz.
Gustuko dut, baina uste dut bere kasketak nahiko nekagarri
suerta daitezkeela denborarekin, eta berarekin komunikazioa jariakorra ez
denez, berarekin harremana bereziki ez bilatzera eraman zaitzake. Nirekiko duen
jarrerak ez nau estutzen, ondo kudeatzen dut. Negarrak, aldiz, ez daramatzat
hain ondo; niri zail egiten zait haur bat negar egiten uztea, horri amaiera
emango dioten gauzetara jotzen dut (hitz egitea, laztantzea...), eta ez daukat
oso argi kasu honetan zer den egokiena.
7. astea
Kasketak ahuldu zaizkio aste hauetan, baina berak nahi duena
lortzen ez duenean haserreak mantentzen dira (borobiletik alde egiten du, mahai
azpian sartu, etab.), eta burugogorra da oso. Harremanetarako trebezia oso
urria du, eta komunikazio gaitasunean aurrerapenak eskasak izan dira epe
honetan. Berdinekin harremanetarako baliabiderik ez duenez, nirekiko interes
bizia izaten jarraitzen du. Bere buruan esaldiak osatzen dituela esango nuke,
baina horietatik hitz batzuk baino esaten ez dituela, eta hain tonu baxuan
gainera, dioena ulertzea zaila izaten dela maiz. Gustuko dut, batzuetan astuna
eta kudeatzen zaila suerta daitekeen arren. Alderdi psikomotorra gehiago
lantzeak mesede egingo liokeela iruditzen zait, bai garapenaren alderdi
fisikotik, baita sozialetik ere.
“10” haurra
1. astea
“4” nesken artean denaren modukoa da “10” mutilen artean; sekulako
mutil puska. Beldurrik ez duela dioen arren, ostiralean “zine saioa” izan
genuenean negarrez hasi eta tutorearen magalean esertzera joan zen bakarra izan
zen. Ez dut nahikoa behatu garapen kognitiboari dagokionez, beraz, ez dut ezer
esango. Lehen egunean nirekiko pixka bat mesfidati agertu zen arren, oso ondo
hartu nau ondoren. Oso txintxoa iruditu zait lehen egun hauetan, baina tutoreak
esan dit badakiela bihurria izaten. Gatazka gutxi du gelan, ez da etengabe
borrokatzen denetakoa. Psikomotrizitateko saioan oso indartsu eta trebe ikusi
nuen jolas motorrean; handia den arren ez da batere baldarra, baina jolas
sinbolikoan aritu zen denbora gehiena. Mutilekin jolasten du gehienbat, baina
jolastokian ere ez dut nahikoa arretaz behatu. Kolektiban leihoaren inguruan
esertzen den horietakoa da, baina batzuetan tokiz aldatzen da. Fisikoki berezia
da, aurpegia helduarena duelako erabat, eta horrek kontrastea sortzen du duen
adinari dagozkion jarrera normalak erakusten dituenean.
Gustuko dut, oso prestua iruditzen zait. Eroso sentitzen
naiz berarekin.
7. astea
Garapen kognitiboaren ikuspegitik, ez da nabarmentzen, ez
“goitik” ezta “azpitik” ere. Hori bai, dakiena etengabe erakusteko beharra
dauka edo, hobe esanda, besteek ez dakitena agerian uzteko beharra. Zentzu
horretan, oso esataria da, eta gelako besteek “gaizki” egin edo esaten dituzten
gauzak behin eta berriz salatzen ditu bere ahots ozenarekin. Besteei burlak
egitera iristen da, oso zakarrak ez diren arren. Bera baino ausartagoa eta
desafiatzaileagoa den norbaiten arrimoan kontra egin dit aldi pare batean,
baina errieta eginda segituan ematen du amore eta damutzen da. Kritikak ez ditu
ondo hartzen, haserretuz eta negar eginez. Korrika eta saltoka ez da trebea,
eta horrela mantenduz gero oin lauekin arazorik ez duela ziurtatu beharko
litzateke. Gustuko izaten jarraitzen dut, baina prosozialak ez diren jokabide
horiek ahultzen lagundu behar zaiola iruditzen zait, bere onerako, eta
taldearen mesederako.
“11” haurra
1. astea
Taldean erabat oharkabean igarotzea da bere ezaugarririk
nabarmenena. Ez du liskarrik, ez du asko parte hartzen, baina ez du atentzioa
deitzen bereziki pasiboa izateagatik ere. Irudimen bizia du, jolas sinbolikoan
erabat murgildua dago, bere espazio-ontziekin eta ezpatekin jolasean. Zenbakiekin
eta hizkiekin ondo moldatzen da, baina ez die izugarrizko garrantzirik ematen
ere; galdetzen badiozu erantzun zuzenak ematen dizkizu, baina ez da
erantzunarekin helduarengana joaten aprobazio bila. Beldur nintzen agian
beharrak azaltzeko orduan uzkurra zela, baina ikusi nuen kolektiban parte
hartzeko eskua altxatu zuen batean zalaparta sortu zelako txanda-pasa egin
ziotela, eta ondoren konformatu ordez berriro altxatu zuen eskua berak zerbait
kontatu nahi zuela esanez. Bere marrazkiak oso bereziak iruditu zaizkit. Bi
egunetan ikusi dut marrazten, eta bietan marrazki bera egin du, orria
ertzetatik hasita kolore bizietako orbanekin betez, trazu bertikalak erabiliz
beti. Zer zen galdetuta, etxea zela esan zidan; eta atea eta leihoak non zeuden
galdetzean, berriz, ez zegoela. Haur guztiekin moldatzen da berdintsu, ez du
erabat finkoa den tokirik kolektiban, eta jolastokian ere haur ezberdinekin
jolasean edo bere buruarekin hizketan ikusi dut. Psikomotrizitateko saioan ez
nuen arretaz behatu, baina uste dut gehienbat jolas sinbolikoan ibili zela.
Fisikoki izugarri polita da, bakea dario.
Gogokoen ditudanen artean dagoela aitortu beharra daukat,
hain da lasaia! Eroso sentitzen naiz berarekin, eta gustuko dut bere kontu
ameslariak entzutea.
7. astea
Psikomotrizitatearen aldetik, garapen erabat normala du.
Soka saltoan ibili da, baina sugearen jolasean soilik, salto egiten ausartu
gabe. Oso ondo moldatzen da txoko eta jarduera guztietan, eta ez du inoiz
liskarrik sortzen. Bere marrazkiek gelako berezienak izaten jarraitzen dute; giza irudiak egitean, adibidez, ardatz bertikalean marraztu beharrean, horizontalean egiten ditu, eta sagu zaharrak dirudite, politak benetan. Konfiantza hartzeko denbora behar izan du, eta ez da
belarriekin txalo egiten dizun haur horietakoa, baina badaki keinu txikien
bidez bere gertutasuna adierazten. Nire begikoa izaten jarraitzen du, baina
arreta beste batzuk bereganatzen dute.
“12” haurra
1. astea
Nahiko lotsatia da, eta ez du asko parte hartzen taldeko
jardueretan, baina bere gustuko ez den zerbait egiten badiote ez da
kikiltzen.Oso lasaia da, eta bakarka berarekin egotean bere gauzak kontatzea
gustuko du. Egoera lasaia denean “soltatzen” da hobekien. Bere anaia txikia
garrantzitsua da bere bizitzan, eta jolastokian hura zaintzea bere lehentasuna
da jolasaren aurretik. Anaiarekin oso maitekorra da, baina gelako lagunekin ez
horrenbeste. Esan beharra daukat ez dudala behar bezala behatu bere garapen
kognitiboa. Psikomotrizitateko saioan gustura ibili zen jolas motorrean nahiz
sinbolikoan. Ez da nesken taldetxoko partaide finkoa; haur ezberdinekin
jolasten du. Hizkuntzaren garapen egokia du, eta ahots nahiko baxua du, ez
indartsua; nahiko isila da. Haur txintxoa eta arduratsua da, ez dago beregan
bereziki deigarria den ezer. Esango nuke bere buruarengan nahiko konfiantza
duela, baina ez dut nahikoa behatu hori ziurtatzeko. Fisikoki, bere begi-zulo
beltzek keinu tristea ematen diote aurpegiari, baina keinua baino ez da, zeren
eta esango nuke bere modura alaia dela. Ez da izugarri espresiboa.
Gustukoa dut “12”, inolako arazorik sortzen ez duen haur
horietakoa da, lasaia. Berarekin harremana lantzeko astia hartuz gero, uste dut
emateko asko duela.
7. astea
Lotsatia baino, isila dela esango nuke. Praktiko eta
errealista ere bada; elkarren artean gelakoak jotzeari buruz hizketan ari ginen
batean zuzenean esan zidan patxada osoz han denek jotzen zutela noizbait. Bere
garapen kognitiboari garrantzi handia ematen dio, eta arretaz behatzen ditu
besteak, bereziki besteen arlo arrakastatsuenak, berak ere trebetasun berriak
eskuratzeko imitazioaren bidez. Argia da, eta oso gogor saiatzen da. Benetan
maitakorra da ere, gelako beste guztiak bezala, bestalde.
“13” haurra
1. astea
Beregan nagusitzen den ezaugarria edertasuna da; oso neska
polita da, perfektua. Izugarri pinpirina da ere; beti dago hortxe bere buruko
kakoak jarri eta kentzen, eskumuturrekoekin berdin. Arreta oso erraz galtzen
du, edo hobe esanda, askoz ere gehiago interesatzen zaio lagunekin berriketan
aritzea edo bere janzkeraren osagarriren batekin jolastea, gelako gauzei adi
egotea baino. Taldean hitz egin behar duenean pixka bat arraro jokatzen du, oso
mantso eta ahots oso eztitsuarekin hitz egiten du, eta ez zait argi geratzen
handiustea duelako ote den, edo lotsa den. Ez du bere burua agerian jartzen
tutoreak galderak egiten dituenean. Nire ustez, jaio zen egunetik esan diote
hain dela polita eta perfektua, irudi horren aurrean huts egiteko beldur dela.
Eskolak irakats diezaiokeen gauza hoberenetarikoa polita izateaz gain beste
gauza asko izan daitekeela da; mesede egingo lioke. Normalean bere neska lagun
taldetxoarekin egoten da, eta egoera horretan konfiantza handiz agertzen da.
Hala ere, jolastokian egun batean ikusi ahal izan dut bere lagunekin
haserretzen bada sozializaziorako oso baliabide urriak dituela nabarmentzen
dela, ez baita gai beste lagun batzuk bilatzeko edo egoerari irtenbidea
aurkitzeko (segur aski helduekin harremanetan bere edertasuna nahikoa izan
delako). Beraz, lagunekiko menpetasun harremana du momentu honetan. Toki finkoa
du kolektiban, bere lagunen ondoan. Alderdi psikomotorrean garapen normala du,
eta saioan jolas sinbolikoan nahiz motorrean ibili zen. Alderdi kognitiboan
ezin izan dut arretaz behatu, berak ere ez baitu aukera asko eskaintzen
horretarako.
Ez da gustukoen dudana, nire ustez pinpirinegia delako,
baina sozializazioan duen ahuleziak berarekiko iritzi positiboagoa eragin dit.
Kanpoko itxura alde batera utzita, beharrak dituen haurra da.
7. astea
Garapen kognitiboari dagokionez, oso ondo moldatzen da
zenbakiekin eta hizkiekin, arreta gutxitan mantentzen duela dirudien arren, eta
gelako gazteenetakoa den arren. Oso atsegina eta jatorra da, baina sateliteen
moduan flotatzen doala ikusteak kezka pixka bat eragiten du; epe motz batez
bere baitan egoteko beharraren ondorio bada ez dago arazorik, baina asko
mantenduko balitz, jokabide horren atzean zer dagoen aztertu beharko litzateke.
Euskara aberatsenena duen haurretakoa da.
“14” haurra
1. astea
Bere ezaugarririk deigarriena helduekin hitzik egiten ez
duela da, eta haurrekin ere oso gutxi. Jolastokian eta psikomotrizitateko gelan
ikusten dugu bakarrik beste batzuekin hitz egiten, eta tutoreari eta niri hitz
bakanen bat baino ez digu esan (niri soilik jolastokian). Behin ahotsik egin
gabe ahoskatu dit hitz bat. Etxean, aldiz, normaltasunez hitz egiten omen du.
“15” eta “17”ekin batera etorkinen alaba da, eta ondorioz bere LH1 ez da
euskara/gaztelania. Keinuez baliatzen da komunikatzeko erantzuna eskatzen
zaionean, gehien jota. Taldeko jardueretan gutxi hartzen du parte, baina aste
honetan bere urtebetetzea ospatu da, eta izugarri pozik zegoen eguneko
protagonista zela ikustean. Hitzezko komunikazioa ekiditen duen arren,
helduarekin kontaktu bisuala gustuz hartzen du eta aktiboki bilatzen du, eta
iruditzen zait hori abiapuntu egokia izan daitekeela bere oskoletik ateratzeko.
Badirudi esaten zaiona ondo ulertzen duela, aginduak betetzen dituelako edo
keinuz erantzuten duelako. Bere komunikazio-gaitasuna urria da, ezinbestean,
eta zaila da baloratzen beste haurrekin hitz egiten duenean nolakoa den.
Batzuetan isolaturik egotea bilatzen du, hori egiten ikusi dut txokoetan eta
psikomotrizitateko saioan, baina ez dirudi larritasuna eragiten dionik; berak
bilatua dela dirudi. Nahiko espresiboa da, eta bere gorputzak adierazten
duenagatik ez dirudi triste dagoenik. Jokabide arraro bat baino ez diot igarri:
psikomotrizitateko gelan irribarre oso alai eta irekia egin zuen gatazkak
izateagatik bankuan eserita negarrez zeuden bi lagunen aurrean jarrita, eta
arraro egin zitzaidan egoera horretan poza agertzea. Toki finkoa du gelan, bere
amak uzten duen hori, hain zuzen ere. Garapen kognitiboa ezin izan dut behatu,
komunikazio-gaitasun urriak eta bere uzkurdurak oztopo handia suposatzen
dutelako. Jolastokian ez du lagun finkorik, baina gelako kideren batekin banaka
jolasten du.
Gustukoa dut “14”, bere gaitasunaren mailan kontaktua lortu
dudala iruditzen zait, eta goxotasuna iruditzen zait duela barruan, dudaren bat
dudan arren. Jakin-mina eragiten dit ere, eta kezka geroz eta gehiago.
Tutorearen kezka erabat ulergarria iruditzen zait.
7. astea
Aurrerapenak egiten joan da, linealak izan ez diren arren.
Hasieran, tutoreak egindako esfortzuei erantzunez, gelan gusturago zegoela
nabarmentzen joan zen, askoz ere irribarre gehiago egiten zuelako eta bere
estatismotik irteten joan zelako. Gero, fase horretan finkatu zen, kanpotik
ikusita behintzat aurrerapauso nabarmenik nabaritzen ez zela. Nik esfortzu
berezia egin dut harekin egoten, bera gustukoak diren gauzak egiten (adibidez,
liburuak berari irakurtzen, edo gauzak keinuak puztuz kontatzen, onomatopeia
asko sartuz). Joan den astean, borobilean bere ondoan eserita geundela,
hizketan hasi zitzaidan, xuxurlatzen, eta benetan txunditurik utzi ninduen.
Jakin-mina dut hurrengo astean mantenduko ote den ikusteko. Behatzaile fina da,
eta hona hemen horren bi adibide: gelan egiten ari naizen soziogramaren
emaitzak nire koadernoan idazten harrapatu nauen haur bakarra izan da, eta aurrekoan
hitz egin zidanean, arduraduna gelako zerrenda pasatzen hasi orduko esan zidan
egun horretan lau zirela gelan falta ziren lagunak. Oso perfekzionista da, eta
komenigarria litzateke izaeraren ezaugarri hori ahultzea, batzuetan oztopo
bihurtzen baitzaio, arrakastaz gaindituko ote duen erronka baten aurrean dudak
sartzen bazaizkio, uko egiten diolako. Tutorearen “akatsak” (nahita izen baten
letren ordena gaizki jartzen duenean, adibidez) oso gustuko ditu, eta barre
irekia eragiten diote. Tutoreak akats horiek erabateko naturaltasunez onartzeak
mesede handia egiten diotela iruditzen zait, eta ona litzateke “goazen guztiok
akatsak eginez ondo pasatzera” gaia lantzea gelan. Psikomotrizitateko saioek,
dantzak eta kantuak asko laguntzen diote desinhibitzen, eta agian horrelako
jarduerak gelako espazioan egiteak lagunduko lioke bertan gehiago hitz egiten.
“15” haurra
1. astea
Erabateko lurrikara da “15”. Ez da isiltzen, ez da geldirik
egoten, ez du ezetzik onartzen, bere nahiak tinko adierazten ditu. “14” eta
“17”ekin batera etorkinen semea da, eta ondorioz bere LH1 ez da
euskara/gaztelania. Hizkuntza ez du batere ondo menderatzen; alde batetik,
ahoskatzeko arazoak ditu eta bestetik, esaldi gutxi josten ditu, gehienbat
hitzak bata bestearen jarraian esanez komunikatzen da. Hala ere, komunikazio
eraginkorra lortzen du izugarri espresiboa delako. Oso oldartsua da eta
naturaltasun osoz esaten du burura datorkiona. Emozio guztiak intentsitate
handiz bizitzen ditu, eta egunean zehar aldakortasun handiz bizitzen ditu (tristura
ezik, esango nuke). Ez dauka gauzak bere kabuz egiteko pazientziarik, eta
segituan eskatzen dizu zuk bere lana egiteko. Bere garapen kognitiboa behatzeko
aukerarik ez dut izan, baina nahiko argia dirudi, edo azkarra behintzat. Toki
finkoa du gelan, bere interesek eraginda, izan ere, jolastokira arduradunaren
atzetik irten nahi du trizikloa hartzeko, eta horretarako toki bera aukeratzen
du beti, eta ez dio inori utzi nahi. Komunikazio-gaitasun mugatuak eta
oldarkortasunak ez diote bereziki errazten sozializazioa, baina moldatzen da.
Jolastokian gogokoen duena trizikloa da, eta horren inguruan gatazkak ditu
txandak direla eta. Tutorearengana jotzen du bitartekaritza bila, baina ez
beti, eta bere gertutasuna asko bilatzen du. Nirekiko interesa du, eta harreman
esklusiboa nahi du, ahal duen tinkotasun guztiarekin adieraziz, inolako dudarik
egon ez dadin.
Gustuko dut “15”, uste dut ez dela posible bera gustuko ez
izatea, baina oso nekagarria izan daiteke bere etengabeko eskakizunak diela
eta.
7. astea
Arreta finkatzea asko kostatzen zaio, baita berarekin
bakarrik hizketa egitean ere. Zerbait esaten hasten da, eta bere atentzioa
bereganatzen duten beste mila gauzetara salto egiten du esaldia bukatu
aurretik. Ez da erraza bere garapen kognitiboa ebaluatzea; batzuetan badirudi
kontzeptuak arrotz egiten zaizkiola, eta beste batzuetan, aldiz, badirudi
besteen parean moldatzen dela. Tristura ere intentsitate handiz bizitzen duela
ikusi ahal izan dut aste hauetan, egun batzuetan triste ibili zelako. Badirudi
bere LH1n ere ez dela ondo espresatzen, eta horrek tutorearen kezka piztu du.
Erabat maitagarria da. Nire babesa asko bilatzen duen haurretako bat da,
besteekin harremanak ez zaizkiolako bereziki errazak suertatzen.
“16” haurra
1. astea
Gelako txikitxoena da tamainaz. Bere laguntxo taldean ezik,
oso isila da, eta taldeko jardueretan parte hartzea kostatzen zaio. Taldearen
aurrean hitz egitean lotsatzen da, eta oso tonu baxuan hitz egiten du. Ez da
erraza bere komunikazio-gaitasuna behatzea, ez delako asko hitz egiten duen
haurra, baina ez du hizketarako arazo fisiko berezirik. Zenbaki eta hizkiei
dagokienez, momentuz ez dago gelako aurreratuenen artean. Konturatzen naiz ez
dudala nahikoa arretaz behatu. Psikomotrizitateko saioan pareta botatzera
korrika irten ez zen bakarra izan zen; nire ustez bere tamaina txikia dela eta,
uzkurtu zelako. Jolas motorrean eta sinbolikoan aritu zen, beti bere
laguntxoekin. Kolektiban bere lagunen ondoan jartzen da beti, eta jolastokian
ere haiekin ibiltzen da. Ez du tutorearengana bereziki jotzen, ez da inoiz
liskarretan sartzen, ez du eskaera edo protestarik egiten. Oso erraz
despistatzen da, eta kognitiboki esfortzua eskatzen dioten jarduerak ahal badu
alde batera uzten ditu. Nirekiko duen interes bakarra komunetik bueltan galtzak
lotzeko laguntzea da.
Ez hotz eta ez bero uzten nauen haurra da, oraindik ez diot
aurkitu nire interesa piztuko duen zera hori, eta horren bila gehiago saiatu
beharko dudala uste dut.
7. astea
Kolorearen erabileran sormen handikoa iruditu zait.
Zenbakiekin eta letrekin hortxe dabil, borrokan; ez zaizkio bereziki errazak
egiten. Euskara aberatsa du, oso hiztuna ez den arren. Arreta gutxi eskatzen
du, eta arreta behar duten horrenbeste haur dagoen gela batean, atentzio gutxi
jasotzen du; behar lukeena baino gutxiago eskaini diot “16”ri aste hauetan. Oso
atsegina da, eta bere burutxoan kontatzen dituenak baino gauza askoz ere
gehiago dabiltzala iruditzen zait.
“17” haurra
1. astea
Arauekin eta autoritatearekin arazo larriak dituen haurra da
“17”, eta horixe da beregan deigarriena dena momentu honetan. Tutoreak dioenez,
ikasturtearen hasierarik sekulako hobekuntza izan du zentzu horretan, baina
oraindik bide luzea du aurretik. “14” eta “15”ekin batera etorkinen semea da,
eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Gaztelaniaz ondo moldatzen da,
baina euskararekin orain izan du lehen kontaktua, eta askotan ez ditu
esandakoak ulertu ere egiten. Oso oldarkorra da, baita erasokorra ere, eta
tutorearekin harremanean etengabe mugen bila dabil. Ikastetxe honetara iritsi
aurretik jasanezintzat joa izan dela dirudi, eta ondorioz sudur puntan jartzen
zaiona egitera ohitu da. Gelakideekin gatazkak ditu etengabe, bereziki berak
bezala komunikazio-gaitasun urria dutenekin (“9”, “15”, “6”). Hizkiekin ia
harremanik izan ez duela dirudi, zeren eta bere izena ezagutzen oraintxe ikasi
du, eta eredua aurrean izanda idazteko nahikoa lan du. Zenbakiekin badirudi
zertxobait gehiago lan egin duela, baina hizkuntzaren oztopoa dela eta ez da
erraza jakiten zenbaterainoko aurrerapena egin duen. Marrazketan
zirriborroetara jotzen du (zizta egiten duten armiarmak eta horrelakoak),
kolore ilunetan. Toki nahiko finkoa du leiho inguruko taldetxoarekin. Etengabe
eteten du gelako dinamika, eta tutoreak azalpen luzeak ematen dituenean
deskonektatzen du, segur aski ulertzen ez duelako. Bestelako jardueretan ere
oso erraz despistatzen da. Tentsioak eta beldurrak gobernatutako haurra dirudi,
bere bizitzan egonkortasun urria duena. Alderdi psikomotorrean garapen egokia
du, baina bere oldarkortasuna kontrolatzea ezinezkoa egin zitzaion
psikomotrizitateko saioan, eta zigortua izan ondoren guztiengandik aparte
gordeleku bat eraiki zuen, bere energia guztia eusteko nahian edo. Nire ustez,
egindako bihurrikeriak eginda ere tutorea beti hor dagoela ikusteak, irmo baina
goxo, lasaitasuna eta konfiantza ematen dio. Jolastokian beti trizikloarekin
egon nahi du, eta txandekin arazoak ditu. Beraz, ez du ia beste haurrekin
jolasten. Ez da zuzenean tutorearengana joaten, baina beti bilatzen du hura
jokabidearen mugak ezarri diezazkion. Lehen egunetan ez zuen nirekiko inolako
interesik, gelako hierarkian nik tokirik ez dudalako, eta bere interes osoa
hierarkia horren buruarengan duelako, tutorea, alegia. Etiketatu izateko
arrisku larria duen haurra iruditzen zait.
Nire izaera pertsonala dela eta, txikitatik ardi galduen
teresita-de-jesus izan naizelako, gustuko dut. Hala ere, iruditzen zait oso
zaila izango zela “17” gustuko izatea tutoreari egin dizkion gauzak (iraindu,
txistua bota) egin izan balizkit. Gustuko dut berarekin egotea, ez dut
saihesten eta ez dit beldurrik ematen.
7. astea
Euskararen ulermen eta erabileran aurrerapauso nabarmenak
egin ditu aste hauetan. Orain esaten zaionetik asko ulertzen du, eta hitz
egiten hasi da, normalean gaztelaniara jotzen duen arren. Tutoreari autoritatea
aitortzen aurrerapauso batzuk egin ditu, baina oraindik bide luzea du aurretik.
Berdinekin harremanei dagokienean, ez du gehiegi aurreratu, eta gatazkak
konpontzeko jo egitera jotzen du beti. Eskola gustuko ez duela esan du behin baino
gehiagotan, eta berriro bueltatu nahi ez duela. Jada etiketatua izan da, bai
helduen artean, baita berdinen artean ere. Haurrek gelan gaizki egindakoak hari
egozten dizkiote, horrela izan ez bada ere. Borobilean baztertua izan da haur
bat baino gehiagoren aldetik, bere ondoan eseri nahi ez dutela esanez. Momentu
honetan gaitzetsia dela esan daitekeela uste dut, eta besteekiko jokabidea
aldatzen ez badu, joera finkatuko dela uste dut. Jokabide prosozial gutxi ditu
eta, ondorioz, ez ditu bere oldarkortasun eta erasokortasunaren ondorio
negatiboak konpentsatzen besteen aurrean. Jarrera desafiatzailea mantentzen du
helduarekiko, eta oso zaila da hura kudeatzea. Gelako zulo beltza da,
tutorearen energia ia guztia zurgatzen duena, horretan inolako emaitza
positiborik sortzen ez delarik, ez beretzat, ezta taldearentzat ere.
“18” haurra
7. astea
Lepauztaia hautsi izanak eta beste gaixotasun batek aste
luzez mantendu dute gelatik at, eta horregatik ezagutu dut beranduago. Lehen
egun parean bereziki erakargarria iruditzen ez zitzaidan arren, hortik aurrera
maitagarria iruditu zait ere, besteak bezala. Hori bai, zaila da eramaten.
Kopetilun jartzen da ezezko txikiena jasotzen duen bakoitzean, eta erabat ixten
da bere ezetzean. Antzaz, gaixoaldian jasotako arretaren ondorioz areagotu zaio
jarrera. Alergiak ditu eta osasunaren aldetik pixka bat delikatua dela dirudi;
maiz aipatzen du han eta hemen min dela, edo beste hura egiten kontuz ibili
behar duela. Agian behar duena baino babes gehixeago jasotzen duela dirudi. Oso
argia da zenbaki eta hizkiekin, eta eraikuntzak gogoko ditu ere, baina jolas
sinbolikoan erabiltzeko bereziki. Jolas sinbolikoan erabat murgildurik dago,
eta bere irudimenezko munduan ditu lagunak eta jolasak. Berdinekin harremanetan
ez du batere erraztasunik, eta gatazkak ditu gauzak bera nahi ez dituen bezala
doazen bakoitzean, beti besteak joz konpontzen saiatzen delarik. Ondorioz,
bakarrik jolasten bukatzen du, bere munduan babesa bilatuz. Helduarengana asko
jotzen du, eta izugarri lausengarria da, haren laguntza eta bitartekaritza
ezinbestekoak zaizkiolako. Nirekiko harreman esklusiboa nahi duenetakoa da, eta
medio guztiak erabiltzen ditu horretarako. Laztan eta musu asko ematen dituen
haurra da (helduari bakarrik), baina “5”ek ez bezala, adibidez, maitasuna
emateko baino jasotzeko egiten du. Berdinekin ia jokabide prosozialik ez du erakusten,
baina “17” baino askoz ere gehiago onartzen dute taldean. Gaztelaniaz oso ondo
hitz egiten du, baina euskaraz erraztasun askoz ere gutxiago du. Garapen
fisikoari dagokionean, mutil handia da oso, eta ez bereziki trebea. Begi beltz
polit-politak ditu. Jolastokian askotan bakarrik ibiltzen da. Orokorrean,
erronka berri baten aurrean gaindituko duenaren ziurtasunik ez badu, ezezko
borobila da bere erantzuna, eta ez du inolaz ere amore ematen. Gaixoaldiaren
ondoren jarrera desafiatzailea erakusten hasi da irakasle batzuen aurrean,
aurretik agertzen ez zuena. “18”i gustu hartzen ikasi dut, hasieran gogokoegi
ez nuela konturatu nintzelako eta segituan jarri nintzelako bere baitako
alderdi onak bilatzen.
“19” haurra
7. astea
Nire egonaldiaren lehen asteetan kanpoan izan zen,
oporretan, eta beranduago ezagutu nuen. Ama kanpotarra du, eta
euskara/gaztelania ez dira bere LH1. Ez dakit ziur horregatik ote den, baina ez
du “r” leuna ahoskatzen, “rr” soinua egiten du bakarrik. Urtearen hasieran
jaiotakoa da, eta laster bost urte beteko ditu. Bere garapen fisikoan eta
kognitiboan nabarmentzen da. Trebea da zenbakiekin eta hizkiekin, eta bereziki
iaioa da marrazten, gelako haurren artean gorputzeko atalen proportzioak hobekien irudikatzen dituena izanik. Oso aberatsak diren irudi figuratiboak marrazten ditu.
Idazketan, maiz eskuinetik ezkerrera egiten du. Txandak itxoitea kosta egiten
zaio batzuetan, baina ez da gelako oldarkorrenen artean kokatzen. Antzerkia
gustuko du, eta psikomotrizitateko saioan jolas sinbolikoan aritu zen denbora
osoz, alderdi motorrak inolako interesik eragin ez ziola. Neska nahiz mutilekin
konpontzen da ondo. Arreta mantentzeko gaitasuna du, baina batzuetan interesa
galtzen du proposatzen zaizkion ariketak errazegi egiten bazaizkio. Nirekiko
interes berezirik ez du, oso autonomoa den haurra da. Fisikoki oso atsegina da,
begi bizi-biziak ditu eta azal leuna. Oso espresiboa da. Gustuko dut “19”,
berarekin harreman estua izateko aukerarik izan ez badut ere.
Ondorio bezala, lehendabizi esango dut nik ez dudala sentitu Hik Hasiko artikuluan proposatzen ziren beste faseak betetzeko beharrik, artifizial samarrak suertatzen zitzaizkidalako, eta natural sortzen zitzaidana pentsamendu negatiboren bat sumatzen nuen momentuan bertan nire jarrera aldatzea zelako.
Bestetik, begi bistakoa da gauza gutxi zuzendu ditudala lehen inpresiotik zazpigarren astekora; gehienetan behaketan sakondu dut, edo aurretik behatu gabeko alderdiak jaso ditut, baina gutxitan egin dut atzera. Egia ote da lehen inpresioa dela fidagarriena? Ala norberak burututako profeziaren eragina da? Zaila egiten zait nire burua horretan epaitzea, eta horregatik iruditzen zait koebaluazioa oso tresna erabilgarria dela hezkuntzan, modu eraikitzailean egin ahal izateko baldintzak sortzea lan mardula iruditzen zaidan arren.
Autokritika moduan, gehituko dut lehen astean gutxi behatutako haurretako batzuren kasuan zazpigarren asterako ez dudala hutsune hori bete. Practicumeko ariketaren baitan ez diot arazo berezirik ikusten, baina tutorea banintz konpondu beharreko arazoa irudituko litzaidake. Alderdi positiboan haur guztiak gustuko egin zaizkidala nabamenduko dut; erraza suertatu zait guztiengan gustagarri zaizkidan ezaugarriak bilatu eta aurkitzea, eta iruditzen zait gaitasun hori oso erabilgarria izango zaidala irakasle lanetan.
Bukatzeko, tutore bezala urtean hiruzpalau aldiz egiteko moduko ariketa interesgarria iruditzen zait, ebaluazioarekin batera, edo horren parte bezala egiteko aproposa.
Ondorio bezala, lehendabizi esango dut nik ez dudala sentitu Hik Hasiko artikuluan proposatzen ziren beste faseak betetzeko beharrik, artifizial samarrak suertatzen zitzaizkidalako, eta natural sortzen zitzaidana pentsamendu negatiboren bat sumatzen nuen momentuan bertan nire jarrera aldatzea zelako.
Bestetik, begi bistakoa da gauza gutxi zuzendu ditudala lehen inpresiotik zazpigarren astekora; gehienetan behaketan sakondu dut, edo aurretik behatu gabeko alderdiak jaso ditut, baina gutxitan egin dut atzera. Egia ote da lehen inpresioa dela fidagarriena? Ala norberak burututako profeziaren eragina da? Zaila egiten zait nire burua horretan epaitzea, eta horregatik iruditzen zait koebaluazioa oso tresna erabilgarria dela hezkuntzan, modu eraikitzailean egin ahal izateko baldintzak sortzea lan mardula iruditzen zaidan arren.
Autokritika moduan, gehituko dut lehen astean gutxi behatutako haurretako batzuren kasuan zazpigarren asterako ez dudala hutsune hori bete. Practicumeko ariketaren baitan ez diot arazo berezirik ikusten, baina tutorea banintz konpondu beharreko arazoa irudituko litzaidake. Alderdi positiboan haur guztiak gustuko egin zaizkidala nabamenduko dut; erraza suertatu zait guztiengan gustagarri zaizkidan ezaugarriak bilatu eta aurkitzea, eta iruditzen zait gaitasun hori oso erabilgarria izango zaidala irakasle lanetan.
Bukatzeko, tutore bezala urtean hiruzpalau aldiz egiteko moduko ariketa interesgarria iruditzen zait, ebaluazioarekin batera, edo horren parte bezala egiteko aproposa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina