2012/12/08

zid_ia?_7 eta _8

Aste hau motza izan denez, aurrekoan eta honetan Ikastetxearen Antolakuntzan ikasitakoak sarrera bakarrean bilduko ditut. Aurreko astean practicumaren egonaldiko esperientziak elkartrukatzen ibili ginen, talde txikietan eta handian. Nigan interes gehien piztu zuen gaia komunitatearen parte-hartzeari buruzkoa izan zen. Agerian geratu zen ikas-komunitateen proiektuetn murgilduta dauden ikastetxeetan ezik, orokorrean komunitateko beste eragileek ez dutela ia parterik hartzen eskoletan. Nire practicumeko tutoreari oraindik ez naiz ausartu zuzenean horri buruz galdetzen, baina hurrengo astean egingo dut.

Ni gurasoek eta auzo/herriko beste eragileek eskolan parte hartzearen aldeko naiz. Hala ere, practicumeko esperientziak elkartrukatzen aritu ginenean, duda bat sortu zitzaidan. Unibertsitatean tutore berarekin egon garen lagunen taldean behintzat bi kasutan identifikatu ditut jendearen morboa piztu dezaketen egoerak edo haurren ezaugarriak. Haur horien familien tokian jarrita, ez nuke nahi kontu horiek gelatik at zabaltzea, eta gelan bertan ere ahalik eta sentikortasun gehienarekin tratatuak izatea nahi izango nuke. Bestetik, graduko ikasketen testuingurutik kanpo gertu izan dut kasuren bat non beste haurren gurasoen esames eta zurrumurruek min handia eragin duten. Gelako ateak besteei irekitzea oso positiboa izan daitekeela iruditzen zait, baina diskrezioa, errespetua eta ardura ezinbesteko jotzen ditut. Nire ustez, gelan parte hartzeko prestakuntza prozesu bat burutu behar da, taldean, eta arau batzuk adostu behar dira, irmoki betez.

Bi aste hauetan zehar ikasitakoaren beste alderdi bat irakasgaiaren ebaluaziotik dator. Irakasleak laburbildu egin zigun nik parte hartu ahal izan ez nuen ariketa bateko emaitza, eta bertan jasotakoetatik abiatuz, hobetu nahi litezkeen gauzen inguruan zer ekarpen egin dezakedan pentsatzen hasi naiz, baina oraindik ere bueltaren bat gehiago eman beharko diot.

Azkenik, irakasleak opari bat egin zidan autobusa batera hartu genuen egun batean, gelan nire jarreraren inguruan duen iritziari buruzkoa, nik orain arte ikusi ez ditudan alderdiak adieraziz, aldatu beharreko gauzak azalduz. Beraz, hor ere badut lanean jarraitzeko materiala, baina sarrerak honetan geratu beharko du, irten beharrean nago eta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina