Aste honetan, gabonak gainean ditugunez, gelan lantzeko kantak eta jarduerak aukeratzen izan gara, lau urteko beste gelako tutorearekin batera. Berez, huskeria dirudi; zeintzuk aukeratu? ba urterokoak, alegia. Baina gauza ez da hain sinplea. Alde batetik, gure gizartea laikotu denez, erlijio katolikoari lotutako kantak alde batera uzten ari dira, eta mordoxka bat dira. Gainera, gizartearen aniztasunari esker, bestelako erlijioak ditugu gure artean, eta horiek errespetatzeko ahaleginak egiten ditugu. Honaino, dena ondo iruditzen zait, baina nire haurtzarotik hona aldaketak ez dira hortan geratu.
Politikoki zuzenak izateko beharrak bultzatuta, Olentzerok erretzeari utzi dio, baita zurrutean egiteari ere. Ikazkina izaten jarraitzen duen arren, bizarra moztuta eta garbi-garbi etortzen zaigu orain. Eta Urtxintxakoei esker, neskalaguna eta guzti du, Mari Domingi. Horrela, bide batez, opariak ez dira gizonaren eskutik bakarrik etortzen haurtxoen etxeetara, Mari Domingik ere banatzen baititu, Olentzerorekin erabateko parekotasunean. Sekulako barreak egin ditugu astean zehar horren guztiaren harira. Egia esan, penagarri iruditzen zait paragrafo honetakoa. Haurrei gozatzeko beharrik ez duena edulkoratzen diegu, eta benetan haien bizitzatik kendu beharko genukeena (gosea, sufrimendua, indarkeria, etab.) mantentzen dugu.
Azkenean, Olentzero begi gorri, Din-dan-don eguberrion (zertarako behar ote dugu Jingle bells euskaraz, bertako horrenbeste abesti edukita?) eta Hator hator uste dut izan direla aukeratuak, ahaztu dudan besteren batekin batera. Guztien artean, dudarik gabe, niretzat azkena da gabonekin lotzen dudana eta politen iruditzen zaidana, diferentzia handiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina