2012/12/07

Practicuma, egunerokoa, baita blogeko sarrera orokorra ere: all you need is love

Duela 45 urte The Beatles famatuek kantatu zuten, eta ez dut ezer berririk asmatzen, noski, baina nire egonaldiaren ondorio nagusietako bat horixe da. Aste honetan nire tutorearekin komentatu nuen gelako hainbat haurren garapenaren oztopoen jatorria asetu gabeko behar afektiboetan dagoela iruditzen zaidala. Eztabaida zabal eta sakonago baten baitan aritu ginen horretaz hizketan, lau urteko beste gelako tutorearekin batera. Astearen hasieran gure guneko tutore guztiek koordinazio pedagogikoko bilera izan zuten, eta bertan landu zen gaietako bat "portfolio laranja" izan zen, Haur Hezkuntzako bigarren ziklo osoan haur bakoitzaren hainbat ekoizpen jasotzen dituena, Lehen Hezkuntzan hasten denean tutoreentzat garapenaren eboluzioa islatuko duten lanen bilduma izan nahi duena. Antzaz, ekoizpenak biltzeko irizpideak ez daude nahikoa argi, eta horiek zehaztekotan geratu ziren. Haurren bi ekoizpen mota jasotzen dira: idatzizkoak eta marrazkiak (norberaren irudiarenak eta bestelakoak). Nik ez diot zentzurik ikusten idatzikoari horrenbesteko garrantzia emateari, Haur Hezkuntzako etaparen helburu ez denean, baina horrela da eta kitto, dirudienez.

Tutoreari galdetu nion ea zer gertatuko ote litzatekeen tutore batek horietako bilera batean berak lau urteko gelan hizkiak ikasturte osoan landuko ez dituela esango balu, eta erantzun zidan hori ez litzaiokeela onartuko, norbaitek esango liokeela tutore horri hori ezin duela egin. Bestelakoa litzateke inori ezer esan gabe horrela egitea erabakiko balu, baina inor konturatuz gero zuzen zedin esango omen litzaioke. Curriculumak ziklo horretan idazten ikastea helburu bezala jasotzen ez duela esan nion, baina hark erantzun zidan hitzez hitz esaten ez duen arren, ikastetxe bakoitzak egiten duen Curriculumaren interpretazioan datzala erabakiak, eta nire ikastetxeak horrela interpretatu duela.

Amore ematea eta sabotaiaz gain, espero dezagun eraldaketaren aukera irekia dagoen ikastetxe batean lan egiteko aukera izango dudala inoiz, baina errealista izanda, ez dut batere erraza ikusten.

P.D. Egonaldian flower power jardueratxo bat egiteko gogoz geratuko naizela uste dut, baina taldea kudeatzen zaila izanda ez dut erraza ikusten. Nik mimoen jolasa deitu diot, baina ziur norbaitek izen egokiagoarekin idatzita daukala nonbait (uste dut ez dudala inon irakurri). Honela doa: haur batzuk lurrean esertzen dira, eta beste batzuk parean belaunikatzen dira, bikoteka jarrita (mimoak hartu eta eman nahi dituztenek bakarrik, inor derrigortu gabe). Eserita dagoena mimoen emailea izango da, eta bestea hartzailea, gero txandak aldatzeko. Mimoen emaileak galdetzen dio hartzaileari ea zer nolako mimoak nahi dituen; adibidez, besarkada bat, musu bat (non adieraziz, hala nola, masailean, sudurraren puntan, begietan, eskuan...), laztan bat (non adieraziz ere), hitz polit bat (zein hitz edo zein ezaugarriri buruzkoa nahi duen esan dezake), eta abar. Mimoa ematen den bitartean, hartzaileak bere iritzia adieraz diezaioke emaileari, adibidez leunago edo indar handiagoz egiteko eskatuz. Gero, txandak aldatzen dira, eta aurretik eman duenak jaso egiten du, eta alderantziz. Erlajaziorako ariketekin batera, nik ia egunero gelan praktikan jarriko nukeen ariketa da, tutorea banintz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina