2012/12/15

Practicum, egunerokoa: tutorea ikasleen idazkari ikasteko fabrikan


Azken hamar egunetan edo gabonetarako prestatzen hasiak gara gelan. Tutoreak Olentzero jarri digu arbelean, ikastetxearen sarreran Olentzero, Mari Domingi, haien laguntzaile mordoa, eta zuhaitza jarri dizkigute, eta hainbat eskulan egiten aritu gara.

Gabonetako eskulanen artean, haurrek etxera eramateko bi egin dituzte: Olentzeroren kartoi mehezko irudi artikulatua eta enborra komuneko paperaren tutuarekin eginda duen kartoi mehezko pinua. Tutoreak emandako fitxak koloreztatu eta apainduz egin dituzte haurrek bi eskulanak, baina bakar batek baino ezin ditu irudiak guraizez moztu. Ondorioz, tutorea eta biok ibili gara 19 haurren eskulanak mozten. Berak esaten zidan haurrek modu erabat autonomoan egin ahal izango dituzten eskulanak prestatu nahi lituzkeela, baina denborarik ez duela, aurten ere gabonak gainera etorri zaizkiola, eta aurreko urteetan erabilitako jarduera hauetako fitxak hartu behar izan dituela berriz ere.

Argi geratu zait practicumean zehar hezkuntzaren arazoetako bat denbora falta dela. Nire tutorea egunero ordu bete lehenago doa lanera, eta horrela ere ez dio denborarik ematen egin nahi dituen gauza guztiak egiteko. Arazo zehatz honen aurrean, bururatzen zait ona litzatekeela ikasturtean zehar tutore bakoitzak aldatu nahi lituzkeen ariketa/jardueren zerrenda egitea, eta ikasturtearen bukaeran, haurrek eskolara etortzeari uzten diotenean, astebete ematea tutore guztien artean jarduera horiek berregiten. Ezin izan dut ezagutu ikasturtearen amaiera nola antolatzen den; zenbat denbora duten irakasleek eskolak amaitu eta haien oporrak hasi arte, ezta egun horietan zein betebehar dituzten ere (seguru piloa direla, asko erabat burokratikoak), baina kanpotik ikusita iruditzen zait behintzat astebete osoa eman beharko litzaiokeela praktikan jarritako jardueren egokitzapenari. Badakit ikasturtean zehar aldiro tutoreek egiten dituzten funtzionamendu eta koordinazio pedagogikorako bileretan jardueren jarraipena egiten dutela, baita horien ebaluazioa ere, eta ondorengo ikasturteetan kontuan hartu beharreko oharrak jasotzen dituzte, baina bilera horietan ez dago denborarik materiala sortzeko, edo jarduera/ariketa berriak diseinatzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina