Duela aste pare bat Loreak bere blogean botatako gonbiteari jarraituz, La educación prohibida filma ikusi nuen, eta orain arte ez dut astirik izan horren inguruan hemen idazteko.
Ikusi nuenean, ez nintzen bereziki gustura geratu. Alde batetik, pixka bat korapilotsua egin zitzaidan, pertsona mordoxka baten monologoen segida delako, tartean eskola batean ematen den fikziozko kontaketa sartuz. Haria jarraitzea kosta zitzaidan. Hizlarien artean, batzuk interesgarriak iruditu zitzaizkidan, eta beste batzuk ke saltzaileen modukoak, egia esan. Bestetik, naturaren hainbat elementurekin (zelula, landareak, animaliak, izakiak orokorrean) analogiak egiten ziren etengabe haurren hezkuntzaz aritzeko, eta ni biologoa izanik, metafora asko okerrak zirela konturatzen nintzen, eta horrek ez zidan lagundu filma begi onez hartzen. Beste datu susmagarri bat: haurren hezkuntza egokirako pedagogia, metodo eta praktikez ari ziren hizlariak, baina sekula ez genituen ikusten eskolak ematen; ez zen haurrik ikusten irudietan. Azkenik, hizlarietako batzuk niri amorru dezente sortzen didaten horietakoak ziren; bizitza honetan lurra (eta batzuetan lokatza) zapalduz aurrera egin beharrean lebitatzen doazenak, dena arrosa kolorez marrazten dutenak, hain zen, orekatu eta karma ondunak faltsukeria kutsua hartzen diedala. Ez dakit, agian inbidia baino ez da, baina horrelakoetaz ez naiz fio.
Edukietara joanda, gehienak ados egoteko modukoak dira: haurrarenganako errespetua izan behar dela, haurraren interesetatik abiatu behar dela, malgua izan behar dela, haurrak bere ikaskuntza prozesuan protagonista izan behar duela... Baina, ez da gauza zehatzik adierazten hori nola egitearen inguruan.
Egunkarietan artikulu bi aurkitu ditut filmaren inguruan, epela bata, eta oso kritikoa bestea. Azkenaren egilea, Fernández Enguita, Edurnezuriren ipuineko Marmati bezalakoa irudikatzen dut nik baina, egia esan, bat nator bere iritziarekin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina