Bukatzear dagoen aste honetan astelehenean baino ezin izan nuen Ikastetxearen Antolakuntzako eskoletara joan. Beraz, ostegunekoak galdu nituen. Gaur goizean Ixiarrek kontatu dit ostegunean egindakoa, eta horrela bihar hariaren erdia behintzat ezagututa joango naiz gelara (besteak beste, zein gelara joan behar dudan badakit Ixiarri esker).
Joan den astelehenean taldeetan banaturik tarte bat eskaini genion ikastetxearen antolakuntzari buruzko eztabaidari. Davidek bota zigun galdera ondokoa izan zen: Zeintzuk dira ikastetxe antolatuaren ezaugarriak? Zertan nabaritzen da ikastetxe bat antolatua dagoela? Suposatzen dut ikasturtearen hasieran galdera hori mahai gainean jartzeko arrazoia guk orain arte gaiaren gainean dugun ezagutza azaleratzea izan dela, eta horrela ikasturtea bukatzean galderara berriro bueltatuz zer ikasi dugun jakin ahal izango dugula. Hori horrela izanik, merezi du denbora pixka bat dedikatzea.
Nire taldeko kiderik ezean, Ainara eta Aitzpearekin aritu nintzen ezabaidan, eta egin genuen halako zerrendatxo bat onairrizko ezaugarriekin:
- Erabakiak modu kontzientean eta hausnartuta hartzen ditu (helburu, printzipio, irizpide, eta abarrekin). Hau, egia esan, antolaturik egotearen ezaugarri baino, horretarako aurrebaldintza litzateke, edo tajuzko antolaketa egin ahal izateko abiapuntua.
- Hezkuntza proiektu propioa du (programazioa, ordutegia, arauak...), eta aplikatzen du.
- Organigrama du (gehienetan, hierarkizatua), eta aplikatzen du.
- Prozedura eta protokolo zehaztuak dauzka, eta erabiltzen ditu.
Ezagutzen ez dugun ikastetxe batera joan, eta aipatutako ezaugarri horiek antzemanez gero, antolatutako erakundean gaudela ondoriozta dezakegula adostu genuen. Hori bai, antolaketa edukitzeak ez du esan nahi gure ustez egoki antolaturik egotea nahitaez. Guretzat ondo antolaturik egotea zer zen eztabadaitzean, zerrenda horri gehitzeko ezaugarri bakarra bururatu zitzaigun:
- Aurreko guztia malgutasunez aplikatzen du.
Ixiarrek esan didanez, osteguneko saioan eztabaidan sakontzen jarraitu zuten, bereziki talde bakoitzaren ustez antolaketa egokia zer ote zen argitzen saiatzen. Bertan izan ez nintzenez, horrelako zerbait egiten saiatuko naiz. Egia esan, irakasgaia hasi genuenean, berorren izenburuari dagokionez, nire buruari egin nizkion lehen galderak hauexek ziren: ikastetxea beharrezkoa al da? antolakuntza beharrezkoa al da? Joan den ikasturtean ikusi genuen hainbat autorek defendatzen duela deseskolatzea, eta horren inguruan aurreko ikasturteko sarrera batean nire iritzia eman nuen. Oraingoz ez dut aldatu, beraz, ikastetxeak egokiago ikusten ditut etxean ikastea baino.
Antolaketari buruz, orain arte ez dut blogean espresuki ezer jaso, eta aukera ona da hasteko (tira, hori ez da erabat egia, taldeko lanaren antolaketari buruz nire iritzia emana dudalako hemen). Antolaketa egiturarekin lotzen dut nik, hau da, nolabaiteko izaera objektiboa duen zerbaitekin. Bestetik, ale edo osagai bakarra bada, ez dago antolaketarik, hau da, unitate bat baino gehiago duten taldeak antolatzen dira. Eta egitura zergatik sortzen da, edo noiz sortzen da? Ba, helburu komun bat dagoenean, iruditzen zait niri, eta helburu komun horri baliozkoak eta euren artean osagarriak diren ekarpenak egingo dizkioten banakoak daudenean. Hezkuntzan osagai ezberdinek hartzen dutenez parte (ikasleak, irakasleak, gurasoak eta familietako beste kideak, ikastetxeko beste langileak, hezkuntza komunitateko beste eragileak, erakunde ezberdinak), eta helburu komunak adostea oso gomendagarria denez, antolaketa egotea beharrezko deritzot.
Eta, zein da antolaketa egokia? Nola desberdindu antolaketa ona eta txarra? Ba, suposatzen dut helburuen arabera izango dela. Helburua langile otzanak moldatzea bada (bide batez, ostegunean ikusi genuen Ken Robinsonen hezkuntzaren paradigmak aldatzeari buruzko bideoarekin bat egiten dut, blog honetako beste orri batean jasotzen dena), orduan erabat hierarkizatutako egitura zurruna oso egokia izango da. Eskolak iritzi propioa edukita aurrea hartzeko gai diren pertsona sortzaileak hezten laguntzea badu helburu, ziurrenik bestelako antolaketa izatea komeniko zaio. Blog honetan argi dago hezkuntzaren helburuen inguruan nire iritzia zein den, baita antolaketaren inguruko abiapuntua (Hezkuntzaren mapa izeneko orrian laburbiltzen da neurri batean). Interesgarria izango da aurtengo irakasgaia amaitzean aurretik eraikitakoari zer gehitzen diodan ikusten joatea.
Ken Robinsonen bideoaren inguruan, berriro ikustean hartutako oharren artean ondokoa iruditu zait hemen jasotzeko modukoa: ea noiz jartzen diguten hitzaldiaren bigarren zatia, paradigma NOLA aldatu azaltzen duena, paradigma aldatzearen beharraren inguruan askotxo ados baikaude. Eta horrekin lotuta, gure Didaktika Orokorreko irakaslea joan den ikasturtean izan zen Loreak bere blogean proposatzen zuen filma, La educaciĆ³n prohibida, ikusi ondoren ere antzeko ondoriora iritsi nintzen: filmak zati bat zuen faltan, hitz polit horiek guztiak nola gauzatzen zituzten jasotzen zuena, alegia. Bestelako ideiak ere etorri zitzaizkidan burura filma ikustean, baina horiek beste sarrera baterako utziko ditut.
Azkenik, joan den ostegunean Davidek aipatutako beste gauza bat dakart hona, joan den asteko sarrera baten amaieran nioenarekin erabat loturik dagoena: ikastetxea giza-harremanen lekua dela, bertan giza-harremanak sortu, garatu, kudeatu eta bermatu behar direla. Nire galderei erantzuteko asmoa du Davidek, ikusten dudanez. Aupa!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina