2012/09/21

zid_ia?_2


Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaian aste honetan eskolak tokatzen zaizkigun bi egunetan izan ditugu.

Astelehenean Freireren testu bat lantzen aritu ginen, eta irakasgaiaren ebaluaketa metodoa eztabaidatzen. Freireren testua oso interesgarria iruditu zitzaidan. Bibliografiaren inguruko hausnarketa aitzaki gisa hartuta, ikaskuntzari eta ikaskutza-irakaskuntza prozesuari buruzko gogoeta egiten du Freirek, eta bere proposamena azaltzen du, egiazko zintzotasunean, askatasunean, errespetuan, gogo bizian, jarrera kritikoan, zorroztasunean eta apaltasunean oinarritua. Hitzez hitz bat egiteko moduko sarrera egin dio gure irakasleak irakasgaiari, bere asmoak beste norbaiten hitzetan jarriz. Ebaluaketaren inguruan eztabaidatzean argi geratu zaigu ere gelan adierazten digun jarrera malguak ez duela esan nahi ikasturtea la-la-la batean pasako dugunik, kolpe zorrik jo gabe; gure proposamen adostua idatziz nahi du (uf, zail samarra ikusten dut nik hori lortzea). Bestetik, ikusi (ikasi) genuen ere irakasgairako ez duela planteamendu zehatzik egingo, gaitegi itxi batekin, eta astero zertan ariko garen aurreratuz. Hori oso gustuko izan dut, alde batetik, indefinizioak jakin-mina pizten didalako, baina bestetik langile-ikasle bizitzaren estresak eraginda estutasuna sortu dit, ez baitut daturik indarrak neurtzen eta dosifikatzen joateko. Beraz, aldi berean gustuko eta desatsegina egin zait proposamen irekia, baina ziur naiz emaitza interesgarria izango dela.

Osteguneko eskolak arratsaldeko azken orduan ditugu, eta Davidek samurretik hastea erabaki du. Horrela, liburutegira bisita gidatua egin genuen. Oso interesgarria ere. Gauza berriak ikasteko aukera eman zidan: katalogotik abiatuta artikuluak nola ikusi (eta etxeko ordenagailutik zergatik ezin izan ditudan orain arte ikusi, baita nola konpondu ere), interesgarriak izan daitezkeen datu base batzuen izenak (nola erabili behar ote diren badirudi ez dela hain sinplea), eta mediatekaren baliabideak (guztiz berria, joan den ikasturtearen bukaeran ireki baitzen). Beraz, bisita emankorra izan zen, eta azalpenak eman zizkigun bertako langile oso jatorra nirekin harremanetan jarri da jada informazio gehigarria posta elektronikoz bidaltzeko (ziur ikasturtean zehar sortuko zaizkidan dudak argitzeko lagungarria izango dela kontaktu hau). Benetan dotore eta bikaina da liburutegi berria.

Tira ba, horixe iruditu zait izan dela irakasgaian ikasitakoa aste honetan. Hala ere, irakasgaia antolaketari buruzkoa denez, iruditzen zait gai horren bueltan Daviden eskutik zuzenean baino gehiago ikasi dudala aste honetan ikasturte berriak gure gelaren antolaketan ekarri dituen aldaketekin. Izan ere, joan den ikasturtean oso trinkoa zen taldeari aurten irakasgai batzuetan beste ikasle mordoxka bat gehitzen zaio, eta badugu ikaskide berriren bat. Horrek desoreka bat sortu du gure egoeran, eta hurrengo asteetan joango gara oreka berria bilatzen denon artean. Horrez gain, joan den urtean gelako lanak egiteko taldekatzean hainbat aldaketa egon dira, batzuetan gelakide batzuk ikasketak utzi dituztelako, eta besteetan sortutako gatazken ondorioz, suposatzen dut, eta interesgarria da taldekatze berriak nola sortzen diren bizitzea. Pasa den mendeko filmetan bezala, dantzaldiaren lehen dantzaren ondoren hortxe gabiltza denak, bikotez aldatu nahi ote dugun edo ez aztertzen, eta aldatzekotan norekin nahi dugun pentsatzen, eta besteek guganako duten jarreraren inguruan hausnartzen... Egoera horien kudeaketa egokian ikusten dut nik gizakia barne duen edozein sistemaren antolaketaren muina, eta ez dakit oso ondo nola ikasten eta irakasten den hori. Ea Davidekin ikasten dugun!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina