Guri ere tokatu zaigu aste honetan eskolara bueltatzea. Haur Hezkuntzako bigarren ikasturtea hasi berri dut, eta aurrekoan bezala bloga nire ikaskuntzak jaso eta antolatzeko erabiltzeko asmoa dut. Agian irakasgairen batean erabiltzeko aukera izango dut ere, baina hori oraindik ez dakit.
Udan zehar biltzen joan naiz, han eta hemen, "blogerako" izena jartzen nien estekak. Gehienak deprimitzekoak dira, krisiaren ondorioz pairatuko ditugun mozketa amaigabeen ingurukoak, eta erabaki dut ez dudala horiez hitzik egin nahi orain. Nahikoa "depre" naiz ikasturtearen hasierarekin (aurrekoan ez bezala, oraingoan ondo dakit gainera datorkidana!), eta ez dut horrelakorik behar.
Bildutako irakurketa motzen artean bakarra iruditu zait animatzeko modukoa. Eskola publiko, laiko eta literarioaren aldeko artikulua da, eta oso politak iruditzen zaizkit autoreak haurren inguruan esaten dituen hitzak eta jasotzen dituen aipuak. Haurrei eta haurtzaroari gerturatzeko jarrera egokia transmititzen du, haurtzaroak duen magikotasuna eta izaera propioaren errespetuan oinarritua, haurtzaroaren altxorra goraipatuz. Jasotzen duen Rilkeren aipuak ezin hobeto azaltzen du artikuluaren atzean dagoen ideia: haurtzaroa da gizakiaren benetako aberria. Beste ikasturte batez aberrian murgilduko naiz, bada!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina