2012/10/28

Practicum, egunkaria: ostiraleko behaketa eta asteko ondorioak


Ostiralean egun horretan behatutakoa jasotzerik izan ez nuenez, sarrera bakarrean egun horretakoa eta aste guztiko ondorioak bilduko ditut. Azkenean, erabaki dut practicuma lanaldi erdian egin arren (astean hirutan joaten naiz ikastetxera, eta ia eguberriak arte joaten jarraituko dut), behaketaren emaitzak beste gelakideek bezala jasoko ditudala, Pellok emandako gidalerroak eta epeak jarraituz, posible ikusten baitut kualitatiboki hiru egunetan bostetan behatuko nukeenaren parekoa jasotzea.

Astean zehar baimena eskatu nuen, eta ostiralean jangelan geratu nintzen bazkalorduan, gelatik kanpo eta tutorearen eskutik at ematen den jarduera hori behatzeko jakin-mina nuelako. Nire aurreiritziak nahiko negatiboak zirenez, esperientziaren balorazioa positiboa izan zen. Egia da haurrak geletatik biltzeko orduan haurrei garrasiren bat erabiliz isil zitezela eskatzea ez zitzaidala egokiena iruditu, baina orokorrean antolaketa oso ondo iruditu zitzaidan. Gela bakoitzak badu jangelako langile bat (bi urtekoentzat gelako bi langile), bertara etorri eta haurrek eskuak garbitu eta mantala jartzen dutela ziurtatu ondoren, taldea jangelara eramaten duena. Lau urtekoen bi gelak jangelara iristerako, bi eta hiru urtekoek bazkaltzen bukatu zutenez, ez zen zalaparta handirik sortu. Gela bakoitza mahai luze batean esertzen da, eta jangelako langile berarekin daude denbora guztian. Autonomia sustatzen da, laguntza behar den neurrian emanez, eta haurren erritmoak errespetatzen dira; nahiko patxadan jaten dute. Espazioa bera ez dago gaizki, nahiz eta erdisotoan kokaturik egoteak aireztapena eta argiztapen naturala mugatu. Jangelaren sarrera bakarra kanpotik eginda ekartzen den janaria prestatzeko eta ontziak garbitzeko erabiltzen den zonaldean dago, eta janarien manipulazioaren ikuspuntutik eta haurren segurtasunaren ikuspuntutik hori ez da egokiena, baina bertan sukaldatzen ez denez, ez da arazo larria. Uste dut jangela beste jarduera batzuetarako ere erabiltzen dela (eskolak hasi aurretik eta ondoren ordu betez haurtzaindegi zerbitzua emateko, baina ez nago erabat ziur), eta hori ere seguraski ez da egoerarik egokiena janarien manipulazioari dagokionean. Janariarekin harremana gelan ere lantzen denez, hamaiketakoaren orduan (baita proiektu edo unitate didaktiko espezifikoetan ere), suposatzen dut aukerak badaudela tutoreak janariaren hezkuntzaren gainean esku hartzeko.

Ostiralean lehen astearen barruan bukatu nahi nuen beste zerbait egiteko ere aprobetxatu nuen: ikastetxearen Haur Hezkuntzako egoitza horretan (beste auzo batean bigarren bat dago) lan egiten dutenen zerrenda-organigrama osatzea. Oraindik izen bakar batzuei ez diet aurpegirik jarri, baina laster egingo dut.

Ostiralean practicumaren behaketarekin harreman zuzena ez duen, baina oso garrantzitsua den beste gai batean sakotzeko aukera izan nuen: gradua bukatzean lanerako aukerak. Lau urteko beste gelako tutorea aste honetan bertan lanean hasi denez, eta ordezkapenak eginez lanean diharduten irakasle laguntzaile pare bat daudenez, asko ikasi ahal izan dut gradua bukatzean aurki dezakedan panoramaren inguruan.

Asteko ondorioen atalari ekingo diot. Lehendabizi, esan beharra daukat egunerokoan behatutakoaren zati txiki bat baino ez naizela jasotzen ari, eta hori dela eta, agian irudituko duela ondorioren batek oinarria faltan duela, baina uste dut behaketen inguruan gehiago idaztea astunegi litzatekeela (bereziki Pellok irakurri behar baditu), eta denbora gehiegi eramango lidakeela.

Hasteko, practicuma lanaldi erdian egiteari buruz balorazio oso positiboa egiten dut, aurretik kontrakoa pentsatzen nuen arren. Practicuma egiten arituko naizen asteetan nire egutegia oso korapilatsua izango da unibertsitatera noan asteekin konparatuz; astero ez naiz egun beretan joango ikastetxera (alde batetik nire laneko betebeharrak direla eta, eta bestetik ikastetxeko jarduera ezberdinak behatu nahi ditudalako), eta goizetan ikastetxera joan aurretik eta arratsaldetan irten ondoren lan egin beharko dut. Hala ere, abantaila handia aurkitzen diot practicuma denboran luzatzeari: ikastetxera ez noan egunetan behatutakoa "liseritzeko" aukera ematen dit, eta iruditzen zait etekin hobea aterako diodala esperientziari.

Aste honetan behaketaren fokua testuinguru orokorrean jarri dugu. Astearen hasieran idatzi nuen zerrenda luzetik, uste dut zuzendaritzaren inguruan galdetzea/behatzea falta zaidala bakarrik; beste gauza guztien inguruan oinarrizko ezagutza biltzeko gai izan naiz. Beraz, oso ondo aritu naizela uste dut.

Atentzioa deitu didan alderdi bat malgutasuna izan da, gelako jardueren antolaketari dagokionean. Aste honetan ikasi ahal izan dut badirela ikastetxeak non Urtxintxa hartu eta jardueraz jarduera aplikatzen den, irakaslearen lana plangintza zorrotzera mugatuz. Nire ikastetxean ez da horrela lan egiten inondik inora. Ez dut zuzenean behatzeko aukerarik izan, baina azaldu didate alderdi pedagogikoaren eta antolaketaren koordinazioaren arduradunak badirela, eta astean behin edo biltzen direla tutoreak horiek lantzeko. Beraz, malgutasuna dago, baina "desmadrerik" ez. Espazioen erabilera, bereziki komunean erabiltzen direnena, ezinbestean oso ondo planifikatzen da, baina gelako jardueretan malgutasun zabala aplikatzen du nire tutoreak. Gai horri lotuta, beste bat: tutore guztiak, lau urteko beste gelakoa ezik, ikastetxean urte luzez lanean dabiltza, eta eskarmentu handikoak dira. Didaktikari eta pedagogiari dagokionez malgutasunak emaitza onak emateko iruditzen zait oso garrantzitsua dela tutore onak edukitzea, eskarmentu handikoak, eta taldea egonkorra izatea. Horrela ez bada, hobe da antolaketa zurrunxeagoa izatea. Horrexegatik, iruditzen zait ikasketak amaitu berritan hobe izango dela dena oso ondo antolatzea, eta denborarekin erlajatzen joatea, irakaslea izaten ikasi ahala (horrek beste galdera batera narama, beste baterako utzi beharko dudana: noiz bihurtzen da bat irakasle?). Inprobisatzen ikasteko, aurretik gidatutako lan asko egin behar dela, alegia.

Nire ikastetxean aplikatzen den malgutasun horri arrisku pare bat baino ez dizkiot ikusten: baja baten ondorioz edo ordezkapen bat egitera norbait datorrenean pixka bat galduta senti daiteke, segun eta nolakoa den; eta adinari dagokionez tutore taldearen konposaketa kontuan izanda, oraindik denboran urrun dagoen arren, taldearen berrikuntza ez da oso graduala izango, eta egungo lan kultura transmititzeko neurriak beharrezkoak izango dira (edo, nork daki, agian kultura aldatzeko aukera sortuko da).

Gurasoen partaidetzaren inguruan ez dut ezer aipatu egunerokoan orain arte. Laburbilduz, taldekako bilera bat egiten da ikastaroaren hasieran, eta bakarkako bilera bi (bata hasieran, eta bestea amaieran). Hori tutoreak aplikatzen duen minimoa da, baina sarrera eta irteerako tarteak erabiltzen ditu kezka bereziren bat sortzen dioten haurren gurasoekin egoteko, eta aste honetan bertan ikusi dut lana bukatu ondoren ordu erdi luzez ama batekin hizketan. Horrez gain, gurasoek ikastetxeko antolaketa-organoetan hartzen dute parte, eta agiri batean ikusi dudanez, aurtengorako behar ziren 7 postuak boluntarioki aurkeztu diren gurasoekin bete dira. Blogean askotan aipatu dut ni oso partaidetza zalea naizela, hezkuntza komunitateak eta antzekoak oso gustuko ditudala. Agian pasatu beharreko elgorria da, besterik ez, baina oraingoz nire horretan jarraitzen dut. Badakit gurasoak eskolako jardueretan zuzenean inplikatzea zaila dela, badakit parte hartu nahiko dutenak agian irakasleak azken aukeratuko lituzkeenak izango direla, badakit horrek konplexutasuna areagotu egiten duela, badakit parte hartzearen atea irekitzean Pandoraren kutxa irekitzeko arriskua dagoela, ezin baitira betebeharrak soilik partekatu, eskubideak alde batera utziz. Baina, hala ere, prozesua ondo kudeatzen ikasten bada (eragile guztien ikaskuntza da hori, balioa bidean duena, eta ez horrenbeste emaitzan), iruditzen zait hezkuntza beste dimentsio batean sartzen dela ohikoa denarekin alderatuz. Beste practicum baterako utzi beharko dut elgorri hori, ea kutsatu ondoren orain bezain positiboa ikusten jarraitzen dudan.

Nire ikastetxearen kokapen fisikoari dagokionez, kokapena pribilegiatua iruditzen zait haurrekin kalean lan gehiago egiteko, oinezkoentzako bakarrik diren kaleak dituelako inguruan, eta parke handi bat parean. Auzora gehiago irekitzeko aukera paregabea duela iruditzen zait, eta ikusi eta galdetu dudanez ez da bereziki erabiltzen baliabide hori, besteak beste giza-baliabideen eskasia dela eta, talde oso bat irakasle bakar batekin ateratzea korapilatsua delako.

Azkenik, testuinguruarekin loturarik ez du, baina bai asteko esperientziekin: sexualitatearen hezkuntza Haur Hezkuntzan. Aurreko sarreran aipatzen nuen Monsieur Lazhar izeneko filma ikusi genuela aurreko astean, eta heriotzaren tabuaren inguruan eztabaidatu genuen, baita haurrekin kontaktu fisikoa tabu bihurtzen ari dela. Baina gaia hori baino zabalagoa da. Eta zer ikasiko dugu graduan pertsonen bizitzan hain garrantzitsua den arlo horren inguruan? Orain arte oso gutxi landu dugu, eta generoari buruzko gaiak izan dira gehienbat. Psikologian, adibidez, ez dugu landu oraindik (edipo/elektra konplexuak ezik). Aurreko ikasturtean gaiaren inguruko argitalpen hau kontsultatu nuen, baina aste honetan sortu diren egoera pare baten harira, oso hankamotz geratzen zait. Gai hau tabua al da gure prestakuntzan? Ba, horrela bada ezingo dugu ba sexualitatea bere osotasunean bizi ahal izango duten pertsonak hezten lagundu, ezta?

Azken galdera deseroso bat, ostiralean jolasorduan irakasle batek gainezka egiten zuela ikusi ostean: nork eta nola erabakitzen du irakasle bat tutore lanetan aritzeko moduko egoeran dagoela?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina