Atzo nire lehen eguna izan zen, eta eguna bukatzean nire tutoreak galdetu zidan ea nekaturik ote nengoen. Momentuan ezetz esan nion, horrela iruditu zitzaidalako, baina iluntzean konturatu nintzen sekulako burukomina nuela, tentsioari lotzen zaion horietakoa, eta leher eginda nengoela. Ez da harritzekoa, haurrek eskolako lehen egunaren antzekoa izan nuen eta; estimuluen gaindosia. Eta gaur biharamonarekin esnatu naiz, goizeko seirak baino lehen, gelako egoerak buruan nituela. Espero dut normaltzen joango naizela, bestela practicuma arrastaka bukatuko dut eta! Hori bai, niretzat sekulako lorpena den zerbait lortu nuen: haurren hemeretzi izenak ikasi nituen, eta heldu mordoxka batenak ere.
Berandu denez, gaurko behaketaren inguruan gauza gutxi batzuk aipatuko ditut. Alderdi positiboan, testuinguru orokorrari buruz ari garenez, deigarria iruditu zait nire ikastetxean Haur Hezkuntzako irakaslegoaren egonkortasun-maila: egoitza bana du ikastetxeak bi auzotan, eta bakoitzean bi lerro. Ba, bitik bost urtera doazen geletan dauden hamasei irakasleetatik, hamabosten lanpostuak finkoak dira. Derrigorrez nabaritu behar da hori koordinazioan, irizpide eta helburuen garapean, eta informazioaren elkartrukaketan. Errazagoa da haurrentzat inguru segurua sortzea inguru hori egonkorra bada (egonkortasuna soilik nahikoa ez bada ere). Bestetik, eta agian ez du harreman zuzenik aste honetako behaketa-gaiarekin, baina izugarri gustukoa izan dut tutoreak arratsaldean gelan sortu duen momentu bat. Umeetako baten urtebetetzea zela eta, beste guztiek (guztiok esan beharko nuke, ni ere gonbidatu nautelako ariketa egitera) marrazki bat egin diote, eta irakasleak enkoadernatu egin du beretzat opari gisa etxera eramateko. Eguneko momentutxoa irakasleak kontu handiz eta tempoa maisuki maneiatuz poliki-poliki marrazkien bilduma pinotxo paperean goxoki erraldoi bat bailitzan bildu duenean sortu du; segundu luze batzuz hamazazpi haurrek arnasa eutsi dute, magia saio batean izango balira bezala.
Haurrek marrazkia egitera gonbidatu nautela aipatu dut, eta horrek gelan dudan estatusa aztertzera narama. Praktiketako ikasle bezala, ni linboan nago; ez naiz irakasle (beno, batzuk andereƱo deitzen didate, baina tutorea bere eserlekutik joaten bada, kolektiban gutxinaka kaosa hazten doa, nik hori gelditzeko inolako indarrik ez dudala), eta ez naiz haur (baina haien artean esertzen naiz, oraingoz behintzat). Autoritaterik ez dut (ez daukat hori lantzeko behar larririk, uste dut), baina horrek bestelako gertutasuna ematen dit umeekiko, eta horri probetxu ateratzen ari naiz.
Alderdi negatiboan, atzo denbora aipatu banuen, gaur espazioari tokatzen zaio. Egia da espazio gehiegi izatea, bereziki biltegi gisa erabiltzekoa bada, arazo bihur daitekeela, erabiltzen ez diren gauza mordoa pilatzeko erabilia bada. Baina espazio-eskasia ez da ona ere. Nire ikastetxean irakasleen lan pertsonalerako espazioa oso urria da (ia batere ez), eta gelan gauzak gordetzeko espazioa mugatua da ere (gaur altuera handian dagoen apal batetik material astuna jaisten ibili gara, eta beldur nintzen ez ote zitzaigun zerbait eroriko). Baina daukatenarekin oso ondo moldatzen dira, esan beharra dago.
Bukatzeko, atzo ez nuen aipatu, baina practicumaren barruan autobehaketako ariketa txiki bat egitea erabaki dut, eta blogean jasoko ditut horren emaitzak. Zehazki, Hik Hasi aldizkarian argitaratutako ariketa da, gelako haurrek norberan sortzen dituzten pentsamendu eta emozioei buruzkoa, eta horiei lotuta haiekin ezartzen den harremanari buruzkoa. Joan den urtean Hezkuntzaren Psikologian aipatu ziguten, eta nire gelakide batzuk goi mailako moduluko ikasketen praktiketan aplikatu zuten, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan galdera honekin erlazionaturik: nola egiten du irakasle batek gustuko ez duen haur batentzat bera izan daitekeen irakaslerik hoberena izateko?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina