2012/10/30

Practicum, egunkaria: autobehaketa I, eta harremanak


Aurreko sarrera batean adierazi nuen moduan, Hik Hasi aldizkariko ariketa bat egitea erabaki dut, esteka honetako pdf-aren 26. orrialdean ikus daitekeena. Ariketaren lehen atala da orain arte egin dudana, hau da, gelako haur bakoitzak nigan sortzen dituen pentsamendu eta emozioen deskribapena. Deskribapen horiek hemen jasotzea erabaki dut, haurren izenak zenbakiekin ordezkatuz.

Kontuan izan behar da jarraian azaltzen ditudan deskribapenak aurreko astean hiru egunez ikastetxean egindako behaketen ondorio direla. Deskribapenen jarraian azalduko ditudan ondorioetan egingo dut horren eta beste gai batzuen inguruko hausnarketa.


“1” haurra
Haur alaia iruditzen zait, oso gozoa, oso heldua, atsegina, elkarrekintza atsegin du, hizkuntza aberatsa du, bere gauzak kontatzea gustuko du, autonomoa da, irekia, eta sortzailea marrazkiak egiten. Lagunak erraz egin ditu eta bere taldetxoan lidergoa du; sozializaziorako baliabide asko dituen haurra da. Ikasturte honetan iritsi da lehen aldiz ikastetxe honetara, eta oso ondo moldatu da. Erraz moldatzen da egoera ezberdinetara. Ez da tematia, ezta kasketosoa ere. Ez da ez motelegia, ez urduriegia ere; justu tartekoa (beno, aukeran mugituagoa da lasaia baino). Fisikoki ere oso atsegina da: polita da, garbia, azal leunekoa, liraina, ahots atseginekoa; oso espresiboa da. Psikomotrizitateko saioan ez nuen aukerarik izan bera arretaz behatzeko; jolas sinbolikoan aritu zen asko, baina jolas motorrean trebe iruditu zitzaidan ere. Neskekin jolasten du, bereziki bere taldetxoan.
Erabat eroso sentitzen naiz berarekin, badakidalako ez duela inolako “arazorik” sortuko, gehien jota berari entzutea nahiko du, edo galderak egin, baina kargantea izan gabe.

“2” haurra
Haur argia da, guztia da oso elaboratua beregan: hizkuntza oso aberatsa eta egokia du, marrazketan oso sortzailea da. Berrikuntza gustuko du, alde batetik atentzioa deitzeko, baina ez horretarako soilik. Erabateko “seƱorita” da, poxpolina, nagusien keinuekin gauza batzuetan, eta pixka bat “askojakina”, baina ez gehiegi. Irekia da, ikastea asko interesatzen zaio (bereziki idazketa-irakurketa), eta ez dakienaren aurrean naturaltasunez jokatzen du, larritu gabe, lotsatu gabe, edo haserretu gabe. Guztiekin ondo moldatzen da, baina ez du beste inoren behar berezirik, bere buruarengan konfiantza handia du. Lasaia da gelan, baina psikomotrizitateko gelan asko disfrutatzen du oso fisikoa den jolas motorrarekin; badirudi oso ondo erregulatzen duela egoera bakoitzak eskatzen duen jokabidea, naturalki ateratzen zaio, garapen orekatua du arlo guztietan. Gozoa da, baina ez gozoena. Fisikoki oso atsegina da: polita, azal leunekoa, liraina, garbia, ahots indartsukoa; oso espresiboa da. Neskekin jolasten du.
Berarekin ere oso eroso eta gustura sentitzen naiz. Pixka bat askojakina izateko joerak niri ez dit negatiboki eragiten, baina iruditzen zait beste pertsona batzuei agian momenturen batean astuna irudituko zaiela.

“3” haurra
Izaera aldakorragoa du; zertxobait bihurria izan daiteke, baina maneiagarria den tamainan. Pixka bat despistatua da, dispertsiora jotzen du. Kolektiban toki nahiko finkoa du, leihotik gertu. Argia da, bereziki zenbakiekin, baina ez du besteen aurrean dakiena harro erakusten. Marrazten ez da hain trebea, baina irudimena du. Bere presentzia nahiko oharkabean igarotzen da gelan, ez du izugarrizko zalapartarik sortzen, noizean behin pailazokeriak egin arren. Gutxi samar behatu dudala konturatu naiz. Fisikoki gustuko dut, sagutxo aurpegia du, sudur oso polita eta fina du, azala leuna, begi izugarri politak. Ez da batere lausengaria nirekin; izan ere, nirekiko interes gutxi du. Mutilekin jolasten du gehiago.
Gustura nago berarekin, bakarkako harremanean irekia da, eta eroso sentiarazten nau.

“4” haurra
Sekulako neska puska da, fisikoki handia, ahots indartsuarekin. Horrek, ordea, ez dio bere buruarengan konfiantzarik ematen, eta nahiko kexatia da, bere burua ahul ikusten du eta etengabe irakaslearen bitartekaritza bilatzen du. Justiziaren zentzu zorrotza du, eta gaizki iruditzen zaion zerbait ikusten badu, segituan salatzen du. Hala ere, besteei buruz hitz egitean oso  zintzoa da; adibidez, jolastokian gatazkaren batean bitartekaritza egin eta tutorearengana joan zen “batek esan du honela eta bestela gertatu dela, baina nik ez dut ikusi” esanez. Oso argia da, zenbakiekin eta irakurketan bereziki. Oso alaia eta irribarretsua da. Helduengana asko jotzen duenez, haiekin harremana asko lantzen du, gertutasun fisikoaren bidez, begiradaren bidez, eta elkarrizketaren bidez. Oso obedientea da, segur aski helduaren onespena errazago lortzeko. Berdinekin harremanean segurtasun eza sortzen diote bromek, eta horiekiko oso jokabide zurruna du. Alderdi psikomotorrean garapen nabarmena izan du azken urtean, baina hala ere ez dago trebeenak direnen artean; zuhur samarra da psikomotrizitateko gelan, baina disfrutatzen du. Fisikoki, alde batetik oso atsegina da, aurpegi oso polita duelako, baina bere gorputz handia eta ahots indartsua direla eta ez da samurtasuna transmititzen duen haur horietakoa; bestetik, oso espresiboa da. Neskekin jolasten du, baina ez du taldetxo finkorik.
Hasieran oso atsegina eta gustukoa egin zait, baina pentsatzen dut denborarekin bere izaera kexatiak iritzia aldatu arazi nazakeela, astun samarra bihurtuz. Autobehaketako ariketa honi esker uste dut hori gertatzea ekidin dezakedala.

“5” haurra
Seduktore perfektua da; bigarren goizean musuz bete ninduen galtzerdian sartutako eskuarekin, eta hirugarren arratsaldean guapa deitu nau. Ez da horrelakoa helduekin bakarrik; berdinekin ere oso maitekorra da, agian gela guztiko eztitsuena. Kontaktu fisikoa oso leuna du, oso laztantsua. Oso ameslaria da, irudimen bizia du, bereziki marrazketan. Lausengatzailea den bezalaxe, zirikatzailea ere izan daiteke berdinekin, baina atentzioa deituz gero jokabidea aldatzen du (momentuan); ez da batere bihurria. Oso argia da, talde osoko ariketak batzuetan errazegi egiten zaizkio eta deskonektatzen du. Oso gozoa da, irribarretsua eta txintxoa helduari zuzentzen zaionean (ez horrenbeste berdinekin jolasean). Psikomotrizitatearen aldetik garapen erabat normala du; hala ere, psikomotrizitateko gelan interes gehiago zuen jolas sinbolikoan motorrean baino. Neskekin zein mutilekin jolasten du. Nirekiko interesa du nobedadeagatik. Fisikoki oso atsegina da; bakea transmititzen du bere aurpegiak, pekaz betetako azal leuna du, liraina da, eta ahots gozoa du, oso espresiboa da.
Gustura nago berarekin , baina ez dut amore ematen bere gertutasun eta esklusibotasunaren bilaketaren aurrean. Lehen momentuan, bere gertutasun fisikoa pixka bat gehiegizkoa iruditu zitzaidan, aitortu beharra daukat. Erabat eroso ez naiz sentitzen, ez dakidalako zenbateraino gerturatu nahi duen, egia esan, eta horren aurrean nola jokatu ez dudalako landu. Berarekiko gertuegi egon nahi ez izateagatik, azkenean urruntzea gerta dakidala uste dut, eta hori txarra litzateke.

“6” haurra
Bere ezaugarririk deigarriena hizketarako duen zailtasuna da: erabat eztarrikoa den ahotsa, ulertzen oso zaila, hitz egitean goiko hortzak agerian uzten dituen keinuarekin batera, burua pixka bat atzealdera botaz egiten duena. Pixka bat hitz-motela ere bada batzuetan, edo hori iruditu zait behintzat. Hizkuntzarekin duen arazoa erabat fisikoa dela dirudi. Komunikazio-gaitasun urria du, baina aurpegiko espresibotasunak laguntzen dio pixka bat hitzarekin esan ez dezakeen hori adierazten. Hala ere, ez da batere lotsatzen, eta taldeko jardueretan parte hartzen du, oso positiboa dena. Txanda itxoitea kosta egiten zaio, eta komunikazio-gaitasun urria duten beste haur batzuekin haserreak eta gatazkak ditu. Argia da, baina ez du bere buruarengan konfiantza gehiegi. Erasokortasun nabarmenena izan duen espazioa psikomotrizitateko gela izan da, bertan nahiko ugariak diren gatazkak konpontzeko hizkuntzaz baliatu ahal ez izateak eta frustrazioarekiko tolerantzia urriak sortuta, esango nuke. Psikomotrizitatearen aldetik garapen normala duela iruditu zitzaidan saioan, baina ez nuen behar bezala behatzeko aukerarik izan, gehienbat jolas sinbolikoan murgilduta egon zelako, eta ni jolas motorraren aldean geratu nintzen. Mutilekin jolasten du gehiago. Fisikoki ez da bereziki atsegina, gehienbat hitz egiten duenenean, azaldutako keinu hori dela eta; azala leuna du, gorputza liraina, begiak oso politak, baina horiek itzalpean geratzen dira nolabait.
Gustukoa dut, eta horretan eragina du nire tutoreak berarekin duen harreman gertuak, esan beharra daukat. Hau da, neurri batean, bera gustuko dut nire tutoreak gustuko duelako. Berarekin eroso sentitzen naiz, baldintzak kontuan izanda; ez dut harremana saihesten, baina ez dut aktiboki bilatzen ere, aitortu beharra daukat. Ez dit beldurrik ematen, samurtasuna eragiten dit, eta uste dut ez didala penarik ematen, baina ez nintzateke ausartuko %100ean hori ziurtatzen.

“7” haurra
Lehen egunetan ziurrenik oharkabean pasako zitzaidan nire tutoreak berari buruz hitz egin izan ez balit. Hau da, ez da asko nabarmentzen den haurra, ez baitu asko parte hartzen, baina gutxiegi ere ez, itxuraz gauzak egiten dabil han eta hemen, eta fisikoki ere ez da deigarria. Hala ere, arretaz begiratuta badu zerbait arraroa. Haur gehienek samurtasuna transmititzen duten bitartean, berak sentsazio metalikoa ematen dit, nolabaiteko hotzikara. Horri buruz pentsatzen, iruditu zait bere aurpegiaren espresibotasun urriak eragina dela. Beno, espresibotasun gutxi izateaz gain, batzuetan halako irribarre horizontala du finkatuta aurpegian, hitz egitea zailtzen diona, ezpainak behar bezala ixten uzten ez diolako. Ahotsa ere oso baxua du, eta dagokion adina baino txikiagokoarena den tonuan hitz egiten du. Besteen aurrean hitz egiten hasi orduko, badirudi damutzen dela eta ez duela jarraitu nahi. Nahiko estutzen da taldearen aurrean hizketan; denbora pasa ahala bere antsietatea handituz doa, eta burua alde batera okertzen du, ilea kiribiltzen hasten da, galtzak igotzen... Argia da, baina bere buruarengan konfiantza handirik ez du, eta besteek diotenaren arabera aldatzen du bere iritzia. Bakarka berarekin egotean bestelakoa da, adore gehixeago du. Ekoizpen urria du, bai eraikuntzan, baita marrazketan ere. Komunikazio-gaitasuna nahiko urria du, baina ez da esaldiak eraikitzen ez dakielako, hitz egitea kosta egiten zaiolako baizik. Horrez gain, aulki batean esertzen den orduko etengabe igurtzikatzen da horren kontra, eta hori ez litzateke arazo izango honegatik ez balitz: eskuekin ezer egitea eragozten dio gehiegizko mugimendua dela eta. Alderdi psikomotorrean garapen normala du, jolas motorra eta sinbolikoarekin disfrutatuz. Berdinekin harremanetan ez dut nahikoa behatu iritzia emateko. Neskekin gehiago jolasten du. Fisikoki ez da desatsegina, baina duen harridura aurpegiak ez du bereziki erakargarri egiten. Gorputza argala du oso, azal leuna, eta altua den arren txikia izatearen sentsazioa ematen du, nolabaiteko hauskortasuna transmititzen du.
Nahiko sentsazio neutroak sorrarazten dizkit, ez hotz eta ez bero. Berarekin konektatzen duzunean atsegina da, baina bestela oharkabean pasatzen da bere presentzia. Gela zalapartatsu batean erraz “ahaztu” nezake bera hor dagoela, eta ariketa honek lagun dezake horrelakorik ez gertatzen.

“8” haurra
"16"rekin batera, tamainaz txikiena, baina ez horregatik ahula. Ez du asko parte hartzen, eta taldearen aurrean lotsatzen da, pailazokeriak egitera joz eta harrotuz. Irakurketa-idazketan ez dago gelako azkarrenen artean momentu honetan, eta erantzun zuzenak bermatzeko ereduetara jotzen du edo denbora hartzen du. Ausarta da; nire izena galdetzen ausartu zen lehen egunean, baita zertara nentorren galdetzera ere, “6” lotsatu zen arren. Irekia da, alaia eta oso espresiboa; pixka bat bihurria ere. Berarekin hitz egitean, gustuko du bere gauzak kontatzea. Toki nahiko finkoa du gelan, leihoaren inguruan esertzen direnen artean. Nahikoa behatu ez dudala konturatzen naiz. Fisikoki ez da bereziki atsegina, ezta desatsegina ere; aurpegitxo polita du, begi bizi-biziekin.
Gustuko dut, baina ez da nire interes eta samurtasuna gehien erakartzen duena. Erraza iruditzen zait denbora pasa ahala beraz “ahazten” joatea, hori gerta ez dadin neurriak hartu ezean.

“9” haurra
Haur argia da, zenbakiekin eta hizkiekin trebea. Hala ere, beregan deigarriena komunikazio-gaitasunean duen atzerapena eta kasketak dira. Kasketa harrapatzean minutuak egin ditzake garrasika eta negarrez, bera ere aspertuz (aho zabalka ikusi nuen behin). Hizkuntzari dagokionez, ahoskatzeko zailtasunak izateaz gain, ez ditu esaldiak josten, hitz solteak kateatuz azaltzen ditu bere ideiak. Aurpegiaren espresibotasunarekin osatzen du nolabait bere komunikazioa, baina ez du lortzen erabat eraginkorra izatea. Nahiko erraz despistatzen da gelan. Frustrazioari aurre egiteko azaroak ditu, eta etengabe kasketak hartzen ditu, batzuetan arrazoi nahiko arbitrarioak direla eta. Ez du asko parte hartzen taldeko jardueretan. Urduritasuna eragiten dioten egoeretan (jolastokira atera baino lehen, etxera joateko ordua iristean, psikomotrizitateko gelara joatean) jokabidea erregulatzeko arazoak ditu, eta maiz gatazkak ditu berdina gertatzen zaien beste haur batzuekin (“17”, “6”). Mimoak jasotzea gustuko du, horrek asko lasaitzen du. Psikomotrizitateko saioan ez nuen bera arretaz behatu, baina iruditzen zait garapen normala duela. Nirekiko esklusibotasuneko harremana bilatzen du eta lortzen ez duenean haserretzen da. Jolastokian ez dut nahikoa behatu, baina uste dut mutilekin ibiltzen dela, bereziki trizikloan, horrek txandak kudeatzeko arazoak sortzen dizkiolarik. Fisikoki aurpegi berezia du; Mongoliako estepetatik datorrela dirudi, eta hantxe imajinatzen dut nik, zaldi baten gainean haizea aurpegian sentituz.
Gustuko dut, baina uste dut bere kasketak nahiko nekagarri suerta daitezkeela denborarekin, eta berarekin komunikazioa jariakorra ez denez, berarekin harremana bereziki ez bilatzera eraman zaitzake. Nirekiko duen jarrerak ez nau estutzen, ondo kudeatzen dut. Negarrak, aldiz, ez daramatzat hain ondo; niri zail egiten zait haur bat negar egiten uztea, horri amaiera emango dioten gauzetara jotzen dut (hitz egitea, laztantzea...), eta ez daukat oso argi kasu honetan zer den egokiena.

“10” haurra
“4” nesken artean denaren modukoa da “10” mutilen artean; sekulako mutil puska. Beldurrik ez duela dioen arren, ostiralean “zine saioa” izan genuenean negarrez hasi eta tutorearen magalean esertzera joan zen bakarra izan zen. Ez dut nahikoa behatu garapen kognitiboari dagokionez, beraz, ez dut ezer esango. Lehen egunean nirekiko pixka bat mesfidati agertu zen arren, oso ondo hartu nau ondoren. Oso txintxoa iruditu zait lehen egun hauetan, baina tutoreak esan dit badakiela bihurria izaten. Gatazka gutxi du gelan, ez da etengabe borrokatzen denetakoa. Psikomotrizitateko saioan oso indartsu eta trebe ikusi nuen jolas motorrean; handia den arren ez da batere baldarra, baina jolas sinbolikoan aritu zen denbora gehiena. Mutilekin jolasten du gehienbat, baina jolastokian ere ez dut nahikoa arretaz behatu. Kolektiban leihoaren inguruan esertzen den horietakoa da, baina batzuetan tokiz aldatzen da. Fisikoki berezia da, aurpegia helduarena duelako erabat, eta horrek kontrastea sortzen du duen adinari dagozkion jarrera normalak erakusten dituenean.
Gustuko dut, oso prestua iruditzen zait. Eroso sentitzen naiz berarekin.

“11” haurra
Taldean erabat oharkabean igarotzea da bere ezaugarririk nabarmenena. Ez du liskarrik, ez du asko parte hartzen, baina ez du atentzioa deitzen bereziki pasiboa izateagatik ere. Irudimen bizia du, jolas sinbolikoan erabat murgildua dago, bere espazio-ontziekin eta ezpatekin jolasean. Zenbakiekin eta hizkiekin ondo moldatzen da, baina ez die izugarrizko garrantzirik ematen ere; galdetzen badiozu erantzun zuzenak ematen dizkizu, baina ez da erantzunarekin helduarengana joaten aprobazio bila. Beldur nintzen agian beharrak azaltzeko orduan uzkurra zela, baina ikusi nuen kolektiban parte hartzeko eskua altxatu zuen batean zalaparta sortu zelako txanda-pasa egin ziotela, eta ondoren konformatu ordez berriro altxatu zuen eskua berak zerbait kontatu nahi zuela esanez. Bere marrazkiak oso bereziak iruditu zaizkit. Bi egunetan ikusi dut marrazten, eta bietan marrazki bera egin du, orria ertzetatik hasita kolore bizietako orbanekin betez, trazu bertikalak erabiliz beti. Zer zen galdetuta, etxea zela esan zidan; eta atea eta leihoak non zeuden galdetzean, berriz, ez zegoela. Haur guztiekin moldatzen da berdintsu, ez du erabat finkoa den tokirik kolektiban, eta jolastokian ere haur ezberdinekin jolasean edo bere buruarekin hizketan ikusi dut. Psikomotrizitateko saioan ez nuen arretaz behatu, baina uste dut gehienbat jolas sinbolikoan ibili zela. Fisikoki izugarri polita da, bakea dario.
Gogokoen ditudanen artean dagoela aitortu beharra daukat, hain da lasaia! Eroso sentitzen naiz berarekin, eta gustuko dut bere kontu ameslariak entzutea.

“12” haurra
Nahiko lotsatia da, eta ez du asko parte hartzen taldeko jardueretan, baina bere gustuko ez den zerbait egiten badiote ez da kikiltzen.Oso lasaia da, eta bakarka berarekin egotean bere gauzak kontatzea gustuko du. Egoera lasaia denean “soltatzen” da hobekien. Bere anaia txikia garrantzitsua da bere bizitzan, eta jolastokian hura zaintzea bere lehentasuna da jolasaren aurretik. Anaiarekin oso maitekorra da, baina gelako lagunekin ez horrenbeste. Esan beharra daukat ez dudala behar bezala behatu bere garapen kognitiboa. Psikomotrizitateko saioan gustura ibili zen jolas motorrean nahiz sinbolikoan. Ez da nesken taldetxoko partaide finkoa; haur ezberdinekin jolasten du. Hizkuntzaren garapen egokia du, eta ahots nahiko baxua du, ez indartsua; nahiko isila da. Haur txintxoa eta arduratsua da, ez dago beregan bereziki deigarria den ezer. Esango nuke bere buruarengan nahiko konfiantza duela, baina ez dut nahikoa behatu hori ziurtatzeko. Fisikoki, bere begi-zulo beltzek keinu tristea ematen diote aurpegiari, baina keinua baino ez da, zeren eta esango nuke bere modura alaia dela. Ez da izugarri espresiboa.
Gustukoa dut “12”, inolako arazorik sortzen ez duen haur horietakoa da, lasaia. Berarekin harremana lantzeko astia hartuz gero, uste dut emateko asko duela.

“13” haurra
Beregan nagusitzen den ezaugarria edertasuna da; oso neska polita da, perfektua. Izugarri pinpirina da ere; beti dago hortxe bere buruko kakoak jarri eta kentzen, eskumuturrekoekin berdin. Arreta oso erraz galtzen du, edo hobe esanda, askoz ere gehiago interesatzen zaio lagunekin berriketan aritzea edo bere janzkeraren osagarriren batekin jolastea, gelako gauzei adi egotea baino. Taldean hitz egin behar duenean pixka bat arraro jokatzen du, oso mantso eta ahots oso eztitsuarekin hitz egiten du, eta ez zait argi geratzen handiustea duelako ote den, edo lotsa den. Ez du bere burua agerian jartzen tutoreak galderak egiten dituenean. Nire ustez, jaio zen egunetik esan diote hain dela polita eta perfektua, irudi horren aurrean huts egiteko beldur dela. Eskolak irakats diezaiokeen gauza hoberenetarikoa polita izateaz gain beste gauza asko izan daitekeela da, mesede egingo lioke. Normalean bere neska lagun taldetxoarekin egoten da, eta egoera horretan konfiantza handiz agertzen da. Hala ere, jolastokian egun batean ikusi ahal izan dut bere lagunekin haserretzen bada sozializaziorako oso baliabide urriak dituela nabarmentzen dela, ez baita gai beste lagun batzuk bilatzeko edo egoerari irtenbidea aurkitzeko (segur aski helduekin harremanetan bere edertasuna nahikoa izan delako). Beraz, lagunekiko menpetasun harremana du momentu honetan. Toki finkoa du kolektiban, bere lagunen ondoan. Alderdi psikomotorrean garapen normala du, eta saioan jolas sinbolikoan nahiz motorrean ibili zen. Alderdi kognitiboan ezin izan dut arretaz behatu, berak ere ez baitu aukera asko eskaintzen horretarako.
Ez da gustukoen dudana, nire ustez pinpirinegia delako, baina sozializazioan duen ahuleziak berarekiko iritzi positiboagoa eragin dit. Kanpoko itxura alde batera utzita, beharrak dituen haurra da.

“14” haurra
Bere ezaugarririk deigarriena helduekin hitzik egiten ez duela da, eta haurrekin ere oso gutxi. Jolastokian eta psikomotrizitateko gelan ikusten dugu bakarrik beste batzuekin hitz egiten, eta tutoreari eta niri hitz bakanen bat baino ez digu esan (niri soilik jolastokian). Behin ahotsik egin gabe ahoskatu dit hitz bat. Etxean, aldiz, normaltasunez hitz egiten omen du. “15” eta "17"rekin batera etorkinen alaba da, eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Keinuez baliatzen da komunikatzeko erantzuna eskatzen zaionean, gehien jota. Taldeko jardueretan gutxi hartzen du parte, baina aste honetan bere urtebetetzea ospatu da, eta izugarri pozik zegoen eguneko protagonista zela ikustean. Hitzezko komunikazioa ekiditen duen arren, helduarekin kontaktu bisuala gustuz hartzen du eta aktiboki bilatzen du, eta iruditzen zait hori abiapuntu egokia izan daitekeela bere oskoletik ateratzeko. Badirudi esaten zaiona ondo ulertzen duela, aginduak betetzen dituelako edo keinuz erantzuten duelako. Bere komunikazio-gaitasuna urria da, ezinbestean, eta zaila da baloratzen beste haurrekin hitz egiten duenean nolakoa den. Batzuetan isolaturik egotea bilatzen du, hori egiten ikusi dut txokoetan eta psikomotrizitateko saioan, baina ez dirudi larritasuna eragiten dionik; berak bilatua dela dirudi. Nahiko espresiboa da, eta bere gorputzak adierazten duenagatik ez dirudi triste dagoenik. Jokabide arraro bat baino ez diot igarri: psikomotrizitateko gelan irribarre oso alai eta irekia egin zuen gatazkak izateagatik bankuan eserita negarrez zeuden bi lagunen aurrean jarrita, eta arraro egin zitzaidan egoera horretan poza agertzea. Toki finkoa du gelan, bere amak uzten duen hori, hain zuzen ere. Garapen kognitiboa ezin izan dut behatu, komunikazio-gaitasun urriak eta bere uzkurdurak oztopo handia suposatzen dutelako. Jolastokian ez du lagun finkorik, baina gelako kideren batekin banaka jolasten du.
Gustukoa dut “14”, bere gaitasunaren mailan kontaktua lortu dudala iruditzen zait, eta goxotasuna iruditzen zait duela barruan, dudaren bat dudan arren. Jakin-mina eragiten dit ere, eta kezka geroz eta gehiago. Tutorearen kezka erabat ulergarria iruditzen zait.

“15” haurra
Erabateko lurrikara da “15”. Ez da isiltzen, ez da geldirik egoten, ez du ezetzik onartzen, bere nahiak tinko adierazten ditu. “14” eta "17"rekin batera etorkinen semea da, eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Hizkuntza ez du batere ondo menderatzen; alde batetik, ahoskatzeko arazoak ditu eta bestetik, esaldi gutxi josten ditu, gehienbat hitzak bata bestearen jarraian esanez komunikatzen da. Hala ere, komunikazio eraginkorra lortzen du izugarri espresiboa delako. Oso oldartsua da eta naturaltasun osoz esaten du burura datorkiona. Emozio guztiak intentsitate handiz bizitzen ditu, eta egunean zehar aldakortasun handiz bizitzen ditu (tristura ezik, esango nuke). Ez dauka gauzak bere kabuz egiteko pazientziarik, eta segituan eskatzen dizu zuk bere lana egiteko. Bere garapen kognitiboa behatzeko aukerarik ez dut izan, baina nahiko argia dirudi, edo azkarra behintzat. Toki finkoa du gelan, bere interesek eraginda, izan ere, jolastokira arduradunaren atzetik irten nahi du trizikloa hartzeko, eta horretarako toki bera aukeratzen du beti, eta ez dio inori utzi nahi. Komunikazio-gaitasun mugatuak eta oldarkortasunak ez diote bereziki errazten sozializazioa, baina moldatzen da. Jolastokian gogokoen duena trizikloa da, eta horren inguruan gatazkak ditu txandak direla eta. Tutorearengana jotzen du bitartekaritza bila, baina ez beti, eta bere gertutasuna asko bilatzen du. Nirekiko interesa du, eta harreman esklusiboa nahi du, ahal duen tinkotasun guztiarekin adieraziz, inolako dudarik egon ez dadin.
Gustuko dut “15”, uste dut ez dela posible bera gustuko ez izatea, baina oso nekagarria izan daiteke bere etengabeko eskakizunak diela eta.

“16” haurra
Gelako txikitxoena da tamainaz. Bere laguntxo taldean ezik, oso isila da, eta taldeko jardueretan parte hartzea kostatzen zaio. Taldearen aurrean hitz egitean lotsatzen da, eta oso tonu baxuan hitz egiten du. Ez da erraza bere komunikazio-gaitasuna behatzea, ez delako asko hitz egiten duen haurra, baina ez du hizketarako arazo fisiko berezirik. Zenbaki eta hizkiei dagokienez, momentuz ez dago gelako aurreratuenen artean. Konturatzen naiz ez dudala nahikoa arretaz behatu. Psikomotrizitateko saioan pareta botatzera korrika irten ez zen bakarra izan zen; nire ustez bere tamaina txikia dela eta, uzkurtu zelako. Jolas motorrean eta sinbolikoan aritu zen, beti bere laguntxoekin. Kolektiban bere lagunen ondoan jartzen da beti, eta jolastokian ere haiekin ibiltzen da. Ez du tutorearengana bereziki jotzen, ez da inoiz liskarretan sartzen, ez du eskaera edo protestarik egiten. Oso erraz despistatzen da, eta kognitiboki esfortzua eskatzen dioten jarduerak ahal badu alde batera uzten ditu. Nirekiko duen interes bakarra komunetik bueltan galtzak lotzeko laguntzea da.
Ez hotz eta ez bero uzten nauen haurra da, oraindik ez diot aurkitu nire interesa piztuko duen zera hori, eta horren bila gehiago saiatu beharko dudala uste dut.

“17” haurra
Arauekin eta autoritatearekin arazo larriak dituen haurra da “17”, eta horixe da beregan deigarriena dena momentu honetan. Tutoreak dioenez, ikasturtearen hasierarik sekulako hobekuntza izan du zentzu horretan, baina oraindik bide luzea du aurretik. “14” eta "15"ekin batera etorkinen semea da, eta ondorioz bere LH1 ez da euskara/gaztelania. Gaztelaniaz ondo moldatzen da, baina euskararekin orain izan du lehen kontaktua, eta askotan ez ditu esandakoak ulertu ere egiten. Oso oldarkorra da, baita erasokorra ere, eta tutorearekin harremanean etengabe mugen bila dabil. Ikastetxe honetara iritsi aurretik jasanezintzat joa izan dela dirudi, eta ondorioz sudur puntan jartzen zaiona egitera ohitu da. Gelakideekin gatazkak ditu etengabe, bereziki berak bezala komunikazio-gaitasun urria dutenekin (“9”, “15”, “6”). Hizkiekin ia harremanik izan ez duela dirudi, zeren eta bere izena ezagutzen oraintxe ikasi du, eta eredua aurrean izanda idazteko nahikoa lan du. Zenbakiekin badirudi zertxobait gehiago lan egin duela, baina hizkuntzaren oztopoa dela eta ez da erraza jakiten zenbaterainoko aurrerapena egin duen. Marrazketan zirriborroetara jotzen du (zizta egiten duten armiarmak eta horrelakoak), kolore ilunetan. Toki nahiko finkoa du leiho inguruko taldetxoarekin. Etengabe eteten du gelako dinamika, eta tutoreak azalpen luzeak ematen dituenean deskonektatzen du, segur aski ulertzen ez duelako. Bestelako jardueretan ere oso erraz despistatzen da. Tentsioak eta beldurrak gobernatutako haurra dirudi, bere bizitzan egonkortasun urria duena. Alderi psikomotorrean garapen egokia du, baina bere oldarkortasuna kontrolatzea ezinezkoa egin zitzaion psikomotrizitateko saioan, eta zigortua izan ondoren guztiengandik aparte gordeleku bat eraiki zuen, bere energia guztia eusteko nahian edo. Nire ustez, egindako bihurrikeriak eginda ere tutorea beti hor dagoela ikusteak, irmo baina goxo, lasaitasuna eta konfiantza ematen dio. Jolastokian beti trizikloarekin egon nahi du, eta txandekin arazoak ditu. Beraz, ez du ia beste haurrekin jolasten. Ez da zuzenean tutorearengana joaten, baina beti bilatzen du hura jokabidearen mugak ezarri diezazkion. Lehen egunetan ez zuen nirekiko inolako interesik, gelako hierarkian nik tokirik ez dudalako, eta bere interes osoa hierarkia horren buruarengan duelako, tutorea, alegia. Etiketatua izateko arrisku larria duen haurra iruditzen zait.
Nire izaera pertsonala dela eta, txikitatik ardi galduen teresita-de-jesus izan naizelako, gustuko dut. Hala ere, iruditzen zait oso zaila izango zela “17” gustuko izatea tutoreari egin dizkion gauzak (iraindu, txistua bota) egin izan balizkit. Gustuko dut berarekin egotea, ez dut saihesten eta ez dit beldurrik ematen.

Ariketa honen inguruan oraingoz aipagarrien iruditzen zaizkidan ondorioak hauek dira:

  1. Pertsonen inguruko (aurre)iritziak zeinen azkar eraikitzen ditugun konturatzeko balio azpimarragarria du ariketak. Gezurra dirudi zenbateraino epaitu ditudan haurrak hiru egunez soilik gelan egon eta gero. (Aurre)iritzi horiek zalantzan jartzeko balio behar du tresnak, ezinbestean.
  2. Haur bakoitzak norberarengan sortzen dituen iritzi eta emozioez jabetzeko tresna oso egokia da. Irakasle izatean beti aplikatuko dudala iruditzen zait. Hau da, iritzi eta emozioak sortzea ekidinezina da, baina espero dut ariketak irakatsiko didala posible dela emozio eta pentsamendu horiek modu kontzientean aztertzen eta moldatzen.
  3. Ariketa idatziz egitea behar-beharrezkoa iruditzen zait, hortxe baitago emozio eta pentsamendu horiek moldatzen joateko lehen galbahea. Nire kasuan, erabaki nuen idatzitakoak haur horiek hemendik urte batzuetara hitz hauek aurkituko balituzte, edo haien gurasoek aurkituko balituzte, iraingarri edo mingarri suertatuko ez liratekeen moduan idatzita egon behar zutela, hau da, errespetutik idatzita. Horrela egiteak egokiak ez diren pentsamenduak uxatzen ditu, eta hori ona da, pentsamendu horietatik ez baita inoiz ezer ona etorriko, ez ikaslearentzat, ezta irakaslearentzat ere.
  4. Ariketa egitea erabakitzeak, bere horretan badu eragin positiboa haur bakoitzari ematen zaion arretan. Haur bakoitzaren inguruko zerbait idatziko dela erabakitzean, nahigabe saiatzen zara haur guztiak behatzen.
  5. Lerroen kopuruari begiratu besterik ez dago interes gehien zein haurrek piztu duten jakiteko. Beraz, termometro ona da norberaren interesak eta kidetasunak agerian jartzeko, aurrerago horien inguruan bakoitzak erabakitzen duenaren arabera ekiteko.
  6. Iruditzen zait ariketa honetan inoiz ahaztu behar ez den zerbait badela: norberaren pentsamenduak eta emozioen jatorri eta zergatiak "janzten" saiatu arren, nik hemen egin dudan bezala, argi izan behar dugu gure pentsamendu eta emozioak GUREAK direla, eta ez beste inorenak. Hau da, guk sortuak direla, eta gure esku dagoela horiek aldatzea. Ezin dizkiegu gure emozio eta pentsamenduak haurren ezaugarriei egotzi.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina