Beste gelakide bati ere Konyren gaia interesatu zaiola ikusi dudanez, hona hemen Norbert Mao-k Konyri buruz esandakoa, bizitzan eta munduan gauzak zuri edo beltz gutxitan izaten direnaren adierazgarri.
Badakit irakasgaiarekin lotura zuzenik ez duen gaia dela hau, eta agian baten bati zail egingo zaio ulertzea zergatik eman dizkiodan hiru sarrera Konyren auziari blogean. Alde batetik, arrazoi pertsonalak daude, lagunak baititut Uganda, Sudan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta haien bidez iritsi zait ekimenaren berri. Interesgarriak eta hunkigarriak izan dira beraien gogoetak, Norbert Maok gupidari buruz dioenaren ildo berean.
Bestetik, Konyren istorio honetatik niretzat ikaskuntza garrantzitsuak eratortzen dira, eta horregatik egin diot tokia blogean:
- Haur Hezkuntzari begira, EAEko egoera ikuspuntu globaletik aztertzen laguntzen du. Eskola 2.0 eta bestelako azken irrintziak kalitatezko hezkuntzan ezinbesteko baliabide direla aldarrikatzen dituzten ahotsak entzutean, gauzak bere tokian jartzen laguntzen du munduan milaka haurrek hezkuntza formalik jasotzeko aukerarik ez dutela gogoratzeak.
- Gelakideok epe motzean graduko ikasketei dagokienez dugun ziurgabetasunaren gaia ere bere tokian jartzea ahalbidetzen du. Izan ere, benetako arazoak beste batzuk dira, une honetan hurrengo ikasturteari begira eskolak goizez edo arratsaldez izango ote diren bizi ala hilekoa iruditzen bazaigu ere. Oinarrizko beharren inguruan arazorik ezean soilik bihurtzen dira arazo aipatzen dudanaren modukoak, eta hori bistaz galtzerik ez da komeni.
- IKTen ondorio eta eraginei buruz hausnartzera bultzatzen gaitu, eta horregatik eragiten dio zuzenean blog honi. Beste edozein tresna bezala, helburu on eta txarretarako erabil daitezke IKTk, eta haurrak horretaz jabetu behar dira. Noski, on eta txar diodanean, hasierako zuri eta beltzari buruz esandakoa izan behar da gogoan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina