2012/03/18

Konyren memetik denbora galtzera

Izenburu xelebrea du sarrera honek. Ez naiz luzatuko gai honen inguruan, baina aurreko batean aipatzen nuen Kony 2012aren ekimenak soka luzea ekarri du azken astean. Honako blogean duzue ekimena meme bat (Interneten ziztu bizian zabaldua izan dadin diseinatutako ekoizpena) izan dela adierazten duen iritzia, baita ematen zaizkion erantzun sutsuak ere. Beste honetan oraingoan positiboa den ekimen horren alde egiteko IKTek eskura jartzen dizkiguten tresnak helburu maltzurretarako erabiliko balira eman litezkeen ondorioen inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu egileak.

Egiten ari garen ariketa honi ere aplika lekioke azken kezka hau: ikasteko erabili ordez kide garen sekta satanikoa zabaltzeko erabil genezake gure bloga, edo denbora galtzeko (askoz ere probableagoa). Denbora galtzea diodanean burura datorkit Gandiagaren liburuaren izenburu ezinhobea: "Denbora galdu alde". Izan ere, galdutako denborarik ba al da? Nire ustez, ez; baina erantzun borobil horri ñabardura bat egin behar zaio: denbora galtzen ari garela iruditzen zaigunean ere bada ikaskuntzarako beta, aukera hori probesten asmatzen badugu behintzat. Hezkuntzarako bereziki interesgarri iruditzen zait azken hau: haurrei denbora galtzen utzi behar zaie, denbora galduz ikasten irakatsi behar zaie. Baina, tira, agian guzti hau nire burua zuritzeko besterik ez dut esaten, blog honen ibilbide erratikoa justifikatzeko edo...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina