2012/03/23

Metakognizioa


Blog hau ez da Didaktika Orokorreko irakasleak planteatu zigun helburuekin erabat ados garatzen joan. Azkenean, nire ikaskuntza prozesuaren ibilbidea islatzen ari dena sarreren bilduma luze xamar hau izaten ari da, hor joan bainaiz lauhilekoan zehar deigarri eta interesgarri iruditu zaizkidan gai asko jasotzen. Beraz, pentsatu dut hoberena izango dela Paper-zorroa delakoan ikaskuntza prozesuaren inguruko hausnarketa biltzea, prozesua bera sarreren bilduman jasoz. Hori dela eta, Paper-zorroan idatzita nuenaren zati bat hona dakart, nire metakognizioari buruzko lerroak, hain zuzen ere.

Metakognizioa Hezkuntzaren Psikologian lauhilekoaren hasieratik lantzen aritu gara, eta nire ustez oinarri-oinarrizko gaia da ikasten duen edonorentzat. Hezkuntza etengabeko prozesua dela diogunez, metakognizioa pertsona ororentzat da garrantzitsu. Bakoitzak nola funtzionatzen duen ezagutzean datza, azken finean. Ikas daitekeen zerbait da, hau da, posible da norbanakoa bere adimenaren gaineko gaietaz kontziente bilakatzea, eta haurrei (baita helduei ere, noski) lagundu beharko litzaieke jabetze prozesu horretan. Jarraian doazen lerroetan uzten dizkizuet nireari buruzko ezaugarrietako batzuk.
Nire ohiko ikaskuntza prozesuari jarraituz, lineala eta graduala ez dena (orain arte behintzat), blog honetan islatu beharreko irakasgaiaren ikaskuntza-prozesua ez dut espero modu lineal eta gradualean bilakatuko denik. Orokorrean, gai berri bati heltzen diodanean hasieran sakabanatzera jotzen dut, norabide jakinik bultzatu gabe, jakin-minak eramaten nauen tokira. Kontzeptu eta ideia berriak bata besteari lotzeko saiakerarik ez dut egiten fase horretan. Eta denbora batez "beratzen" egon ondoren, nolabaiteko kristalizazioa gertatzen da, nahiko azkarra, eta kontzeptu/ideia berri horiek antolatu egiten dira aurrekoei lotuz. Beratze horrek maiz luze irauten du, baina denborarekin ikasi dut horrek ez nauela urduri jarri behar. Espero dut nire irakasleak ere izango duela konfiantza eta pazientzia!

Noski, horrek ez du zerikusirik lanaren maiztasunarekin, hau da, ariketak egin edo irakurri modu diziplinatuan egiten ditut, eta egingo ditut, baina emaitzek ez dute erritmo bera izaten, nire kasuan behintzat.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina