Asteko azken sarreran eskolak gure arratsaldeko taldearen etorkizunaren inguruko ez-berriek eragin duten lurrikara txikiaz arituko naiz. Duela astebete nioen talde giro polita sumatzen nuela, hurrengo egunean talderik ez zela ... "maite nau, ez nau maite", bitxilorea orriultzen.
Auzia hasi baino ez da egin, baina oraingoz gauza oso interesgarriak irten dira gelan, eta ikaskuntza aberatsak niretzat behintzat. Jaionek hitzez adierazi zuenaren ildo beretik (arratsaldeko taldean egoteak talde txikian aritzea zekarrela, eta horrek bazuela hobeto ikasteko eta erosoago sentitzeko abantaila) mintzatu zitzaidan Itsaso ere, eta harago joan da Olatz bere blogeko paper-zorroan: arratsaldeko taldearen aniztasuna goizeko taldeen homogeneotasunaren aurrean abantaila dela ere dio. Oso interesgarriak iruditu zaizkit ikuspuntu horiek, ez bainintzen kontziente horretaz. Eta taldea goizera pasa nahiz arratsaldez mantentzen bada ere, hori mantendu beharreko ondarea dela iruditzen zait. Bestetik, gure Aitzpea arinaiztarrak ekintzara jotzeko oihu egin digu, eta arrazoi du ere.
Orain, hemendik irailaren hasieran beste ikasturtea hasi arte egi bihurtuko den utopia bat behar dugu, eta gai honetan parte garen eragile guztion (ikasle, irakasle, eskolako zuzendaritza, eskolako bestelako langileria, unibertsitateko administrazio) borondatea beharko da horretarako. Hona hemen polita iruditu zaidan bat; nork botako ditu ideia gehiago?