2013/05/17

Zailtasunak Garapenean eta Ikaskuntzan: zailtasunei aurre egiteko tutorearen jarrera eta jarduna

Graduan zehar ikasitakoaren inguruko gogoeta egitea eskatu zaigunean ikasgaiak “egiturazkoak” eta “instrumentalak” deitu diedan kategorietan banatu izan ditut, eta pentsatu dut ezinbesteko nuela "egiturazkoetan" esfortzu handia egitea, irakasgai "instrumentaletan" eskaintzen zaizkidan teknika eta metodologia zehatzek nire hezkuntzaren mapamundian tokirik ba ote duten erabaki ahal izateko. 

Ikasgai honen kasuan, iruditu zait bi alderdiak landu ditugula aldi berean. Alde batetik, ikasgaiaren zati instrumentala izan dugu, non oinarrizko kontzeptuak eta terminologia ikasi ditugun, hainbat nahaste eta sindromeri buruzko ezaugarri eta datuak ezagutu ditugun, edo zenbait urritasunen ondorioz eragindako ezgaitasunak (fisikoak, psikikoak nahiz zentzumenetakoak) eta horiei aurre egiteko baliabideak ezagutu ditugun. Horrela, ikasi dugu bost hezkuntza premia berezi (HPB) iraunkor mota daudela: adimen ezintasuna edo/eta garapenaren nahaste orokortuak (AEN), gorreria, ikusmen ezintasuna, urritasun motorra eta goi-mailako gaitasunek eragindakoak.

Alderdi instrumental hori oso interesgarri eta erabilgarria iruditu zait Haur Hezkuntzako irakasle moduan etorkizunean jardun ahal izateko, noski. Hala ere, ohartu gara etengabe aldatuz doan arloa dela. Horrela, jakin ahal izan dugu garai batean nahaste zena hobeto ezagutu ondoren sindrome gisa izendatua izan daitekeela, jatorria jaiotzetiko baldintza biologiko batean oinarritua dagoela ikusten bada. Ikasi dugu ere garai batean alfer eta bihurri bezala etiketatuak izango ziren haurrei gaur egun izen-abizenak dituzten nahaste edo sindromeak diagnostikatzea posible dela. Bestetik, garrantzitsuagoa dena, ikasi dugu horiek guztiek ekar ditzaketen zailtasunei aurre egiteko irizpideak eta laguntza existitzen direla, baita horiek aplikatzeko protokolo zehatzak ere, HPBen eremuan landuko direnak.

Hori guztia oso garrantzitsua eta interesgarria iruditu zaidan arren, gehiago erakarri nau ikasgaiaren egiturazko alderdiak. Azken ikaskuntza hauetako batzuk ikasgaian landutako material eta jardueren eskutik etorri dira, eta beste batzuk irakaslearen jarrerak zuzenean transmititutakoak izan dira. Ondokoak nabarmenduko nituzke:
  • Hezkuntzan, bizitzan bezala, pertsonekin jarduten gara, ez ezintasunekin. Ezintasunen bat duten pertsonak beste ezer baino lehen pertsona dira.
  • Pertsona guztion moduan, ezgaitasunen bat duten pertsonek ere mugak eta gaitasunak dituzte, eta ezin diegu soilik lehenengoei erreparatu. Irakasleari eta laguntza zerbitzuetako profesionalei dagokie horiek guztiak kontuan izanda hezkuntza diseinua gauzatzea eta dagozkien laguntzak ezartzea pertsonaren garapena ahalik eta osatuena izan dadin. Zentzu horretan, eskola inklusiboa da HPBei modu egokienean erantzuten diena. Bestetik, ezintasuna duen ikaslearentzat aproposak diren laguntzak beste ikaskideen ikaskuntza erraztu ohi dute; beraz, laguntzak guztientzat dira baliagarri.
  • Urritasuna (gorputzaren ezaugarri biologikoen inguruko galera edo normaltasun eza) ez da ezgaitasunaren (urritasunaren ondorioz gaitasun funtzional baten eza edo murrizketa) sinonimo, eta azken hau ez da minusbaliotasunaren (urritasun edo ezgaitasunak eragindako desabantaila soziala) berdina.
  • Urritasun jakin batek pertsonarengan ezgaitasuna sortuko ote duen ala ez, eta horrela izatekotan, zenbaterainokoa izango den ondorioztatzeko ingurunea faktore oso garrantzitsua da. Neurri batean, inguruneak baldintzatzen du pertsonak bere testuinguruan nola funtzionatuko duen, ez bere gaitasunek soilik (adimen ezintasunaren definizioaren barruko kontzeptu hau bestelako ezintasunei orokortzeko modukoa iruditzen zait). Ezgaitasuna duen pertsonari emandako laguntzek funtzionaltasun hori hobetzea izango dute helburu.
  • Garapenean eta ikaskuntzan sor daitezkeen zailtasunei eta ezintasunei jarrera positiboarekin, elkarlanean, burua irekita mantenduz, aurreiritziez jabetuz eta horiek gaindituz, eta sortzailea izanez aurre egin behar zaie. Umorea ere baliabide oso erabilgarria suertatuko da. Bestetik, konfidentzialtasuna gordetzen jakin behar da.
  • HPBei dagokienez, tutorearen lana ez da diagnostikoa egitea; hori beste profesional batzuei dagokie. Tutoreak haurrak behatu behar ditu, eta ezohikoak iruditzen zaizkion jokabideak edo zailtasunak  ikusiz gero, gelan moldaketak egin arren egoerak jarraitzen badu, familiekin eta ikastetxeko laguntza zerbitzuekin hitz egin behar du, aurrez ezarritako protokoloari jarraituz, eta ikaslearen ebaluazioa eskatu.
  • Ezgaitasunaren diagnostikoa egin arteko prozesua, diagnostikoaren unea eta horren ondorengo momentuak familiarentzat emozionalki esperientzia oso handiak dira, mingarriak eta atsekabez betetakoak izan daitezkeenak. Tutoreak bere pertsonarteko eta pertsona-barneko adimenak landu behar ditu momentu horietan familiarentzat lagungarri izan ahal izateko eta berak ere prozesua modu osasuntsuan eraman ahal izateko.
  • Adimen ezintasuna (AE) duten pertsonek talde oso heterogeneoa eratzen dute, eta bi ezaugarri hauek dituzte komunean: adimen-funtzionamendua batez bestekoa baino baxuagoa izatea, eta egokitzeko gaitasunen hamar esparruetatik gutxienez bitan ezintasunak edo mugak izatea. Hamar esparru horiek ondokoak dira: komunikazioa, auto-zainketa, etxeko bizitzara moldatzeko gaitasunak, gizarte-trebetasunak, komunitatearen erabilera, auto-zuzendaritza, osasuna eta segurtasuna, trebetasun akademiko funtzionalak, aisialdia eta lanerako gaitasunak. Laguntzek funtzionamendua hobetzea izango dute helburu, eta aldizkakoak, mugatuak, zabalak edo orokortuak izan daitezke.
  • AEk ez du zertan betirako izan behar, baina AE duten pertsonen garapena motelagoa izaten da, eta arlo psikomotorra, kognitiboa eta afektibo-soziala landu ohi dira beraiekin. Ondorioz, Haur Hezkuntzako etaparen hasieran garapena beste ikaskideekiko motelagoa izan arren, laguntza egokiekin garapena orekatzen joan daiteke adinean aurrera egin ahala.
  • Ez dugu ahaztu behar adimenak anitzak direla, eta gutako bakoitzak adimen bakoitzaren esparruko gaitasunak maila diferenteetan ditugula garatuta. Adimenen kontzeptu zabala izan behar du buruan irakasleak.
  • Gelan ezintasun bat duten ikasleak izatea ikasteko aukera bat da guztientzat, bai ikasleentzat, baita iraslearentzat ere; bizitzako erronkei aurre nola egiten ikasteko aukera, alegia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina