Ikastetxearen antolakuntzaren osagaiak aztertu aurretik, eskola
zer den zehaztu beharra dago. Nire aldetik, bat egiten dut eskola
ikaskuntza-komunitatearekin parekatzen dutenekin (Paredes Labra, Herrán Gascón,
Santos Guerra, Carbonell Fernández, & Gairín Sallán, 2009, or. 30–31).
Zentzu horretan, eskola pertsona talde batek osatuko du, berea duten hezkuntza-
eta kultura-proiektu bat eraikitzeko antolatzen direnak; elkarlanean eta
solidaritatezko giroan ikasten duen pertsona taldea.
Horrelako eskola baten partaide diren guztiek helburu eta
balio komunak dituzte, eskolak erakunde gisa elkarbanatutako lidergoa du,
taldeko lanean oinarritzen da, bere ikasleria modu berritzaileen bidez antolatu
eta taldekatzen da, curriculuma komunitatearen parte-hartzearekin antolatzen
da, irakaskuntzarako metodologia berritzaileak erabiltzen dira,
prestakuntzazkoa eta orientabidezkoa den ebaluazioa du, praxia ikerketarekin
eta ekintzarekin uztartzen ditu, eta hezkuntza-komunitatea ikasleekin lanean
zuzenean inplikatzen da.
Ikuspegi honetatik, eskola eraldaketa sozial eta
kulturalerako proiektu bat da, ikastetxea eta bere ingurunea barne hartzen
duena, komunitate guztia integratzen duena, eta ikaskuntza dialogikoaren
bidezko elkarrekintza sustatzen duena.
Ikastetxea definitu ondoren, ikastetxearen antolakuntzaren
aldagaiak aztertzen has gaitezke. Alde batetik, ikastetxearen sei oinarrizko
osagaiak ditugu (Antúnez, 1997, or. 17–21; Bujan Vidales & Aramendi
Jauregi, 2005, or. 34–36; Gairín Sallán & Darder Vidal, 1994, or. 241–244):
- Helburuak: esplizituki nahiz inplizituki adierazten diren xedeak, ikastetxeko ekimenak orientatzen dituztenak, ikastetxearen izaera definitzen dutenak. Etengabeki berrikusi eta berritzen dira prozesu parte-hartzaile eta demokratikoen bidez.
- Baliabideak: ikastetxeak bere helburuak lortzeko duen ondarea dira, eta hiru motatan sailkatzen dira:
- Giza baliabideak: hezkuntzaren protagonista diren komunitate guztiko eragileak.
- Materialak: eraikina, altzariak eta ikasmateriala. Hiruen artean ikastetxeko espazioa egituratzen dute.
- Funtzionalak: giza- eta material-baliabideak eraginkor bihurtzen dituztenak dira, horiek funtzionarazten dituztenak. Garrantzitsuenak denbora, dirua eta prestakuntza dira, baina badira beste batzuk ere (araudia, teknologia, eta abar).
- Egitura: ikastetxea osatzen duten elementuak dira, bakoitzak funtzio edo rol jakinak hartuz elkarren artean artikulatzen direnak ikastetxearen jarduna aurrera eramateko. Haien arteko harremanak formalizatuta daude, arau eta prozeduren bitartez.
- Teknologia: ez da tresneria teknologikoa, baizik eta ikastetxean ezarritako jarduera eta jokabideen multzoa, erakundearen “gauzak egiteko modua”. Ikastetxeko ekintzak ordenatzeko zehazten den prozesu guztia da, jardueren planifikazioa, burutzea eta kontrola barne duena.
- Kultura: komunitateko kide guztiek partekatutako esanahi, printzipio, balio eta sinesmenak dira. Ikastetxeari nortasun propioa ematen diote, eta erakundearen eta bertako kide diren norbanakoen jokabidearen atzean daude. Erritu, ohitura eta arauen bidez azaleratzen da. Beste bost osagaien oinarrian dago eta antolakuntzan eragin nabarmenena duen osagaia da.
- Ingurunea: ikastetxearen egituratik at dauden arren bere antolakuntzan eragina duten aldagaiak dira. Eskolarekin elkarreragina duten kanpoko elementuak dira, eta hainbat faktorek baldintzatzen dituzte (kokapen geografikoa, ingurukoen maila sozioekonomikoa, araudia, eta abar).
Sei osagai hauek elkarri eragiten diote oreka dinamiko baten
baitan. Bestetik, ikastetxearen ekimenak hainbat esparrutan hedatzen dira
(Antúnez, 1997, or. 22–23; Gairín Sallán & Darder Vidal, 1994, or.
245–246):
- Curriculumaren esparrua: honen barnean biltzen dira metodologiari, ebaluazioari, ikasleen taldekatzeari, baliabideen erabilera eraginkorrari, irakasleriaren taldeko lanari, komunikazioari eta abar luzeari buruzko ekintzak.
- Erakundearen gobernuaren esparrua: erakundearen barruan erabakiak hartzearekin, partaidetzarekin eta zuzendaritzako organo eta taldeen funtzionamenduarekin erlazioa duten ekintzak barne hartzen ditu. Erakundetik at dauden hainbat erakunde eta eragilerekin harremanei buruzko ekintzak ere biltzen ditu (administrazioak, gurasoen elkarteak, Berritzeguneak, bizilagunen elkarteak, eta abar).
- Esparru administratiboa: ikastetxearen finantzazioa eta kontabilitateari lotutako ekintzak, baliabide materialen kudeaketari lotutakoak eta abar hartzen ditu barne.
- Giza baliabideen esparrua: giza baliabideen kudeaketarako ekintzak hartzen ditu barne (negoziazioa, gatazkaren kudeaketa, bizikidetza, hautaketa eta sustapena, prestakuntza, motibazioa, eta abar).
- Zerbitzuen esparrua: maila psikopedagogikokoak (aholkularitza eta orientazioa, adibidez), osagarriak (jangela, garraioa, eskolaz kanpoko jarduerak, adibidez) edo laguntza-zerbitzuetakoak (aseguruak, bekak eta laguntzak, eta abar) diren alderdiei buruzko ekintzak hartzen ditu barne.
Osagai eta ekintza hauek antolakuntzaren dinamika jakin
baten baitan erlazionatzen dira elkarrekin, ikastetxe batetik bestera aldatzen
dena, eta zentro bakoitzaren nortasuna ezaugarritzen duena. Antolakuntzaren
dinamikaren baitan esanahi berezia du malgutasunak; izan ere, jarraian
adieraziko diren aldagaiak ikastetxean zurruntasunik sortu gabe garatu ahal
izateko, nahitaezkoa da malgutasunez jokatzea. Ondokoak dira antolakuntzaren
dinamikaren aldagaiak (Gairín Sallán & Darder Vidal, 1994, or. 263–402):
- Plangintza: etorkizuna aurreikusiz egun erabakiak hartzean datzan tresna da. Etengabeko prozesua da; helburuak finkatzearekin hasten da, helburu horiek lortzeko estrategiak finkatzen ditu, eta aurrekoekin bat egiten duten planak ezartzen ditu, beti ere une bakoitzean sortutako errealitateekiko egokitzapenak sartzeko kontrolerako mekanismoak sortuz. Beraz, hiru azpi-prozesu ditu: analitikoa (diagnostikoa), arauemailea (prozedurak, protokoloak, arauak) eta operatiboa (planak, programazioa, proiektuak). Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua edo Urteko Plana plangintzaren baitan idazten diren ohiko dokumentuetako batzuk dira (Bujan Vidales & Aramendi Jauregi, 2005, or. 151–179).
- Zereginen banaketa: planifikatutakoa burutzeko beharrezkoa den lehen urratsa da, eta parte-hartzailea eta demokratikoa den kudeaketarekin bateragarria da. Zereginen banaketa egokirako garrantzitsuak dira delegatze eraginkorra, zereginen definizio zehatza, lanpostuen deskribapen egokia eta arduren banaketa orekatua.
- Zuzendaritza-ekintza: lantaldearen motibazioa, dinamizazioa eta koordinazioaz arduratzen da, baita taldeak finkatutako helburu eta erabakien arabera berau gidatzeaz ere. Horretarako, taldeko kideengan eragiten saiatuko da zuzendaritza lanetan dabilen pertsonak edo pertsona taldeak. Harremanen, informazioa eta komunikazioaren, hezkuntzaren, baliabideen kudeaketaren, berrikuntzaren eta ezustekoen kudeaketaren arloko eginkizunak betetzen ditu.
- Koordinazioa: ikastetxearen helburuak, ikastetxearen ekintzak, kideen norabide eta ekintzak eta baliabideak koordinatu behar dira. Normalean, koordinazioa kudeaketari lotua dago, ikastetxearen kudeaketarako proiektuaren osagai bat da, plangintza, burutzea eta kontrol-erregulazioarekin batera. Koordinazioa ikastetxearen egituraren maila guztietan egon behar da presente, erabaki globaletatik hasi eta gelako jardueretaraino. Koordinazioak ondokoa inplikatzen du: egitasmo komun baten alde lan egitea, kide guztien ekarpenak helburu komunekiko, baliabideen erabilera adostea, funtzionamenduaren kontrola eta ebaluazioa. Koordinazioa eraginkorra izan dadin informazio egokia zabaldu behar da, komunikazio eraginkorra lortu, erabakiak hartu, partaidetza zabala sustatu, taldeko giro positiboa lortu, eta ikastetxeko organo kolegiatuen funtzionamendu egokia izan behar da. Koordinazioa ikastetxearen barneko osagaien artean emateaz gain, ingurunearen parte diren eragileekin ere eman behar da (Bujan Vidales & Aramendi Jauregi, 2005, or. 134–137).
- Kontrola eta ebaluazioa: aurreko aldagai guztiak kontrolatu eta ebaluatzeko tresnak ezarri behar dira. Kontrola autokontrolean eta autoerregulazioan oinarritu beharko litzateke, ikastetxearen helburu, estrategia eta ekintzen inguruko kontzientzia sakona lortu ondoren. Ondoko alderdiak kontrolatu eta ebaluatu behar dira ikastetxean: curriculumaren garapena, programak eta proiektuak; baliabide materialak eta finantzazkoak; giza harremanak, antolakuntzaren kultura eta giroa. Barruko nahiz kanpoko kontrol- eta ebaluazio-sistemak egon daitezke.
Azkenik, eskolaren antolakuntza berritzailea izan daiteke,
eta horrela beharko du izan eskolaren definizioan esandakoa betetzea nahi
badugu. Berrikuntza ondoko ardatzetan eman daiteke:
- Hezitzaileen jarrera berritzailea (Paredes Labra et al., 2009, or. 21–66): ikastetxea ikaskuntza-komunitate gisa ulertuz, lankidetzaren kultura hedatuz, pertsonak ikaskuntzaren oinarrian kokatuz, partaidetza sustatuz, eta eguneroko jarduna ikerketarekin uztartuz hezitzaileek eskola berritzailea defini dezakete. Bestetik, zuzendaritza berritzaileak ondoko arriskuak saihestu behar ditu: profesionalismoa, gerentzialismoa, pertsonalismoa, sexismoa, gehiegizko iraunkortasuna eta autoritarismoa.
- Eguneroko erronka eta arazoen kudeaketa berritzailea (Paredes Labra et al., 2009, or. 69–131): aniztasunaren trataera egokia sustatuz, eredu inklusiboen aldeko apustua eginez, bizikidetza landuz, gatazkaren kudeaketarako estrategia egokiak erabiliz (adimen emozionala lantzea, Pikas metodoa aplikatzea, berdinen arteko bitartekaritza aplikatzea, edo ikasle laguntzaileen figura erabiltzea, adibidez) eskolak berrikuntza egunerokotasunean txerta dezake.
- Eskola berritzailea (Paredes Labra et al., 2009, or. 179–190): erakunde gisa ikastea eta hobetzea helburu bezala jarriz, eta horretarako bere buruari galderak eginez, ikertuz, komunitateko kide guztiekin elkarrizketan arituz, bere burua eta besteak ulertuz, hobekuntza bilatuz, eztabaidatutakoa idatziz jasoz, ikertutakoa zabalduz, eztabaidatuz, konprometituz, eta aldaketarako beharrezkoak diren baldintzak exijituz eskola bera berritzailea izan daiteke erakunde bezala.
- Esparru formalean nahiz ez-formalean jarduteko modu berritzaileak (Paredes Labra et al., 2009, or. 191–234): konpetentzia berriak landuz, hala nola, alfabetatze ekologikoa, eta bizitzan guztian zehar hedatuko den ikaskuntza irekia sustatuz eta praktikan jarriz, bere komunitateko kideetatik hasita, eskolak jarduteko modu berritzaileak aurki ditzake esparru formalean ez ezik, esparru ez-formalean ere aritzeko.
- Didaktikan teknika berritzaileak (Paredes Labra et al., 2009, or. 135–160, 235–334): gelako jardunean sormena landuz, programazioa unitate didaktikoetan antolatuz, ikasleen partaidetza zuzenean oinarritutako teknikak hobetsiz (taldeko solasaldia, txokoak, tailerrak, irteerak), ikaskuntza kooperatiboa bultzatuko duten teknikak aplikatuz (berdinen arteko tutoretza, talde elkarreragileak), edo ikasleen interesak jarraituz proiektuka lan eginez didaktika berritzailea aplika daiteke. Bestetik, IKTek eskaintzen dituzten aukera berriak aprobetxatu beharko lirateke material didaktikoei dagokienean. Azkenik, berrikuntza ebaluaziora eraman daiteke ere, ikastetxea ebaluatuz, ez ikasleen errendimendua soilik. Ikastetxearen ebaluazioa analisia eta elkarrizketan oinarritu behar da, horrela ulermena ahalbidetuko baita, eta hortik abiatuz ikastetxearen hobekuntza posible izango da, hori baita ebaluazioaren azken helburua. Ebaluazioak testuingurua kontuan hartuko du, prozesuak eta balioak aintzat hartuko ditu (ez emaitzak soilik), partaideei hitza emango die, errealitate konplexua hautemateko moduko metodoak erabiliko ditu, egiturazko izaera izango du, prestakuntzazkoa izango da, hezkuntza eta irakaskuntzari buruzko partaidetza eta elkarrizketarako plataforma izango da, eta gizartearekin konprometitua egongo da, ez ikastetxearekin soilik.
Bukatzeko, Pere Pujolás-ek ikaskuntzaren egituraketa
kooperatiboaren eta hezkuntza inklusiboaren inguruan emandako hitzaldi baten
harira izandako elkarrizketan («Pere Pujolás. Elkarrizketa», 2010)
ikastetxearen inklusio-maila gehien baldintzatzen duten elementuei buruz hitz
egiten zaigu. Pujolásen esanetan, ikastetxearen antolaketaren aldagaien artean
batzuk erabakigarriak dira, eta beste batzuk bigarren mailakoak. Lehenengoen
artean ikasleen taldekatzea, curriculumaren malgutasun maila eta gelako
jardunaren egituraketa (banakakoa, lehiakorra edo kooperatiboa) daude. Giza
baliabideak, baliabide teknologikoak, metodologikoak edo didaktikoak bigarren
mailako elementuak dira, horiek aldatu arren, aurrekoak aldatzen ez badira
ikastetxearen inklusio-maila nekez hobetuko baita. Hasieran jasotako eskolaren
definizioak bat egiten duenez eskola inklusiboaren ezaugarriekin, garrantzitsua
iruditzen zait aldagaien artean Pujolásek proposatutako lehentasunak kontuan
hartzea.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Antúnez, S. (1997). Claves para la organización de centros
escolares: (hacia una gestión participativa y autónoma) (3. arg.).
Barcelona: ICE, Universitat de Barcelona : HORSORI.
Bujan Vidales, K., & Aramendi Jauregi,
P. (2005). Eskola-antolaketa. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.
Gairín Sallán, J., & Darder Vidal, P.
(1994). Organización de centros educativos: aspectos básicos. Barcelona:
Praxis.
Paredes Labra, J., Herrán Gascón, A. de
la, Santos Guerra, M. Á., Carbonell Fernández, J. L., & Gairín Sallán, J.
(2009). La práctica de la innovación educativa. Barcelona: Síntesis.
Pere Pujolás. Elkarrizketa. (2010). Hik
Hasi, 149, 17–24.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina