Blog honetan IKTek duten presentziak ez du islatzen errealitatean ikasketei dedikatzen diedan denboran duten pisua. Hau da, benetan denbora gehiago ematen dut IKTei bueltak ematen hemen eskaintzen diedana baino. Horren zergatiari buruz pentsatzen ibili naiz, eta ez dut ondorio argirik atera, egia esan. Alde batetik, uste dut gaiarekin biziatzeko nolabaiteko joera badudala, eta bloga munduan dauden gadget dibertigarri guztiekin ez betetzeko nire buruari zentsura pixka bat egiten diot. Bestetik, garrantzitsua iruditzen zait Haur Hezkuntzan IKTei neurria hartzea, hain txikitatik pantaila baten bitartez bizi daitezen bultzatzea oso txarra iruditzen zait eta. IKTekin harreman naturala eta positiboa bai, baina berebiziko garrantziarik eman gabe; hori uste dut dela bidea.
Adibidez, Haur Hezkuntzako etapan ipuinentzat euskarririk egokiena papera dela uste dut (hitzaren ondotik), eta ez nituzke erabiliko IKTen bidez sortutako ipuinak eta horrelakoak (hori uste dut oraingoz, behintzat). Horregatik, ez diet arreta berezirik eskaini horrelako gauzak egiteko ikasi ditugun web 2.0 aplikazioei. Arbel digitala interesgarria iruditu zait marrazteko eta ordenagailuan aritzen ikasteko, eta ordenagailuko hainbat jolas ere oso interesgarriak iruditu zait, baina neurrian erabili beharrekoak direla uste dut, askok ez dutelako gelako haurrekin elkarrekintza bereziki sustatzen, eta horixe da ikaskuntzarako tresnarik eraginkorrena.
Haur Hezkuntzako etapa buruan izanda, IKTei aukera gehiago ikusten dizkiet helduekiko eta erakundeekiko harremanetarako (lankideak, eskolaz kanpoko profesionalak, hezkuntzaren adituak, familiak, auzokideak, administrazioak, eta abar). IKTen ikasgaiko idatzizko proban aipatu nuen bloga oso erabilgarri iruditzen zaidala, beti ere blog horrekin elkarreragingo duten eragileei (familiei, gehienbat), tresna egokia eta erakargarria iruditzen bazaie. Hau da, uste dut honelako tresnen erabilera aldez aurretik eztabaidatu eta adostu behar dela, zentzurik ez baitu irakasleak gelako bloga osatzen denbora dezente erabiltzea, inork irakurri eta erabiliko ez badu, eta hezkuntza komunitateko eragileen arteko harremanetan eta komunikazioan inolako funtziorik betetzen ez badu. Gaur egun sakelako telefonoek duten hedapena ikusita, iruditzen zait guraso gehienekin bileretarako deialdiak eta horrelakoak askoz ere eraginkorragoa izango dela WhatsAppen bidez helaraztea ohikoak diren paperen bidez baino, baina horiek guztiak ikasturtearen hasieran finkatu beharreko gaiak dira.
Bukatzeko, graduko ikasketei lotuta orain arte erabili ditudan web 2.0 tresnen artean pare bat aipatuko ditut. Alde batetik, idazlanak egiteko erreferentzia bibliografikoak eta interneten kontsultatutako informazioa kudeatzeko Zotero erabili dut, eta oso iritzi ona izan dut orain arte, baina azkeneko moduluko lanaren itzultze kritikoan irakasleetako batek adierazi zigun hainbat akats zeudela erreferentzia bibliografikoetan, eta harekin egon beharrean nago zehazki arazoa zein den jakiteko aplikazioaren inguruan iritzia finkatzeko. Bestetik, interesgarria iruditu zait Edcanvas, aurkezpen antzeko batean hainbat material biltzea ahalbidetzen duen aplikazioa, irakurleek iruzkinak idaztea ahalbidetzen duena, eta gai baten inguruan hainbat fitxategi eta esteka modu erraz eta oso bisualean antolatzeko aukera ematen duena. Jatokiari buruzko taldeko lan baten informazioa gelakideei helarazteko erabili genuen, eta egokia iruditu zitzaidan.
Tira bada, beste batean jasoko dut erabiltzen dudan beste IKTren bat, gaia osatzen joateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina