2013/05/13

Mapa mentala

Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza deritzon ikasgaian haurrek haien ingurunean nola hautematen duten ikasi dugu, saio teoriko eta praktikoetan. Saio praktikoetako ariketa bat haurren mapa mentalak aztertzean oinarritu zen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidanez, aurrekoan lau urte dituen ilobari bere etxetik eskolara doan bidearen mapa bat egin ziezadan eskatu nion, baina bestelako azalpenik eman gabe. Mapa mentalak esperientziaren bidez osatutako inguruneko irudikatze grafikoak dira.

Hementxe dago emaitza, bere etxetik eskolako ibilbidea jasotzen duena.





Marrazkia bere etxearekin hasi zuen, orriaren goiko aldean eta zentraturik jarri zuena. Gero, hortik eskuinera joan zen marrazten, erlojuaren orratzen norabidean, bere mugarriak marrazten jarraituz: errepidea, autoa, tailerra, graffitia duen horma sarrailarekin, jauregi baten itxurako eraikin handia, kaleko farolak, nire etxea, eskolaren eraikina, aurreko jolastokia eta atzeko jolastokia. Ikus daitekeenez, atzeko jolastokiko oreka lantzeko habe horizontala errepidearen gainean egin behar izan zuen, kabitzen ez zitzaiolako.

Marrazten hasi zenean, autoa marraztu nahi zuela, baina berak ez zekiela esan zidan, nik marrazteko eskatuz. Nik marrazkia berak bakarrik egin zezala nahi nuela erantzun nionean, esan zidan bere modura egingo zuela autoa. Marraztu zuenean hain harrituta eta pozik geratu zen emaitzarekin, besteoi erakutsi zigula. Nolabait esatearren, ez zuen sinesten horrelako marrazkia egiteko gai zenik, eta harrituta zegoen bere eskutik horrelako autoa sortu zela ikustean, eskua bere gorputzeko atal independentea balitz bezala.

Orrialdearen erdia eskolak hartzen du, eta horixe da zehaztasun handiagoarekin marraztutako elementua, dudarik gabe eskalaren pertzepzio erabat emozionala aplikatu duela frogatzen duena. Beretzat esanguratsuen diren elementuak handiago marraztu ditu. Ildo beretik jarraituta, eskolan bere interesguneak zeintzuk diren argi dago: jolastokiak. Eskolako eraikina inolako informaziorik ematen ez duen marrazkia da, baina esan beharra dago errealitatean eraikina bunker baten antzekoa dela kanpotik ikusita, leihoak oso altu baititu. Atentzioa deitzen du bere etxea tamainaren bidez ez duela nabarmendu, baina esan beharra dago ere jauregi itxurako eraikina eta nire etxekoa oso handiak direla berearekin konparatuz. Agian eskala gordetzen saiatu da marrazkiaren hasieran, eta gero eskola marrazten hasita emozioak gailendu zaizkio.

Irudi guztiak ikonikoak dira, eta forma sinpleak erabili dira elementuak marrazteko. Adibidez, laukiaren formak eraikinak, leihoak, ateak eta oreka lantzeko habearen oztopoak marrazteko balio du. Aipatu den moduan, elementuen antolakuntza oso oinarrizkoa da, ezin daiteke esan mapak koordinazio argia duenik. Ez du oinarriaren marrarik marraztu, baina elementu guztiak orriaren oinarriarekiko paralelo marraztu ditu, beraz, badago nolabaiteko perpendikulartasuna mantentzeko saiakera.

Orokorrean, elementu guztiak haien azalerarik handiena erakusteko moduan marraztuta daude, frontalki irudikatuta. Txirristak, adibidez, haien forma eredugarrian marraztuta daude, aldi berean igotzeko eskailera frontalki eta irristatzeko balio duen zatia alboz marraztuta, errealitatean begiak ikus ez dezakeen perspektiba erakutsiz. Marrazteko modu honek Egiptoko antzinako margoetan erabiltzen zen teknikarekin antzekotasunak ditu, eta han ere irudien tamaina pertsonen garrantzia adierazteko erabiltzen zen, perspektibarekin zerikusirik ez zuelarik. Hau da, haurrak elementua berak ezagutzen duen moduan marrazten du, eta ez bere begiak ikusten duen bezala. Arau honek baditu salbuespen batzuk, hala ere: errepidea planoan marraztu da, eta bi jolastokien azalerak ere badirudi plantan marraztu direla.

Mugarriak orokorrean bere etxetik eskolarako bidean agertzen diren ordena berean marraztu ditu, eta bere etxetik irteten bidea marraztu du, baina bide horrek ez du jarraitzen eskolaraino. Iruditzen zait bidea mugarri gisa tratatu duela, beretzat oso elementu nabarmena delako etxetik irteten denean, baina ez du bidearen benetako noziorik oraindik, eta are gutxiago konfigurazioen inguruko noziorik (bideen arteko loturak). Eskala, norabidea, orientazioa edo distantzia ez daude zehaztasunez irudikatuta, eta horregatik diogu koordinaziorik gabeko mapa dela hau, etapa topologiko edo egozentrikoari dagokiona, haurraren adinarekin bat egiten duena, bestetik.


1 iruzkin: