Legeak gustuko dituen "freak" horietakoa naiz. Lanean legeak aztertzea eta bat idazteko lanetan aritzea tokatu zait, eta oso interesgarri egiten zaizkit. Batetik, araudiaren testuetan ausazko ezer ez dago; hitzak oso ondo neurtzen dira, eta dibertigarria da aukera ezberdinen artean baten alde zergatik egin duten asmatzen saiatzea. Bestetik, araututako gaiaren inguruko ikuspegia islatzen dute, eta dibertigarria da ere hitzen atzean dauden esanahiak bilatzen saiatzea. Azkenik, gai bat sakontasun pixka batekin ezagutzen duzunean, horri buruzko arauaren tramitazioa jarraitu eta azkenean onartzen den testua irakurtzean ikus dezakezu araua onartzeko negoziazioa nolakoa izan den.
Araudian aditu direnengandik ikasi dudan gauzen artean legeen zioen azalpena edo bestelako testuen sarrera arretaz irakurtzearen garrantzia dago, bertan baitaude artikulatua ulertzeko eta interpretatzeko gakoak, baita batzuetan artikulatuan esplizituki jaso ez diren hainbat oinarrizko ideia ere.
Arauen testuak opera baten libretoa edo antzerki baten gidoiaren antzekoak dira: obraren tonu orokorra finkatzen duen sarrera baten ondoren, pertsonaiak aurkezten dizkigute, egoera jakin batzuk deskribatzen dituzte, eta egoera horietan pertsonai bakoitzaren ekintzak zeintzuk diren adierazten digute. Ez dakit Didaktika Orokorreko irakasleak dekretua nola landu nahi duen, baina atzo pentsatzen egon nintzen antzerkia oso modu interesgarria izan zitekeela, edo horrek oso luze jotzen duenez, dekretuaren testutik abiatuz antzerki baten gidoia idaztea.
Azkenik, arauei dagokienez, jatorrizko bertsiora jotzen saiatzen naiz. EAEn arau gehienak gaztelaniaz idatzi eta ondoren euskarara itzultzen direla iruditzen zait, dagokion aldizkari ofizialean argitaratu aurretik. Beraz, euskarazko bertsioa arauaren lehen interpretazioa litzateke, zentzu horretan. Bestetik, batzuetan curriculumaren kasuan bezala, araua sustatzen duenak azalpenezko txosten bat argitaratzen du, arauaren edukiak argitzeko (edo horien inguruan bere interpretazioa azaltzeko), lagungarria dena araua bera ulertzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina