2012/12/23

Practicum, egunerokoa: P.D., soziograma


Nire buruari jarri nizkion etxekolanen artean soziograma bukatzea zegoen. Egonaldiaren azken asteetan hortxe joaten nintzen eskolara, "gaur egingo dut" pentsatuz, baina beti sortzen zen zerbait. Haurrei banaka, beste inor inguruan ez zegoenean egitea erabaki nuenez, zaila zen momentu egokia aurkitzea. Azken egunetan, tutoreak esan zidan nahi banuen jolasorduan haurrak banaka gelara sartzeko bertan galderak egiteko (galderak izenen zerrendaren parean egitea hobe zela pentsatua nuen, horrela gelako haur guztiak izango zituzten buruan gustukoenak eta gustuko ez zituztenak erabakitzeko orduan), baina egonaldiaren erditik aurrera edo haurrak soka saltoan jolasten hasi ziren eta heldu bat behar zuten sokari eragiteko, eta erabaki nuen hobe zela ni horretan ibiltzea, soziograma egitea baino (nire tutoreak istripu txiki bat izan zuen eta sorbaldan min zuenez ez zitzaion sokari eragiten ibiltzea komeni).

Egonaldiko azken egunean tutorearekin eta ondoko gelako tutorearekin hizketan ari nintzela, soziograma bukatzerik izan ez nuela kontatu nienean barre egin zuten, eta nire tutoreak esan zidan esperimentatu ahal izan nuela irakasleak duen denbora falta; haiek ere hainbat gauza egin edo bukatzeko astirik ez dutela. Berak, adibidez, ez omen zuen denborarik izan azken asteetan burututako gurasoen bilerak ebaluazioko orrialdeetan laburbiltzeko. Denbora eskasiaz gain, iruditzen zait beste alderdi garrantzitsu bat ere ezagutu ahal izan nuela: lehentasunak ezartzearen garrantzia. Badira lehen mailako jarduerak edo betebeharrak, eta beste batzuk, bigarren mailakoak direnak; batzuetan lehen edo bigarren mailako izatea norberak ezartzen du, eta beste batzuetan kanpotik ezarria dator hori. Edonola izanda ere, eta bete beharrekoak izan arren, norberak prest egon behar du azken horietako batzuk alde batera uzteko, eta erabaki horrek ekar ditzakeen ondorioak kontzientzia garbi edukita onartzeko.

2012/12/22

Moodle, eraikuntzak eta efimerotasuna


Duela aste pare bat gelakide batek Komunikazio Gaitasunaren inguruko irakasgaian egin zuen ahozko aurkezpen dotorea zela eta zoriontzeko berarekin hitz egin nuenean, esan zidan bazuela asmoa Ikastetxearen Antolakuntzako irakasgaiko Moodle plataformako foroan gelan blog bat sor dezagun proposatzeko. 

Oraindik ez du egin, baina segituan ideia ona iruditu zitzaidan; izan ere, ikasturte bakoitzeko Moodle-ek iraungipen data du (joan den ikasturtekoak izan zuen behintzat), eta bertan jasotako guztiak ezabatzen dira. Blogean jasoz gero, pentsatu nuen hortxe edukiko genituela datozen ikasturteetan ere, haietara jotzeko moduan.

Pentsamendu horiek practicumeko behaketetara eraman naute, eraikuntzetara, hain zuzen ere. Nire gelako haurrek gustuko zuten haien eraikuntza batzuk apalean jartzea, hautsiak izan ez zitezen (ordu batzuetan, sikiera). Haurretako batzuk oso errotua zuten haien eraikuntzak puskatuak izatearen beldurra, eta kosta egiten zitzaien beste batzuk haiek egindako dorre luzeak hautsi eta pieza horiek erabilita bestelako gauzak egitea. Gelako eraikuntza jolasen piezen kopurua mugatua zela eta horrela behar zuela arrazoitzeak gutxirako balio zien. Efimerotasuna ez zuten gustuko.

Alde horretatik begiratuta, konformeago nago Moodle-eko eraikuntzarekin jarraitzeko, desegin eta hurrengoan bestelako ikaskuntzak eraikitzeko, bai. Ideia polita iruditzen zait. Noski, horrek guztiak blog honi itxura patetiko samarra ematen dio; bakarrik txoko batean egindako nork-daki-zer (etxea? zubia? harresia? bidea? harri piloa?). Edo agian gehiago gerturatzen da Marokon ikusten diren eraikinetara; solairu bat erdi bukatuta, eta egun teilatua denaren gainetik zutabe batzuk, hormigoiaren hagak agerian dituztela, aukera sortu bezain pronto beste solairu bat egiteko prest. Erakargarriagoa azken irudia, baina auskalo zein gerturatzen den gehiago egiara. Zer inporta dio? Azken batean, amona zaharra izateraino bizitzen banaiz ere, munduaren eskalan txinpartatxo bat izatera ere ez naiz iritsiko eta. Ea behingoz Internet ere gure efimerotasunera egokitzen duten, eta hondakin zibernetikoak aldiro garbitzen dituzten...

2012/12/21

Practicum, ondorioak: egonaldia lanaldi erdian egin izanaren balorazioa


Lanean ari naizenez, practicuma lanaldi erdian egiteko baimena eskatu nuen, eta unibertsitateak onartu zidan. Horrenbestez, astean hiru egunetan joan naiz ikastetxera, eta beste bi egunetan lanera, eta bost astez aritu beharrean zortzitan osatu dut egonaldia.

Egonaldia hasi aurretik orduen kalkulu zehatza egin nuen, eta nire egutegia finkatu nuen. Alde batetik, iruditzen zitzaidan kasu berezia izanik, ikastetxeko nire tutoreari eman beharreko minimoa egutegi finko bat zela, astero zein egunetan joango nintzen aldez aurretik jakin zezan. Egonaldia hasi aurretik bitan elkartu nintzen tutorearekin, egonaldiari buruz hitz egiteko, zertxobait elkar ezagutzeko, haien egunerokoa ezagutzeko, eta abar. Gelako eguneroko martxa ezagututa, nire egutegia prestatu nuen, espezialisten eskolak eta psikomotrizitateko saio batzuetan behintzat egoteko aukera izango nuela bermatuz. Egonaldiaren aurretik egutegia tutoreari helarazi nion, eta nik ere lana antolatu ahal izan nuen.

Ez da erraza izan lana eta praktikak uztartzea, lanean estu samar ibili naizelako, baina uste baino hobeto joan da, hala ere. Practicumari dagokionean, oso positiboa iruditu zait astean egun gutxiago baina aste gehiagotan egitea. Azken batean, astero bi egunetan eskolara ez nindoan arren, tutoreak aldez aurretik azaltzen zidan zer egiteko asmoa zuen egun horietan, eta ni ondoren bueltatzen nintzenean galdetzen nion ea jarduerak, bilerak, eta abar zer moduz joan ziren. Beraz, egunero han egon gabe ere, eguneroko martxa oso ondo jarraitzen nuen. Haurrekin harremanean ere oso positiboa iruditu zait, azken batean haien "buruetan" denbora luzeagoz egon bainaiz. Ni han ez nengoen egunetan galdetzen zioten tutoreari ea ni non nengoen, eta hori haiek presente nindutela esan nahi du. Nire ustez, horrek lagundu du gure harremana estutzen. Haien eskolako bizitzan aldizkakoa baina, aldi berean, nahiko finkoa zen pertsona bihurtu naizela uste dut.

Bestetik, ikastetxean egiten nituen egunak bertatik kanpo nengoen beste batzuekin tartekatzeak denbora gehiago utzi dit hausnartzeko, eta ikastetxean ikusitakoaren gainean pentsatzeko. Hitz gutxitan esanda, uste dudala practicuma egin dudan bezala eginda, etekin hobea atera diodala. Beraz, gomendatzekoa iruditzen zait esperientzia. Hori bai, uste dut ondo antolatu behar dela egonaldia, aldez aurretik egunak aukeratuz eta tutorearekin adostuz.

Practicum, egunerokoa: P.D., ikasleen ebaluaziorako orriak


Aspaldian jaso nuen hemen irakasleak ikasleen ebaluazioa egiteko orriak eskaneatu eta blogean jarriko nituela, ebaluaziorako tresnei buruzko sarrera batean. Behingoz egin dut, eta hementxe daude hiru fitxak eta gurasoekin ikasturtearen hasieran eta bukaeran egin beharreko bileren oharrak biltzeko orria.



Curriculuma eskuan hartuta ebaluazioan kontuan hartzen den item bakoitza banan bana aztertu nahi dut, curriculumean agertzen direnekiko ikastetxeak gehitutakoak identifikatzeko, baina printzipioz, nahiko zerrenda tipikoa iruditzen zait. Tutoreak esan zidan berari luzeegia iruditzen zitzaiola, eta hainbat item ebaluatzen sinpleak ziren artean, beste batzuk behatzea zaila iruditzen zitzaiola, gehienbat lehenengo fitxakoak. Nik agian lehen fitxan pisu gehiago emango nieke jokabide prosozialei, Haur Hezkuntzako etapan garatu beharrekoak baitira, eta sozializazioan oso garrantzitsuak dira, baina ulertzen dut zerrenda ezin dela luzeegi egin.

Oso deigarria iruditu zait ebaluaziorako fitxa hauen eta portfolio laranjaren arteko harremana. Izan ere, ebaluatzen diren esparruak hiru diren arren, horietako bakoitzean hogei bat alderdi behatuz, haur bakoitzaren garapenaren isla izan nahi duen portfolio laranjan norberaren gorputzaren marrazkia eta idatzitako testua baino ez dira jasotzen, lehen eta hirugarren fitxako item banari buruzko ekoizpenak baino ez. Zergatik horiek bakarrik? Zergatik horiek bereziki? Zergatik eman idatzizko hizkuntzari horrenbesteko garrantzia? Haur Hezkuntzako etapako lorpen gakoa al da? Haurrak ematen al dio helduak ematen dion bezainbesteko garrantzia? Agian bai, baina ez zait erabat argi geratu lehen practicum honetan.

2012/12/15

Practicum, egunerokoa: P.D., irakasleak eta jolas ordua


Practicumeko mintegietan jakin ahal izan dudanez, ikastetxe batzuetan tutoreak ez dira jolas orduan haurrekin egoten, eta horretarako begiraleak dituzte. Batzuentzat, jolas tokian egotea ez da beharrezkoa, edo irakaslearen mailaren azpitik dagoen lana da. Ni ez nago horrekin batere ados. Nire ustez, jolas tokian tutoreak psikomotrizitateko saio batean beha ditzakeen alderdi berak, eta beste asko, beha ditzake. Behaketaz gain, esku-hartzeko aukera paregabeak eskaintzen dizkio tutoreari jolas orduak. Gelan sortutako ikaskuntzak handik at aplikatzeko esparruetako bat da jolas tokia (jangela, korridorea, bainugelak eta bestelako espazio komunak bezala), eta tutoreak asko lagundu dezake horretan. Haurrak jolas librean aritzeko tarte garrantzitsua dela errespetatuz, tutoreak puntualki, baina intentzionaltasun hezitzaile handiz, esku hartu beharreko momentua da jolas orduarena.

Zentzu horretan, oso egokia iruditu zait nire ikastetxean aplikatzen dena. Izan ere, tutore guztiak irteten dira jolas tokira haurrekin, eta behatzen eta esku-hartzen jarduten dira.

Bestelako kontua da irakasleen ordutegia eta haien lanpostuaren profila osatzean jolas tokian igarotako orduak kontuan nola hartzen diren. Nik ikusi dudan moduan betetzen badira behintzat, beste edozein lanordu bezalakoak dira, eta horrela hartu beharko lirateke kontuan.

Bukatzeko, hamaiketakoaren ordua ere oso interesgarria iruditu zait. Guztiek hamaiketakoa batera egitea, eta hamaiketakoa ekartzeko txandakatzea (fruta ekar dezaten eskatzen zaie gurasoei), oso egoki iruditu zait. Horrela, jaki berriak dastatzeko aukera dute haurrek, aukerak egitea ahalbidetzen zaie (fruta mota bat baino gehiago dagoenean), hartutako erabakien ondorioak haien gain hartzen ikasten dute (eskatutakoa bukatu behar dute), txanda itxoiten ikasten dute, bakoitzak gauza diferenteak gustuko dituztela ikasten dute, hiztegia lantzen dute, aurretik izandako esperientziak partekatzen dituzte (halako fruta non eta noiz dastatu duten aurretik, bere familian nork duen gustuko, etab.), osasunari buruzko gaiak lantzeko bidea ematen du, edo geografia lantzeko, edo nork daki. Bakoitzak bere ogitartekoa eramatea baino askoz ere interesgarriagoa da, dudarik gabe.

Practicum, egunerokoa: P.D., senideak eskolan izatearen inguruan


Nire 4 urteko iloba egonaldi osoan ondoko gelan eduki dut. Nire tutoreak lehenengo egunean esan zion nahi zuenean guregana etortzeko izeba ikustera, eta baimena jaso zuenez, egunero etorri zait bisitan, batzuetan behin edo bitan, eta beste batzuetan sarriago. Bide batez, noski, gure gelako berriak kuxkuxeatzen zituen (batzuetan hori zen guregana etortzeko arrazoi nagusia), jarraian bere tutoreari eskaerak egiteko, dudarik gabe.

Jakin-mina nuen esperientziak izango zituen emaitzen inguruan. Practicuma hasi aurretik azaldu nion eskolara joango nintzela, eta biok geunden pozik elkar ikusiko genuelako.

Lehenengo egunean pixka bat larritu nintzen, jolas orduan berak eta bere gelako beste lagun batzuk, nik aurretik ere ezagutzen nituenak, batzuetan ilobaren bila eskolara joaten naizelako, jolas tokian gora eta behera eraman ninduten, eskutik hartuta, zirkoko txinpantzea bainintzan. Egunero horrela ibili behar baziren arraro samar sentituko nintzela pentsatu nuen, baina egun pare bateko gauza izan zen, eta gero beste edonoren moduan onartu ninduten.

Gure gelan ere hautsen bat harrotu zuen ilobaren eta bion harremanak. Koipetsu samarrak gara biok, musu eta besarkadak ditugu gustuko, eta nire gelako haurrek gogoan hartu zuten segituan. Batzuk ilobak jasotzen zuen trataera bera nahi zuten, beste batzuk jeloskor jarri dira momenturen batean, eta hura agertu orduko niregana hurbiltzen ziren, ni haiena ere banintzala adieraziz. Ilobak kiroltasuna mantendu du, baina azkeneko astea pixka bat gogorra egin zaio. Bere gelako haur batek nireganako grina nabarmena garatu du egonaldian zehar, eta azken asteetan harekin batera etortzen zen gure gelara, bera ere mimoak jasotzera, edo bakarrik etortzen zitzaidan. Azken egunetan emozioak areagotu egin dira, aste honetan egonaldia bukatuko nuela esan nielako guztiei (ilobari, nire gelako haurrei, baita ilobaren gelako laguntxoari ere). Atzo, ilobaren laguna mimoen bila etorri zitzaidanetako batean, iloba haren bila etorri zen, eta azkenean kexu agertu zen, lagunak beti nahi zuelako ni "bere izeba izatea". Argitu nien biei izeba nire ilobarena nintzela bakarrik, baina laguna ere oso gustuko nuela eta asko maite nuela. Jolas orduan ilobari aparteko mimoak eman nizkion, eta horrela amaitu zen astea.

Suposatzen dut izeba ikastolan edukitzeak ilobaren estatusean eraginen bat izango zuela, baina ni haren gelan izan ez naizenez, eta bere tutorea ni ikastetxera iritsi nintzen egun berean etorri zenez (ordezkapena egitera), ezin izan dut jakin eraginik izan ote den, ezta egotekotan, zenbatekoa izan den ere.

Bestetik, ilobak eta biok ez dugu denbora asko batera egin. Jolas ordu batzuetan bi gelak batera irten gara jolas tokira, baina beste askotan ez. Normalean bera lagunekin jolasten ibili da, eta ni irakasleen lanak egiten (inork minik hartzen ez duela behatu, eta "suak" itzali, gehienbat). Hala ere, aste honetan soka-saltoan ibili naiz harekin, eta senide bat eskolan izateak dakarren beste zailtasun baten inguruan ikasi ahal izan dut. Konturatu naiz ilobarekin besteekin baino bigunagoa ez izatearren, batzuetan gogorragoa nintzela; adibidez, besteei baino aukera gutxiago emanez saltoka ibiltzeko bere txanda iristean, eta orduan egindakoaz jabetu, eta hurrengo txandan konpentsatzen saiatzen nintzen. Erabat normala iruditzen zait hori gertatzea, eta ez diot aparteko garrantziarik ematen, baina pozten nau ilobaren gelan ez izanak, nire jokaera doitzea zailxeagoa egingo zitzaidalako horrela izan bazen. Badakit batzuetan irakasleek haien seme-alabak edo ilobak gelan ikasle izan dituztela; nire aiton-amonek, biak maisu-maistrak, nire bi lehengusu izan zituzten ikasle lehen hezkuntzan, eta suposatzen dut haiei ere berdin gertatuko zitzaiela. Pena amona duela urtebete hil zela, gustura galdetuko bainion horren inguruan, baita beste horrenbeste gauzei buruz ere.

Niretzat, hain begiko dudan iloba practicumean ondoan edukitzea sekulako "bonusa" izan da. Hura gabe ere zoragarria izanen zen, baina egoerak bestelako pizgarria eman dio esperientziari. Beraz, emaitza erabat positiboa izan da.

Practicum, egunerokoa: P.D., eta tutorea bestelakoa izan bazen?


Practicumean zehar idatzitako sarrera batean adierazi nuen egonaldiaren emaitza neurri handi batean tutorearen eskutik zetorrela, harekiko harremanak eta adostasun mailak berealdiko pisua zutela.

Atzo bi tutoreen urtebetetzeak eta nire agurra ospatzeko egin genuen hamaiketakoan izan nuen horri buruz hausnartzeko aukera. Aurretik ere jaso dut hemen tutoreaz gain, 4 urtekoen gelek badituztela beste irakasle batzuk: dantza, musika eta ingelesekoak, eta astean behin "apoio" deritzotena ematera datorrena. Irakasle horietako bat nire tutorearekin hitz egiten izan zen atzo, gure gelan dagoen haur bati buruz, mututze selektiboa duena. Ez zuen nik jarraian adieraziko dudana hitzez hitz esan, baina aditzera eman zuen ikasturtearen hasieran irakasle berriarekin lotsatzea onargarria bada ere, gabonak iristerako "mania" edo "kapritxo" hori gainetik kendu beharko lukeela. Antzaz, jakin zuen beste irakasleei hitz egiten ziela, eta berak ez zuen gutxiago izan nahi. Pozik (edo lasaituta) zegoen, egun hartan hitz bat esan ziolako. Nire tutoreak munduko diplomazia guztiarekin erantzun zion, baita umore pixka batekin ere, eta taldeko elkarrizketak beste norabide bat hartu zuen.

Niri sentiberatasun gabezia galanta iruditzen zait beste irakasle horren jarrera, eta izugarrizko enpatia falta. Haur guztiek dute berez helduak haiengandik eskatzen duena egiteko desioa, eta eskaera horri erantzuten ez badiote, atzean beti dago pisuzko arrazoiren bat; haurrarentzat pisuzkoa den zerbait, alegia. Ez da beti erraza izaten haurrarentzat garrantzitsua den hori zer demontre ote den asmatzea, baina irakasleak horretan saiatu behar du, hori da bere lanetako bat. Nire tutoreak ostegunean egin genuen ebaluazioan esaten zidan moduan, batzuetan asmatzen da, eta beste batzuetan ez. Asmatzen ez den horietan berak pentsatzen du etorriko direla atzetik beste irakasle batzuk, eta agian haiek izango direla gai berak eman ahal izan ez dion hori emateko. Jarrera apal eta osasuntsua iruditu zitzaidan norberaren mugak onartzetik abiatzea. 

Bestetik, goraipatzekoa da nire tutoreak haur horren kasuan duen jarrera. Izan ere, haurra aurrerapausoak azkarrago egiten ari da beste irakasleekin, baita nirekin ere, berarekin baino. Eta tutorea da guztien artean haur horren gaineko kezka gehien duena, eta egoera kudeatzeko lan gehien egiten ari dena. Baina haurra berarekin blokeatzen da gehien, hain zuzen ere haurrarentzat eskolako heldurik esanguratsuena tutorea delako.

Nolakoa izan ote zen nire egonaldia tutorea bestelakoa izan balitz? Hasteko, suposatzen dut ez niola blog honen berri eman ahal izango. Beste gauza batzuk ikasiko nituen, dudarik gabe, hori bai, baina sintonia eza gogorra izango zen.