2012/04/14

Psikomotrizitateko saioaren emaitzak


Aurreko sarrera batean hitz egin nuen Ixiarrekin batera prestatutako psikomotrizitateko saioak nigan sortu zuen gogoetaz. Oraingo honetan, bukatu berri dugun bideoa dakart, beste gelakide guztiek bezala You Tuben jarri duguna:


Bideoan ikus daitezkeen irribarreen arabera, badirudi asmatu genuela gelakideen gehiengoa gustura aritzeko moduko ariketa sortarekin, eta niretzat horrek behar du izan psikomotrizitateko saioko helbururik garrantzitsuena eta lehena. Hori ematen bada, atzetik etorriko dira beste guztiak.

Psikomotrizitateko saio honen inguruan, agian hobekien igaro nuen denbora prestaketarena izan zen; oso dibertigarria izan zen Ixiarrekin goiz bat eskolako soinketako gelan ibiltzea, bakoitzak ekarritako ariketak egiten eta haien artean aukeratzen. Saioa egin genuenean ere ondo pasa nuen, baina orduan arreta gehiago eman behar izan genion denborari eta antolaketari.

Ariketak prestatzeko orduan, gutako bakoitzak bazituen halako helburu edo nahi batzuk. Niretzat garrantzitsua zen "ez-zero batura" (non-zero sum bezala Google-en aurkitu ahal izango duzue informazioa) kontzeptua aplikatzea, hau da, ariketetan lehiakortasuna sustatu arren, batzuen irabazia ez zedila izan besteen galeraren adinakoa, batzuk irabazteko ez zezatela besteek galdu behar. Nik ez nuen haurtzaroan psikomotrizitateko irakasgairik izan, guk soinketa egiten genuen, eta gehienetan "zero batura" ikuspuntutik planteatzen zen jarduera, eta ez dut egoki ikusten gorputz heziketa ikaskuntza horretara soilik bideratzea, galtzen (eta irabazten!) jakitea garrantzitsu bada ere. Uste dut oreka egokia aurkitu genuela alde horretatik saioan. 

Bestalde, krisian murgildurik gabiltzanez, horri ere keinu bat egitea egoki ikusi genuen, eta horregatik saiatu ginen erabat xumea eta egunerokoa den objektu bat erabiliz (spaghettia) ariketak prestatzen, psikomotrizitateko gelan baliabide sofistikatu eta garestiak ezinbestekoak ez direla frogatzeko. Azken batean, hezkuntzarako baliabiderik preziatuena gure burua da!

1 iruzkin:

  1. Aupa Miren:

    Zorionak!!! egiten ari zaren lanagatik, nik uste interesgarriak direla aipatzen dituzun kontuak, lehiakortasunaren eta galtzaile eta irabazleen arteko kontuez asko hausnartu da Heziketa Fisikoaren esparruan, ez dut uste alperrikako lana denik, beraz ongi etorriak ere zure ekarpenak.
    Laister arte.
    B.

    ErantzunEzabatu