Onanistikoa da oso gaurko sarreraren titulua, baina (ia)inork irakurriko ez duenez, ez da arazo. Gaur Aste Santuko oporrak hasi dira, eta goizean goiz esnatu naizenean, ohean etzanda, jaikitzeko presarik gabe, gogoratu dut duela urte bete ere Aste Santuan ikasten aritu nintzela, selektibitateko fase espezifikorako bi irakasgai prestatzen, hain zuzen ere.
Ordutik hona gauza mordoa gertatu dira. Batzuetan urteak konturatu gabe igarotzen doazela dirudi, baina urte bete honetan ez da horrela izan; hain izan da dentsoa gertakizunetan eta gauza berrietan, garai bateko denboraren eskalara eraman nauela berriro, eta hori oso atsegina izan da.
Selektibitatea gainditu nuen, ondo asko gainera, Haur Hezkuntzako graduan sartu nintzen, lehen lauhilekoko irakasgaiak gainditu nituen ere ... Hesiak liraintasunez gainditzen noa, oraingoz, eta horrek indarra ematen dit (salto egin arte beti dago barruan duda: gai izango ote naiz? lortuko al dut dena uztartzea?). Eta indarra baino askoz ere garrantzitsuagoa den zerbait ematen didate ikasketek: deskribatzen zaila den gozamena. Izugarri interesgarria egiten zait ikasten ari naizena, baina nire sentsazioa harago doa: gustu ematen dit. Eta hori hesiak saltatzea baino dibertigarriago da; alderik ez du.
Ikasturtea bukatu arte oraindik ere lan egitea tokatuko zaigu, eta nekea pilatzen doa, baina parentesitxo bat egitea merezia nuen sorbaldan plas-plas batzuk nire buruari egiteko, bai horixe!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina