2013/11/20

Literaturaren didaktika

Graduan orain arte landutako irakasgaietatik barruak gehien mugitu dizkidana aukeratu behar izango banu, dudarik gabe literaturaren didaktika esango nuke. Izatez, irakasgaia ere ez da, irakasgai erdia baizik. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren lehen erdia izan da, zortzi astez bakarrik landu duguna.

Aurreko ikasturtean Hizkuntzaren Didaktikaren Oinarriak landu genuen irakasle berarekin aritu gara, eta elkar ezagutzea abantaila handia izan da. Bestetik, eskola osoko gelarik politena izan dugu, teilatupeko liburutegi goxoa, giro aproposa sortzea ahalbidetu duena.

Irakaslearen planteamendua oso egokia iruditu zait: haur literatura eskuekin, begiekin, ahotsarekin eta belarriekin landu dugu, zaletasuna sustatu du, konfiantzazko giroa sortu du, eta ipuinak eman dizkigu barra-barra. Guk, ikasleok, lagundu egin diogu hori guztia lortzen, eta emaitza oso ona izan da. Sakonki hunkitu naute irakurgaiek eta ipuinek, izugarri gozatu dut guztiekin. Literatura irakurtzeko aukera eman dit, aspaldian alde batera utzia nuena. Jolasa izan da.

Saiatu behar dut blogean irakasgai honek niretzat izan duen garrantzia islatzen, orain arte ia ezer esan ez baitut, autobiografia literarioa ezik.

Lauhilekoan blogean ekoizpen txikiaren zergatiak

Hirugarren ikasturtearen hasieran askoz ere gutxiago idazten ari naiz blogean aurrekoetan baino. Niretzat hau graduko ikasketak biltzeko eta horiek elkarrekin trabatzeko tresna denez, ongi etorriko zait denbora pasa ondoren sarrera hauetara bueltatzen naizenean ekoizpen urriaren arrazoiak azaltzen saiatzea behintzat.

Alde batetik, hirugarren mailako lehen lauhilekoan nahiko gogor ari gara lanean, eta taldeko lanek denbora gutxi uzten didate oso pertsonala den bloga lantzeko. Beti jartzen ditut taldeko betebeharrak nire buruari jarritakoen aurretik eta, ezinbestean, gure irakasleek finkatutako betebeharrak nire buruari jartzen dizkiodanen aurretik doaz ere.

Bestetik, arraroa bada ere, esango nuke ez idaztearen beste arrazoi bat aurtengo irakasgaiekin oso pozik nagoela dela. Hau da, joan den ikasturtean, adibidez, esango nuke batzuetan ikasketa prozesuaren alderdi batzuk sortzen zizkidaten gatazkak kanporatzeko eta korapiloak askatzeko idazten nuela. Aurten harri potolo pare bat kendu ditut lepotik, eta arin-arin nabil, poz-pozik. Poztu egiten nau ere graduaren amaiera gerturatzen ikusteak; hortxe dago, behatzen puntan jada. Izugarri gustura ari naiz ikasten, baina gogorra da eguneroko lana-ikasketa-bizitza pertsonal (?) martxari eustea.

Azkenik, orain arteko irakasgaietan blogera ekar ez ditzakedan ekoizpenak eskatu dizkigute irakasleek, eta ezin izan ditut bateragarri egin batzuk eta bestea. Hala ere, hemendik aurrera arte plastikoen inguruko irakasgaiko portfolioaren idatzizko atalak blogetik abiatuta egingo ditut, eta horrek emango dio nolabaiteko jarraitasuna.

Arte Plastikoak eta Ikusizko Kultura II - Portfolioaren sarrera

Eskolen lehen egunean irakasleak eskatu digu irakasgaiari buruzko sarrera idatz dezagun, abiapuntu gisa. Lan interesgarria izango da, aurrerago ondo egongo baita irakasgaia lantzen hasi aurretik pentsatutakoa amaierako gogoetekin alderatzea.

Zein da irakasgaiaren programa?
Zoritxarrez, lehen eguneko eskoletara berandu iritsi nintzen, eta irakaslearen hasierako azalpenak galdu nituen. Horregatik, irakasgaiaren edukiak zeintzuk izango direnaren inguruan ulertu dudana EHUko web orrian graduari buruz irakasgaiaren gida eskuan hartuta azalduko dut. Horren arabera, iruditzen zait irakasgaian ondoko alderdiak landuko ditugula aurreikusten dela:
  • Norberaren arte-hizkuntza garatzea, aberastea eta hobetzea.
  • Haur Hezkuntzako curriculumak arte plastikoei eta ikusizko kulturari buruzko ikuspegia eta edukiak aztertzea eta kritikoki ebaluatzea.
  • Arte plastikoak eta ikusizko kultura haurren ikuspegitik eta haurrekin lantzearen inguruko hezkuntza-ereduak aztertzea.
  • Haur Hezkuntzan arte plastikoak eta ikusizko kultura lantzeko irakaslearentzat baliabide praktikoak esploratzea.
  • Irakaslearen sormena sustatzeko estrategiak praktikan jartzea.
  • Haur Hezkuntzan gai honi buruzko proposamen didaktikoen diseinua lantzea modu praktikoan.

Zer ikasi nahi dut nik irakasgaian?
Hiru helburutan laburbildu dezaket irakasgaian lortu nahi nukeena:
  • Haur Hezkuntzan arte plastikoak eta ikusizko kultura nola lantzeari buruzko nire ikuspegia eraikitzea, gelakideekin elkarlanean eta elkarrekintzan. Haur Hezkuntzako irakasle bezala hizkuntza plastikoari eta ikusizko arteari buruz zer, nola, zergatik eta zertarako landu galderei behin-behineko erantzun bat eman nahi nieke ikasturtearen amaierarako.
  • Haur Hezkuntzako materialen alderdi plastikoa kritikoki analizatu eta ebaluatu ahal izateko irizpideak argitzea, gelakideekin elkarlanean eta elkarrekintzan. Hau da, aurrerantzean Haur Hezkuntzarako baliabide eta materialak irakasgaiaren ikuspuntutik modu kritikoan baloratzeko gutxieneko gaitasuna garatu nahi nuke.
  • Arte plastikoekin eta ikusizko kulturarekin zuzenean esperimentatzea eta prozesu horretaz gozatzea. Etorkizunean arte plastikoak eta ikusizko kultura Haur Hezkuntzako ikasleekin modu egokian lantzeko, ezinbestekoa iruditzen zait neronek horretarako zaletasuna edukitzea, eta gaia esperientzia pertsonal atseginekin lotzea.

Ebaluazioaren aurreikuspena
Irakasgaiaren zein alderditan ibiliko ote garen hobeto, eta zeintzuetan okerrago, baita lortzea espero dugun nota zehaztu dezagun eskatu zaigu ere.

Zailtasun gehien arte plastikoen arloan trebetasuna garatzearen inguruan pentsatzen dut izango dudala, menderatzen ez dudan hizkuntza delako eta nire bizitzan zehar gutxien landu dudana delako. Hori bai, nire alde dut landu dudan gutxia gozamen handiz egin dudala, eta horregatik ez dit inolako estutasunik sortzen erronkak. Irakasleak azaldu duenez, lantzen dugunaren gainean gogoeta egitea eta horretarako hitzezko hizkuntza erabiltzea izango da irakasgaian landuko den alderdietako bat, eta hori izango da dudarik gabe hobekien egingo dudana, hitzezko hizkuntzan eroso sentitzen naizelako eta gogoeta egitea gustuko dudalako. 

Notaren inguruan, zintzoa izango naiz: lehen mailan gai honi buruz izan genuen irakasgaian ateratako nota oso ona izan bazen ere, orain arte graduan atera dudan baxuena izan da, eta ez nuke oraingoan hori errepikatu nahi. Hala ere, notek badute nolabaiteko subjektibotasuna (zer ebaluatuko da, ibilbidea eta esfortzua, ala emaitza finala? trebetasuna ala ahalegina? ...), eta zenbakia ez da gehien interesatzen nauena, garrantzitsua bada ere. Orduan baino gehiago ikasi nahi dut, hori da niretzat garrantzitsuena, eta horrek nota harrekiko isla badu, ondo, baina bestela ere ez dit lorik kenduko.

2013/10/20

Inoizkako txisteak

Autobiografia literarioa

Oharra: idazlaneko atalen izenburu diren aipuak lanerako ezarritako iturritik hartuak dira (Daniel Pennac-en Como una novela) eta gaztelaniatik itzuli dira.

“Irakurtzea etengabeko sormen ekintza da”
Idazlan honek izenburu harroputz samarra duela pentsa liteke, autobiografia literarioa idazleek haien ibilbidea azaltzeko egina izaten baita, nik dakidanez. Baina, Daniel Pennac-ek esandakoaren arabera, testuaren beste aldean kokatzen denak ere sortzen du. Ikuspuntu horretatik begiratuta, irakurle bakarrik izan naizen arren, ez naiz beste norbaiten sormenaren kontsumitzaile hutsa izan. Honetaz sekula konturatu gabe nengoen, eta ideia oso interesgarria iruditu zait.

“Filosofoen harria aurkitu berri du”
Nik ez dut gogoratzen hizkien multzo bat lehendabizikoz hitz bihurtu zitzaidaneko unea; izan ere, irakurketa-idazketa prozesuaz oroitzapenik ez dut. Matematikan, aldiz, Lehen Hezkuntzako aurreneko bi mailetako irudiak ditut buruan: arbelean amaigabeak iruditzen zitzaizkidan zenbaki potoloen batuketak, eta uda ostean biderkatzeko taulak ahaztu eta horiek berriro ikasi beharrak sortutako estutasuna (sekulan lortu ez nuena, bestetik). Idatzi eta irakurtzeari dagokionean, aldiz, ezertxo ere ez; samur egin zitzaidanaren seinale. Amari galdetu, eta berak ere ez du ezer berezirik gogoratu. Duen oroitzapen bakarraren bidez ondorioztatu ahal izan dugu Lehen Hezkuntzako lehen mailan nenbilela “eme eta a, ma” ikasten. Txikitan eta gaztetxo nintzela asko irakurtzen nuela gogoratzen zuen amak, eta hamaika edo hamabi urte nituela “Tiburón” nobela irakurri nuela, baimenik eskatu gabe. Liburuaren azala oraindik gogoan dut.

Irakurketan nire lehen aldiari buruzko oroitzapen zehatzik ez dudan arren, literaturak txikitatik erakarri ninduen; izandakoa, izan zitekeena, izan litekeena, bestelako tokiak, beste norbaiten bizitza, hori guztia eta gehiago zegoen liburuetan gordeta.

“... Irunearen misterioa: bera, testua, eta gu ...”
Zortzi urte nituela etorri ginen Bilbotik Donostiara bizitzera. Lehen urte horietako oroitzapen gozoetako batzuk larunbata eta igandeetan esnatu eta anaiak eta hirurok ohean irakurtzera sartzen ginenetakoak dira. Normalean anaia txikiaren ohean izaten zen; ni erdian, liburuarekin, eta haiek albo bietan. Irakurtzen hasi aurretik sukaldera galleten bila joaten zen gutakoren bat, eta gero ohea apurrez betetzen zen.

Bilbon Kili-Kili irakurtzen nuen, komikia, eta Donostiara etorri ginean, Ipurbeltz. Francisco Ibañezen komikiak ere irakurtzen genituen gaztelaniaz, baita Disneyren “Películas” liburuak ere. Aurrerago etorri ziren nire anaientzat Teoren bildumak eta Asterix eta Obelix euskaraz.

Zaharrena nintzenez, eta irakurtzen zekien bakarra, nik irakurtzen nituen liburuak haientzat, eta beraiek aukeratu egiten zituzten.

“... ipuinaren oinarrizko funtzioetako bat (...) gizakion borrokari etena inposatzea.”

“... pena merezi duen paradisu bakarrera itzulera: intimitatea.”

“Haizearekin zihoan, izugarri arinduta...”
Irakurtzeak niretzat hiru funtzio nagusi bete ditu: alde batetik, barruko niarekin harremanetan jartzea, nire buruarekin konektatzea, bestetik, nerabezarora gerturatzean bizitzen zaila iruditzen zitzaidan errealitatetik ihes egitea eta, azkenik, beti oso gustuko izan dudan egunez amets egiteko erregaia eskaintzea.

Ez dakit zergatik, baina txikitatik gustuko izan ditut ipuin goibel samarrak. Bereziki gogoratzen ditudan bi “Gabonetako ipuina” eta “Urretxindorra eta arrosa” dira. Ebenezer Scrooge-en gabon gaua bere hiru izpirituekin, iragana, oraina eta etorkizun bihur litekeena erakusten diotenak, eta bere odola hustuz musu-truk arrosa gorri bat sortzeko prest zegoen urretxindorraren istorioak oso erakargarri iruditzen zitzaizkidan. Lehenengoa Dickens-ena zela banekien, baina bigarrena Wilde-ena zenik ez, eta orain hobeto ulertzen dut ipuinaren tragikotasun erromantikoa.

Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan, artean hamar urte betetzeko nituela, Ribavellosako udalekuetara bidali ninduten. Aurreko urtean Espejon izan nintzen, ikastolek antolatutako udalekuetan. Errioxako Ribavellosakoa Kutxarena zen, eta zeharo desberdina zen aurreko urtean ezagutu nuenetik. Instalazioak erraldoiak ziren, garai batean tuberkulosia zuten gaixoentzat eraikitakoak, eta belarrezko futbol zelaiak, igerilekua, zinema, eliza, liburutegia eta abar zituen. Begiraleak gazte “normalak” ziren arren, han mojek agintzen zuten. Laukoteka esertzen ginen otorduak egiteko, beti laukote berarekin, eta gauez megafoniaren bidez Sor Tomasak lo egin genezan garrasi egiten zigun. Batere gustura ez nengoenez, liburutegian igarotzen nuen denbora gehiena. Gogoratzen dut bertan irakurri nituela Enid Blyton-en “Bostak” bildumako ale mordoa gaztelaniaz. Abenturazko istorioak ziren eta, garai haietan, bi bilduma nagusi zeuden: aipatutako “Bostak” eta “Los Hollister”. Nik ez nuen sekula Hollistertarren libururik irakurri, ez dut oso ondo gogoratzen zergatik, baina liburuen azaletatik hasita ez nintzen beste haiekin identifikatzen.

Bosten abenturen jarraipen nahiko naturala izan zen Agatha Christie. Nire osaba batek bere misteriozko liburuen bilduma handia zuen, eta guztiak irakurri nituen. Azkenean, nahiko azkar asmatzen nuen gaiztoa nor zen, baina gustura irakurtzen nituen nobelak, hala ere, eta batzuetan engainatzen ninduen idazleak. Osabaren beste genero maitatua westerna zen, eta horietako mordoa irakurri nituen ere. Gogoan dut Zane Grey-ren nobeletako baten protagonistak, Lucyk, begiak bioleta kolorekoak zituela, eta niri ezinezkoa iruditzen zitzaidala; begi moreak!

Ama Círculo de Lectores-ekoa zen, eta berak nobela asko irakurtzen zituen. Batzuk baimenarekin irakurtzen nituen, eta besteren bat, ezkutuan. Amak erositako liburu horietako batek nire literatur zaletasunean leiho berri bat ireki zuen: Tolkien-en “Eraztunen Jauna”. Hamalau edo hamabost urte nituela irakurri nuen gaztelaniaz, eta hamaseirekin ingelesez (hiztegia alboan nuela, eta nahikoa kostata). Izugarri gustatu zitzaidala esatea gutxi esatea da. Iruditzen zait beti izan ditudala ipuinak gogoko, eta Tolkien-en mundua mega-ipuina zen, nerabezaroan ipuinez gozatzeko aukera itzela. Tolkien-en hainbat nobela irakurtzeaz gain, fantasiazko eta zientzia-fikziozko literaturan murgildu nintzen: Asimov, C. Clarke, Bradbury, Siruela argitaletxearen Erdi Aroko istorioen bilduma bat eta abar.

Literatura “serioagoa” ere irakurri nuen, baina ez dut hain biziki gogoratzen, egia esan. Ikastolako irakurgaien artean gogoratzen ditut Txillardegiren “Leturiaren egunkari ezkutua”, Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” edo Marséren “Últimas tardes con Teresa”.  Gandiagaren “Denbora galdu alde” eta Delibesen “El camino” datozkit burura gustukoen artean. Amaren liburuen artean irakurri nuen autore latinamerikarren bat (García Márquez, Neruda edo Vargas Llosa), eta Steinbeck-en “Suminaren mahatsak” gogoko izan nuela gogoratzen dut ere, baina “ganorazko” literaturako liburuak gutxiago izan ziren “besteak” baino. Beraz, esango nuke haurtzaroa Dickens eta Wilde-ren eskutik hasi arren, gerora ez diodala mailari eutsi.

Kalitatean ez ezik, kantitatean ere huts egin dut. Helduaroan literatura irakurtzeari ia utzi diot erabat. Ez dut ihes egiteko beharrik, nire buruarekin harremanetan jartzeko beste modu batzuk aurkitu ditut, eta lanean ia denbora guztia irakurtzen eta idazten ematen dut. Ondorioz, oporrak iritsi eta irakurtzeko gogorik ez dut izaten. Bestalde, badut irakurtzeko modu bat, batere gogoko ez dudana, non nire begiak zinemako proiektoreen antzekoak diren, eta irakurketa oso azkarra egiten dudan; momentuan irakurritakoa jarraituz, baina “dastatu” gabe eta memorian gorde gabe. Joera horri kontra egingo dioten liburuak komeni zaizkit, erritmo lasaia dutenak. Adibidez, joan den udan Miyamotoren “Kinshu” dastatuz irakurri nuen, eta aurtengoan Villarren “¡Eh, petrel!” ere gustura berrirakurri dut, baina Haddon-en “El curioso incidente del perro a medianoche”, unibertsitatean irakurtzeko eskatu zigutena, Aste Santu osoa aurretik eduki arren, arratsalde bakarrean irentsi nuen (matematikako asmakizunak alde batera utzita, horiekin aritzea alperrik zela banekien eta).

Hala ere, badakit literaturaren altzora itzuliko naizela. Oraingoz, behintzat, irakasgai honek ipuinetara bueltatzeko bidea eman dit, eta gustura ari naiz horretan.

2013/09/29

Tutorea eta gurasoen arteko harremana IKTen bidez

Haur Hezkuntzarako etaparako pentsatua egon ez arren, interesgarria iruditu zait mugikorrerako aplikazio honi buruzko berria, hemendik aurrera gero eta gehiago hedatuko den gaia dirudielako. Hala ere, irakasleak beti izan beharko du gogoan eten digitala, eta horrek ikasleen eta haien familien aukera berdintasunarekiko eragin negatiborik izan ez dezan lagundu beharko du. Komunikazio digitala bai, baina horretan iaio ez direnekin aritzeko bestelako kanalak alde batera utzi gabe.

Handicapa kendu diote gaztelaniari Baleareetan

Aspaldiko berria zen arren, ikasturtearen hasieran izan du oihartzun gehien Baleareetan murgilketa programa alde batera utzi eta iraupen programa bat ezarriko dela. Gaztelania, ingelesa eta katalanari eskolan %30eko presentzia emango diete hurrenez hurren, azken %10a nori eman ikastetxearen esku utzita. Argudioa oso sinplea da: bi hizkuntza ofizialen arteko oreka bilatu nahi da, eta horregatik emango zaie pisu bera. Bizkotxo baten osagaiez ariko bagina, edo kongresuan alderdiek duten ordezkaritzaz, egoki litzateke, agian, baina joan den ikasturtean ikasi genuenaren arabera, hizkuntza gutxituei dagokienean erabat okerra da planteamendua.

Hizkuntza gutxituek eta nagusiek parekotasunean "lehia" egin ahal izan dezaten, nagusiari handicapa aplikatu behar zaio, berez duen abantaila apaltzeko. Hainbat kiroletan ohikoa den kontzeptu hau estatu mailan hizkuntzetara eramango bagenu mesede egingo liguke, guztiona den ondarea gordetzea ahalbidetuko liguke eta. Baina, noski, erabakiak hartzen dituztenek ez dituzte honelako irizpideak gogoan, edo bestelako helburuak dituzte.