Eskolen lehen egunean irakasleak eskatu digu irakasgaiari buruzko sarrera idatz dezagun, abiapuntu gisa. Lan interesgarria izango da, aurrerago ondo egongo baita irakasgaia lantzen hasi aurretik pentsatutakoa amaierako gogoetekin alderatzea.
Zein da irakasgaiaren programa?
Zoritxarrez, lehen eguneko eskoletara berandu iritsi nintzen, eta irakaslearen hasierako azalpenak galdu nituen. Horregatik, irakasgaiaren edukiak zeintzuk izango direnaren inguruan ulertu dudana EHUko web orrian graduari buruz irakasgaiaren gida eskuan hartuta azalduko dut. Horren arabera, iruditzen zait irakasgaian ondoko alderdiak landuko ditugula aurreikusten dela:
- Norberaren arte-hizkuntza garatzea, aberastea eta hobetzea.
- Haur Hezkuntzako curriculumak arte plastikoei eta ikusizko kulturari buruzko ikuspegia eta edukiak aztertzea eta kritikoki ebaluatzea.
- Arte plastikoak eta ikusizko kultura haurren ikuspegitik eta haurrekin lantzearen inguruko hezkuntza-ereduak aztertzea.
- Haur Hezkuntzan arte plastikoak eta ikusizko kultura lantzeko irakaslearentzat baliabide praktikoak esploratzea.
- Irakaslearen sormena sustatzeko estrategiak praktikan jartzea.
- Haur Hezkuntzan gai honi buruzko proposamen didaktikoen diseinua lantzea modu praktikoan.
Zer ikasi nahi dut nik irakasgaian?
Hiru helburutan laburbildu dezaket irakasgaian lortu nahi nukeena:
- Haur Hezkuntzan arte plastikoak eta ikusizko kultura nola lantzeari buruzko nire ikuspegia eraikitzea, gelakideekin elkarlanean eta elkarrekintzan. Haur Hezkuntzako irakasle bezala hizkuntza plastikoari eta ikusizko arteari buruz zer, nola, zergatik eta zertarako landu galderei behin-behineko erantzun bat eman nahi nieke ikasturtearen amaierarako.
- Haur Hezkuntzako materialen alderdi plastikoa kritikoki analizatu eta ebaluatu ahal izateko irizpideak argitzea, gelakideekin elkarlanean eta elkarrekintzan. Hau da, aurrerantzean Haur Hezkuntzarako baliabide eta materialak irakasgaiaren ikuspuntutik modu kritikoan baloratzeko gutxieneko gaitasuna garatu nahi nuke.
- Arte plastikoekin eta ikusizko kulturarekin zuzenean esperimentatzea eta prozesu horretaz gozatzea. Etorkizunean arte plastikoak eta ikusizko kultura Haur Hezkuntzako ikasleekin modu egokian lantzeko, ezinbestekoa iruditzen zait neronek horretarako zaletasuna edukitzea, eta gaia esperientzia pertsonal atseginekin lotzea.
Ebaluazioaren aurreikuspena
Irakasgaiaren zein alderditan ibiliko ote garen hobeto, eta zeintzuetan okerrago, baita lortzea espero dugun nota zehaztu dezagun eskatu zaigu ere.
Zailtasun gehien arte plastikoen arloan trebetasuna garatzearen inguruan pentsatzen dut izango dudala, menderatzen ez dudan hizkuntza delako eta nire bizitzan zehar gutxien landu dudana delako. Hori bai, nire alde dut landu dudan gutxia gozamen handiz egin dudala, eta horregatik ez dit inolako estutasunik sortzen erronkak. Irakasleak azaldu duenez, lantzen dugunaren gainean gogoeta egitea eta horretarako hitzezko hizkuntza erabiltzea izango da irakasgaian landuko den alderdietako bat, eta hori izango da dudarik gabe hobekien egingo dudana, hitzezko hizkuntzan eroso sentitzen naizelako eta gogoeta egitea gustuko dudalako.
Notaren inguruan, zintzoa izango naiz: lehen mailan gai honi buruz izan genuen irakasgaian ateratako nota oso ona izan bazen ere, orain arte graduan atera dudan baxuena izan da, eta ez nuke oraingoan hori errepikatu nahi. Hala ere, notek badute nolabaiteko subjektibotasuna (zer ebaluatuko da, ibilbidea eta esfortzua, ala emaitza finala? trebetasuna ala ahalegina? ...), eta zenbakia ez da gehien interesatzen nauena, garrantzitsua bada ere. Orduan baino gehiago ikasi nahi dut, hori da niretzat garrantzitsuena, eta horrek nota harrekiko isla badu, ondo, baina bestela ere ez dit lorik kenduko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina