Oharra: idazlaneko atalen izenburu diren aipuak lanerako
ezarritako iturritik hartuak dira (Daniel Pennac-en Como una novela) eta gaztelaniatik itzuli dira.
“Irakurtzea etengabeko sormen ekintza da”
Idazlan honek izenburu harroputz samarra duela pentsa
liteke, autobiografia literarioa idazleek haien ibilbidea azaltzeko egina
izaten baita, nik dakidanez. Baina, Daniel Pennac-ek esandakoaren arabera,
testuaren beste aldean kokatzen denak ere sortzen du. Ikuspuntu horretatik
begiratuta, irakurle bakarrik izan naizen arren, ez naiz beste norbaiten
sormenaren kontsumitzaile hutsa izan. Honetaz sekula konturatu gabe nengoen,
eta ideia oso interesgarria iruditu zait.
“Filosofoen harria aurkitu berri du”
Nik ez dut gogoratzen hizkien multzo bat lehendabizikoz hitz
bihurtu zitzaidaneko unea; izan ere, irakurketa-idazketa prozesuaz oroitzapenik
ez dut. Matematikan, aldiz, Lehen Hezkuntzako aurreneko bi mailetako irudiak
ditut buruan: arbelean amaigabeak iruditzen zitzaizkidan zenbaki potoloen
batuketak, eta uda ostean biderkatzeko taulak ahaztu eta horiek berriro ikasi
beharrak sortutako estutasuna (sekulan lortu ez nuena, bestetik). Idatzi eta
irakurtzeari dagokionean, aldiz, ezertxo ere ez; samur egin zitzaidanaren
seinale. Amari galdetu, eta berak ere ez du ezer berezirik gogoratu. Duen
oroitzapen bakarraren bidez ondorioztatu ahal izan dugu Lehen Hezkuntzako lehen
mailan nenbilela “eme eta a, ma” ikasten. Txikitan eta gaztetxo nintzela asko
irakurtzen nuela gogoratzen zuen amak, eta hamaika edo hamabi urte nituela
“Tiburón” nobela irakurri nuela, baimenik eskatu gabe. Liburuaren azala
oraindik gogoan dut.
Irakurketan nire lehen aldiari buruzko oroitzapen zehatzik
ez dudan arren, literaturak txikitatik erakarri ninduen; izandakoa, izan
zitekeena, izan litekeena, bestelako tokiak, beste norbaiten bizitza, hori
guztia eta gehiago zegoen liburuetan gordeta.
“... Irunearen misterioa: bera, testua, eta gu ...”
Zortzi urte nituela etorri ginen Bilbotik Donostiara bizitzera.
Lehen urte horietako oroitzapen gozoetako batzuk larunbata eta igandeetan
esnatu eta anaiak eta hirurok ohean irakurtzera sartzen ginenetakoak dira.
Normalean anaia txikiaren ohean izaten zen; ni erdian, liburuarekin, eta haiek
albo bietan. Irakurtzen hasi aurretik sukaldera galleten bila joaten zen
gutakoren bat, eta gero ohea apurrez betetzen zen.
Bilbon Kili-Kili irakurtzen nuen, komikia, eta Donostiara
etorri ginean, Ipurbeltz. Francisco Ibañezen komikiak ere irakurtzen genituen
gaztelaniaz, baita Disneyren “Películas” liburuak ere. Aurrerago etorri ziren
nire anaientzat Teoren bildumak eta Asterix eta Obelix euskaraz.
Zaharrena nintzenez, eta irakurtzen zekien bakarra, nik
irakurtzen nituen liburuak haientzat, eta beraiek aukeratu egiten zituzten.
“... ipuinaren oinarrizko funtzioetako bat (...) gizakion
borrokari etena inposatzea.”
“... pena merezi duen paradisu bakarrera itzulera:
intimitatea.”
“Haizearekin zihoan, izugarri arinduta...”
Irakurtzeak niretzat hiru funtzio nagusi bete ditu: alde batetik,
barruko niarekin harremanetan jartzea, nire buruarekin konektatzea, bestetik,
nerabezarora gerturatzean bizitzen zaila iruditzen zitzaidan errealitatetik
ihes egitea eta, azkenik, beti oso gustuko izan dudan egunez amets egiteko
erregaia eskaintzea.
Ez dakit zergatik, baina txikitatik gustuko izan ditut ipuin
goibel samarrak. Bereziki gogoratzen ditudan bi “Gabonetako ipuina” eta
“Urretxindorra eta arrosa” dira. Ebenezer Scrooge-en gabon gaua bere hiru
izpirituekin, iragana, oraina eta etorkizun bihur litekeena erakusten diotenak,
eta bere odola hustuz musu-truk arrosa gorri bat sortzeko prest zegoen
urretxindorraren istorioak oso erakargarri iruditzen zitzaizkidan. Lehenengoa
Dickens-ena zela banekien, baina bigarrena Wilde-ena zenik ez, eta orain hobeto
ulertzen dut ipuinaren tragikotasun erromantikoa.
Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan, artean hamar urte
betetzeko nituela, Ribavellosako udalekuetara bidali ninduten. Aurreko urtean
Espejon izan nintzen, ikastolek antolatutako udalekuetan. Errioxako Ribavellosakoa
Kutxarena zen, eta zeharo desberdina zen aurreko urtean ezagutu nuenetik.
Instalazioak erraldoiak ziren, garai batean tuberkulosia zuten gaixoentzat
eraikitakoak, eta belarrezko futbol zelaiak, igerilekua, zinema, eliza,
liburutegia eta abar zituen. Begiraleak gazte “normalak” ziren arren, han mojek
agintzen zuten. Laukoteka esertzen ginen otorduak egiteko, beti laukote
berarekin, eta gauez megafoniaren bidez Sor Tomasak lo egin genezan garrasi
egiten zigun. Batere gustura ez nengoenez, liburutegian igarotzen nuen denbora
gehiena. Gogoratzen dut bertan irakurri nituela Enid Blyton-en “Bostak”
bildumako ale mordoa gaztelaniaz. Abenturazko istorioak ziren eta, garai
haietan, bi bilduma nagusi zeuden: aipatutako “Bostak” eta “Los Hollister”. Nik
ez nuen sekula Hollistertarren libururik irakurri, ez dut oso ondo gogoratzen
zergatik, baina liburuen azaletatik hasita ez nintzen beste haiekin
identifikatzen.
Bosten abenturen jarraipen nahiko naturala izan zen Agatha
Christie. Nire osaba batek bere misteriozko liburuen bilduma handia zuen, eta
guztiak irakurri nituen. Azkenean, nahiko azkar asmatzen nuen gaiztoa nor zen,
baina gustura irakurtzen nituen nobelak, hala ere, eta batzuetan engainatzen
ninduen idazleak. Osabaren beste genero maitatua westerna zen, eta horietako
mordoa irakurri nituen ere. Gogoan dut Zane Grey-ren nobeletako baten
protagonistak, Lucyk, begiak bioleta kolorekoak zituela, eta niri ezinezkoa
iruditzen zitzaidala; begi moreak!
Ama Círculo de Lectores-ekoa zen, eta berak nobela asko irakurtzen
zituen. Batzuk baimenarekin irakurtzen nituen, eta besteren bat, ezkutuan. Amak
erositako liburu horietako batek nire literatur zaletasunean leiho berri bat
ireki zuen: Tolkien-en “Eraztunen Jauna”. Hamalau edo hamabost urte nituela
irakurri nuen gaztelaniaz, eta hamaseirekin ingelesez (hiztegia alboan nuela,
eta nahikoa kostata). Izugarri gustatu zitzaidala esatea gutxi esatea da.
Iruditzen zait beti izan ditudala ipuinak gogoko, eta Tolkien-en mundua
mega-ipuina zen, nerabezaroan ipuinez gozatzeko aukera itzela. Tolkien-en
hainbat nobela irakurtzeaz gain, fantasiazko eta zientzia-fikziozko literaturan
murgildu nintzen: Asimov, C. Clarke, Bradbury, Siruela argitaletxearen Erdi
Aroko istorioen bilduma bat eta abar.
Literatura “serioagoa” ere irakurri nuen, baina ez dut hain
biziki gogoratzen, egia esan. Ikastolako irakurgaien artean gogoratzen ditut
Txillardegiren “Leturiaren egunkari ezkutua”, Saizarbitoriaren “Egunero hasten
delako” edo Marséren “Últimas tardes con Teresa”. Gandiagaren “Denbora galdu alde” eta
Delibesen “El camino” datozkit burura gustukoen artean. Amaren liburuen artean
irakurri nuen autore latinamerikarren bat (García Márquez, Neruda edo Vargas
Llosa), eta Steinbeck-en “Suminaren mahatsak” gogoko izan nuela gogoratzen dut
ere, baina “ganorazko” literaturako liburuak gutxiago izan ziren “besteak”
baino. Beraz, esango nuke haurtzaroa Dickens eta Wilde-ren eskutik hasi arren,
gerora ez diodala mailari eutsi.
Kalitatean ez ezik, kantitatean ere huts egin dut.
Helduaroan literatura irakurtzeari ia utzi diot erabat. Ez dut ihes egiteko
beharrik, nire buruarekin harremanetan jartzeko beste modu batzuk aurkitu
ditut, eta lanean ia denbora guztia irakurtzen eta idazten ematen dut.
Ondorioz, oporrak iritsi eta irakurtzeko gogorik ez dut izaten. Bestalde, badut
irakurtzeko modu bat, batere gogoko ez dudana, non nire begiak zinemako
proiektoreen antzekoak diren, eta irakurketa oso azkarra egiten dudan;
momentuan irakurritakoa jarraituz, baina “dastatu” gabe eta memorian gorde
gabe. Joera horri kontra egingo dioten liburuak komeni zaizkit, erritmo lasaia
dutenak. Adibidez, joan den udan Miyamotoren “Kinshu” dastatuz irakurri nuen,
eta aurtengoan Villarren “¡Eh, petrel!” ere gustura berrirakurri dut, baina
Haddon-en “El curioso incidente del perro a medianoche”, unibertsitatean
irakurtzeko eskatu zigutena, Aste Santu osoa aurretik eduki arren, arratsalde
bakarrean irentsi nuen (matematikako asmakizunak alde batera utzita, horiekin
aritzea alperrik zela banekien eta).
Hala ere, badakit literaturaren altzora itzuliko naizela.
Oraingoz, behintzat, irakasgai honek ipuinetara bueltatzeko bidea eman dit, eta
gustura ari naiz horretan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina