2012/03/10

Joseph Kony bihur dezagun ospetsu denon artean


Gaurko azken sarrera beltza da oso, baina otsoz betetako ipuinetan bezala, bada zer ikasi ere, eta agian bukaera gozoa izango du. Oraingoz, bukaera irekia dago; bada zerbait.

Joseph Kony Ugandako iparraldean azken bizpahiru hamarkadetan aritu den erdi sekta erdi armada baten buruzagia da, 30.000 haur bahitu dituena, eta bi milioitik gora pertsonek haien bizilekuak uztera eraman. Hezkuntza erahilez, bortxatuz eta lapurtuz jasotzen duten 30.000tik gora haur gidatu dituen aingerutxoa, beraz. Orain Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sudango hegoaldean dabil nonbait, dudarik gabe ezer onik egin gabe.

Estatu Batuetatik sare sozialen laguntzaz Kony ospetsu bihurtu nahian dabiltza, bere biktimak ikusezin bihurtzen dizkigun zapia begietatik kentzeak Kony harrapatua izan dadila ekarriko duenaren esperantzaz. Invisible Children edo Kony2012 bilatzailean sartu, eta segituan ikusiko duzu. Luze xamarra eta eztitsuegi den bideoa dute, baina hori alde batera uzterik baduzu, interesgarria da. Bereziki munduan erabakiak hartzeko piramidea sare sozialen laguntzaz alderantzika litekeela dioenean.

2012/03/09

Irakasleen ebaluazioa, ikasleen ebaluaketen emaitzen araberakoa New Yorken


Asteko bitxikeri moduan EL PAISeko artikulua, non ikasleek ikasturtearen bukaeran matematika eta komunikazio-gaitasunaren arloetan jasotako azterketa biren emaitzen arabera klasifikatzen diren New Yorkeko estatuko ikastetxe publikoetako 18.000 irakasle. Susmagarriena: sistema informatiko batek "aurreikusten" duela ikasle bakoitzak atera beharreko emaitza, eta horren azpitik badago irakaslearen nota jaisten da. Nola erabakitzen du sistema informatikoak ikasle bakoitzak atera beharko lukeen nota?

Espero dezagun Espek ez duela EL PAIS irakurriko, zeren eta bestela aurreko batean aipatzen nuen Madrilgo hezkuntza-sistemako aldaketen artean honelako zerbait aurkituko dugu laster.

Gerra zibilean zehar eta horren ondoren maisu-maistrek jasandako "garbiketa-espedienteak" beste begi batzuekin ikusten ditut honelako berriei esker: irakasleen kalitatearen ebaluaketatik hasi eta kontzientzia lokartzeko trukuak aplikatuz, ez zait hain zaila iruditzen "garbiketa-espedienteetara" iristea. Munduan astakeria galanta mordoa horrelaxe burutu dira, batak bestera "naturalki" eramanda...

Kontsumo kolaboratzailea


Aurreko batean aipatu nuen jainkoz aldatzeko beharraren inguruko sarreraren ildo berean, kontsumo kolaboratzaileari buruzko Web hau ekarri dut hona, etxean nahiz eskolan tokia duela iruditzen zaidalako. Partekatzearen ekonomiara bueltatuko garela dirudi, beharrak bultzatuta besterik ez bada ere. Gai izango ote gara?

Erraza da ausarta izatea bizia (edo bizitza) arriskuan ez duzunean


Aurreko astean bigarren errepublikako garaiko hezkuntza-sistema, eta horrek gerra zibilaren ondorengo diktadura luzearen hasieran izan zuen goitik-beherako eraldaketa erakusten zuen erreportajea ikusi genuen gelan, Cronicas programakoa, hain zuzen ere, hemen ikus dezakezuna.

Egia da beste hainbat berri bezala, bazuela halako kutsu interesatua, baina horren gainetik dago ukaezina den egia: bigarren errepublikako hezkuntza-sistema aurrerakoia zela, eta ondoren etorri zen diktadurak atzerapauso galanta suposatu zuela hezkuntzan, beste hainbat arlotan bezala. Hezkuntza-sistema hura defendatzeagatik bizia galdu zuten batzuk; bizimodua beste askok.

Gogora ekarri zizkidan nire aiton-amonak, maisu-maistra bikotea. Bata maisu zen bigarren errepublika hasterako, eta bestea maistra egin zen diktadura hasi berritan. Ez ziren erreportajean azaldu zirenak bezain ausartak izan. Aste honetan jaso dut aitonaren "garbiketako espedientea"-ren kopia, non alkatearen, auzoko parrokoaren, guardia zibilaren eta Gipuzkoako guraso katolikoen elkartearen aldeko txostenei esker aitonak maisu izaten jarrai zezakeela ebazten den (txostenak espedientean daude). Benetan beldurgarria da. Aldeko txosten hauek ideologia ezezaguna edo eskuindarra zuela diote, maisu ona zela, jarrera moral eta profesional egokikoa. Txosten horiek aldekoak izan ez balira, bere bizimodua galduko zuen ziur, eta agian baita bizia ere, beste horrenbestek bezala. Politikaz etxean ere hitz egitea debekatu zuen handik urte pare batera amonarekin batera sortutako familian; ez da harritzekoa.

Egun, hezkuntzan ausart izateak bestelako esanahia du, erabat. Eskerrak!

2012/03/04

Ikasle helduak, unibertsitatea eta berdintasun sozialak

Aste honetan klaseko batzuk egunkarietan atera gara. EL PAISek berria atera du ikasle helduak unibertsitatean ekartzen ari diren aldaketaren inguruan. Lehenengo berri horretan ikasle helduen azaleko analisia egiten da, eta jarraian beste gai bati heltzen zaio: unibertsitateak oraindik ere baduela zeregina ikasle heldu hauekiko ekitatea eta aukeren berdintasuna bermatzeko bidean, unibertsitatearen eskaintza, orokorrean, DBHtik datorren ikasle gazteari soilik egokituta dagoelako. Azken gai hauei heltzen die bigarren artikulu batek, ikasle helduen presentziak unibertsitate-demokrazia maila altuagoak dituzten herrialdeetara gerturatzen gaituela azpimarratuz, unibertsitate inklusiboagora gerturatzen ari garela frogatuz. Ikasle helduok ikasketak eta lana aldi berean egin behar izatearen aurrean unibertsitateak desberdintasunak neutralizatuko dituzten ibilbide eta zerbitzuak eskaini beharko lituzkeela defendatzen du egileak.

Pena litzateke eskola inklusiboaren aldeko edukiak lantzen dituen gure Haur Hezkuntzako gradu honetan unibertsitatea beraren inklusibotasunean atzerapausoak ematen direla pairatu behar izatea.

Hartzea, ematea eta agortzea (?)

Lauhileko honetan irakasgai ezberdinetan ari gara hartzea eta ematea lantzen, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua aztertzeko orduan, hezkuntzaren funtsa ulertzeko ikuspegi ezberdinak agerian uzten dituzten kontzeptuak direnaren ikuspuntutik (ikaskuntza hartu-emate soila al da? nork hartzen du zer, eta nork ematen?).

Hartzea eta emateari buruzko beste alderdi bat etorri zait burura aste honetako eskolen harira: hezkuntza prozesuetan norberaren emateari buruzkoa, alegia. Neutraltasuna eta objektibotasunari buruz izan ditugun eztabaidekin nolabaiteko harremana duen gaia da, baina harago doa, inplikaziora garamatzalako: posible al da hezkuntza prozesua gertatzea hezitzailearen aldetik norberaren "ematerik" gertatu gabe? hobea ala okerragoa bihurtzen al du hezkuntza emate hori egoteak edo ez egoteak? posible al da agortu gabe norbera emanez jardutea?

Hezkuntza informalaren esparruan badira hartze-emate erlazio batzuk non partaideek elkarri eman eta hartzen dioten denboran zehar rolak aldatuz: gaztetan gurasoek seme-alabei ematen diete eta zahartzean alderantziz gertatzen da. Beste erlazio batzuetan, aldiz, iruditzen zait batek eman egiten duela hartzailearen aldetik bueltan beretzat ezer espero gabe; horrelakoak dira, adibidez, aiton-amona eta biloben arteko harremanak, non helduaren ematea hazia ereitea den, jasotzen duen haurrak heltzean beste bati eman diezaion edo. Irakaslea eta ikasleen arteko hartzea eta ematea azken multzo honetan ikusten dut nik.

Azkenik, bada haurrekin erlazionatutako beste fenomeno bat, adinekoek haurren presentzian erakusten duten jokabideari lotua. Haurrek zaharrak erakartzen dituzte kalean edo parkean; agureak umeengana doaz poz-pozik gehienetan. Kasu horretan esango nuke ez dagoela emate kontzienterik haurren aldetik, beste zerbait da: haurrei bizia darie, eta zahartzen goazen heinean haiengana erakarriak sentitzen gara, bonbillaren beroak txitak erakartzen dituen bezala. Ai, zeinen goxoa den eguzki txiki horien argia!

2012/03/01

Garai bateko hezkuntza-sistema eta egungoa


Lan-koadernorako azken ariketa moduan, Glogster programaz baliatuz poster bat egin dugu garai bateko hezkuntza-sistema eta egungoaren arteko aldeak islatzeko. Zehazki, ondokoak alderatu ditugu: ikaslea, irakaslea, metodologia, baliabideak eta ebaluazioa. Ea asmatzen duzun zeintzuk diren garai bati dagozkionak, eta zeintzuk egungoak.