2015/05/23

Minorraren inguruko feedbacka

Ingeleseko ahozko azterketa taldeko eztabaida bat izan zen, gure irakasleak entzule lanetan zeudela. Guri jarri ziguten gaia Minorraren inguruko feedbacka ematea izan zen. Beno, egia esan, borobilean eseri eta Minorrari buruz ordura arte esandakoaz gain beste ezer gehitu nahi ote genuen galdetu zigutenean galdera izotzaldia urtzeko sarreratxo bat zela ulertu nuen, eta "benetako" azterketako proba ondoren etorriko zela uste nuen.

Gauza da ez nintzela oso gustura geratu eztabaidaren emaitzekin. Ikasleon aldetik feedback negatiboa egon zen ia bakarrik, eta esan zen gauza positibo bakarrari heldu eta hori pixka bat landu beharrean, segituan eman zitzaion buelta alde txarra bilatzeko.

Gure irakasleek ez zuten ia hitz egin, guk hitz egiteko momentua zela adierazi zigutelako. Irakasleen artean gure iritziek izan zuten harrera argitzeko, haien hitz batzuk ekarriko ditut hona. Ez ditut hitzez hitz gogoratzen, baina honelako zerbait izan zen:
A: Tira, ba zuen kexa horiek guztiak idatzi egin beharko zenituzkete eta "B"-ri bidali - ezkerrean zuen irakasleari zuzenduz - zuzendaritzako taldeko kidea baita.
B: Beno, agian "A"-ri bidali beharko zenizkiokete, bera baita Minorreko zuzendaria.
A: Zuzendaria ez, koordinatzailea.

Hori guztia irribarreen artean esan bazen ere, iruditu zitzaidan ez zuela lagundu ikasleon eta irakasleen arteko harremana hobetzeko eta konfiantzazko giroa sortzeko. Agian orain ez dauka horrenbesteko garrantzirik, ez baitugu ia elkar ikusiko hemendik aurrera, baina ez ninduen ondo sentiarazi, hala ere.

Behar bada feedbackaren inguruan dudan iritzia lanean partaidetza prozesuak dinamizatzetik datorkit. Hain da nabarmena jendearen artean aurpegira botatako gauza negatiboak positiboak baino gehiago direnean prozesuak emaitza garratzak izango dituela, unibertsitateko eragileen arteko harremanak ere arreta berarekin behatzen ditudala, eta antzeko jarrerak ikusten ditut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina